Alfonso Gómez. Piano-jolea: Uneoro musika entzutearen ondorioz hutsal bihurtu dugu soinu-fenomenoa

2011-02-25

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Elkarrizketa irakurtzen hasi baino lehen gomendio bat: sakatu play bideoan eta piano-jole gazte honen musikarekin liluratu eta harrituko zarete. Gasteiztarra da, baina Freiburg-en (Alemania) bizi da 2001. urteaz geroztik, piano-ikasketekin jarraitzeko bertara joan zenetik, alegia. Handik erantzun dizkie Alfonso Gomezek gure galderei.

Bost urterekin hasi zinen pianoa jotzen. Gogoratzen al duzu zerk bultzatu zintuen musika-tresna hori aukeratzera?

Hiru anai-arreben artean gazteena naiz. Gurasoak oso musikazaleak dira, eta betidanik oso arduratuta egon dira gure heziketa zela eta. Musikaren munduan sartu gintuzten, eta batez ere pianoarenean. Beraz, naturala izan zen familia osoak jotzen zuen musika-tresna aukeratzea.

Lehen urte haietaz oroitzen dut pianoaren bidez, nolabait, nire emozioak bideratzen nituela. Izan ere, txikitan oso barnerakoia nintzen eta gizarte-harremanak zailak zitzaizkidan.

Foto: Nam Soo Baek.

Ez da erraza zu iritsi zaren tokiraino heltzea. Lanari eskainitako ahaleginaz eta dedikazioaz gain bidaiatzea ere egokitu zaizu: Gasteizen, Rotterdamen (Herbehereak) eta Freiburgen (Alemania) ikasi duzu. Ildo horretan, ahalegin berezia egin behar izan duzu zuk eta baita zure familiak ere, ezta?

Bai, nire familiarentzat sekulako ahalegina izan da eta inoiz ez diet nahikoa eskertuko eskaini didaten erabateko laguntza. Ikasten ari nintzela hainbat beka jaso nituen, baina ez ziren nahikoa eta gurasoak beti izan ditut hor, laguntzeko prest, nahiz eta beti ez den erraza izan. Koreako atsotitz batek dio: “Dirua berehala xahutu nahi baduzu zoaz kasino batera; poliki-poliki egin nahi baduzu utzi seme-alabari musika ikasten”. Dena dela, gurasoei eta anai-arrebei batez ere eskertzen diet gehien gustatzen zaidana ogibidetzat hartzen utzi izana eta bidean nire ondoan egon izana.

Nik neuk egin beharreko ahaleginari dagokionez, betidanik gauza jakina izan da niretzat. Egiten duzuna benetan maite duzunean edozein ahalegin txikia dela uste dut. Baina hasieratik argi izan dut amets bat baduzu garesti ordaindu behar duzula egia bilakatzea. Hesiodok esana da: “Arrakastaren aurrean, jainkoek izerdia jarri zuten”.

Zure lana medio mundu osoa ezagutzeko aukera duzu. Errezitaldiak eskaini dituzu, besteak beste, Frantzian, Belgikan, Herbeheretan, Austrian, Italian, Estatu Batuetan, Taiwanen, etab. Alde handia al dago bateko eta besteko publikoen artean?

Bai, noski, toki bakoitzeko publikoa berez mundu bat da. Txalo egiteko moduan igartzen da, eta hori publikoak bere iritzia adierazteko erabiltzen duen komunikatzeko modua besterik ez da. Normala da komunikazio-modu hori era batekoa edo bestekoa izatea herrialde bakoitzaren kulturen eta ohituren arabera.

Errepertorioa aldatzen al duzu herrialdearen arabera?

Herrialdearen arabera bakarrik ez, kontuan hartzen ditut baita hiria eta aretoa ere. Auditorio bakoitzak bere gustua du, bere publikoa eta mota jakin bateko musika-programazioa, eta horietara egokitu beharra dago.

Gaur egun Freiburgen bizi zara, Alemanian. Ezinbestekoa al da atzerrira joatea prestakuntza osatzeko eta arrakasta izateko?

Ez dut uste. Egun lehen mailako eskolak eta irakasleak daude gure herrian, baina era berean esan beharra dago Alemania dezente aurrerago doakigula musika-hezkuntzari eta interpretazio-mailari dagokienez.

Foto: Nam Soo Baek.

Sei CD grabatu dituzu, azkena goitik behera Felix Ibarrondoren pianorako lanekin osatua. Zer transmititzen dizute Ibarrondoren musika-lanek?

Beste sortzaile batzuen artean maiz ematen ez den ezaugarria du Ibarrondoren musikak: egilearen beraren kutsua du, ez beste inorena. Gauza jakina dirudi, agerikoa, baina ez da hala, eta musika-lan bat entzuten duen edozeinek, dela antzokian dela museoan, badaki zein zaila den horri buruzko iritzia ematea esan gabe “urlia gogorarazten dit” edo “berendiaren estiloa du”. Alde horretatik, Ibarrondoren lana erabat pertsonala eta paregabea da.

Horrez gain, bere musikak indar handia du eta adierazteko gaitasun aparta; lanen egiturak, argiak eta zehatzak izan arren, inoiz ez dirudite hotzak edo intelektualak, organikoak eta bizidunak baizik. Transmititzen duenari dagokionez, Ibarrondok berak sarritan aipatzen du bere lana hitzez azaltzea zaila edo ezinezkoa dela, baina niri iruditzen zait haren musikan doinuak borroka egiten duela nolabait ongiaren eta gaizkiaren edo zeruaren eta infernuaren arteko dikotomian.

2011ko agenda beteta duzu mundu osoan eskainiko dituzun emanaldiekin. Noiz entseatzen duzu? Zure mailako piano-joleak zenbat ordu ematen ditu egunean entseatzen?

Pianoak dedikazio handia eskatzen du eta garai batean egunero 8-10 orduz entseatzen nuen. Denborarekin ikasi dut batzuetan gutxiago gehiago dela, eta gaur egun 6-7 ordu ematen ditut. Horri analisi-denbora, irakurketarena, programak osatzearena eta abar gehitu behar zaio. Gainontzean ez ditut lanegunak eta jaiegunak bereizten, nire asteak 7 lanegun ditu, eta gehien jota, bi astean behin egun bateko atsedenaldia hartzen dut. Oporrak neurrian.

Mozart, Beethoven, Brahms edota Ravelen lanak biltzen ditu zure errepertorioak, baina baita hurbilagoko beste musikagileenak ere, hala nola, Zuriñe Fernandez Gerenabarrena, Luis de Pablo, Gabriel Erkoreka edota Ramon Lazkano. Nola aukeratzen dituzu lanak? Zer transmititu behar dizute?

Lehenik esan nahi dut oso zaila izan dela nire egitarauetan estiloen gama zabalari eustea, izan ere, gaur egungo joera espezializazioa da eta badirudi publikoa etiketa jartzeko zain duzula. Beraz, “jostuna jostera eta okina labera”. Hau da, Boulez jotzen baduzu badirudi ezin duzula Chopin ondo interpretatu eta alderantziz. Ildo horretan jende askok uste du musika garaikidean espezializatu naizela, azken aldian asko landu dudan errepertorioa delako, baina hori ez da horrela, inolaz ere. Nire gustuak eta interesak askotarikoak direnez, bilatzen, lanean eta estilo askotako lanak nire errepertoriora egokitzen jarraitzeari garrantzitsua deritzot. Gai honetaz ari garela, eskerrak eman nahi dizkiot Alfonso Garcia de la Torre musikagileari, euskal musikagileen lanak zabaltzeko hainbat proiektutan lagundu nauelako eta une zailetan laguntza eskaini didalako.

Lanen aukeraketari dagokionez, oso zaila da prozesua laburbiltzea, baina orokorrean balio handia ematen diot musikagilearen osotasun artistikoari (berdin da zein garaitakoa den), harentzat artelana helburu izan dadila, eta ez arrakasta lortzeko bitarteko.

Barrokoa, klasizismoa, musika garaikidea, abangoardiakoa… zeinek gogobetetzen zaitu gehien?

Galdera zaila. Era batera edo bestera estilo guztiek gogobetetzen naute, batzuk alde emozionaletik eta beste batzuk alde intelektualetik. Biak batera gertatzea ezin hobea da: “Pentsamendua sentitu eta sentimendua pentsatu”, zioen Pessoak. Azken klasizismoa, erromantizismoa (batez ere alemana) eta inpresionismoa aukeratuko nituzke kasu horretan, baina berriro diotsut, estilo guztiek garrantzi bera dutela uste dut.

Zure ibilbide profesionalean zer duzu gustukoen? Zerk gogobetetzen zaitu batez ere?

Gauza askoren arteko uztarketa dela esango nuke: egunero maisulanetan murgiltzeko pribilegioa izatea, eszenatokian garrantzitsua den zerbait transmititzea, nire lan-denbora nahierara antolatzeko askatasuna izatea, bidaiatzeko eta askotariko kulturak ezagutzeko aukera...

Eta aisialdian, zer nolako musika atsegin duzu entzutea?

Musika klasikoa eta noizean behin jazz apur bat. Errespetu handia sentitzen dut azken horrekiko. Dena den, aitortu behar dut mota guztietako giro musikaren aurka nagoela. Nire ustez, uneoro musika entzutearen ondorioz (dendetan, bulegoetan edota merkataritzagune handietan) hutsal bihurtu dugu soinu-fenomenoa. Musikak gure errespetu eta kontzentrazio osoa eskatzen du, eta gizarteak benetan arretaz entzungo balu, seguruenik musika-gustuak asko aldatuko lirateke. Happy new ears, John Cage aipatzearren.

Hainbat sari jaso dituzu zure lanagatik. Zer nolako garrantzia ematen diezu nazioarteko aipamenoi?

Ez diet ia garrantzirik ematen. Garai batean, nire buruarengan segurtasun handiagoarekin lanean jarraitzeko lagungarri izan ziren, baina gaur egun anekdota hutsa dira nire oroimenean. Benetan kontuan hartzen dudana eguneroko lan gogorra da, eta horretan gogobetetasun pertsonala lortzen saiatu behar dugu.

Lotutako artikuluak:

La obra completa para piano de Félix Ibarrondo

Stefano Russomano Alfonso Gomez (Gasteiz, 1978) Gasteizen jaio zen 1978. urtean, eta bost urte besterik ez zituela hasi zen pianoa jotzen. Gasteizko “Jesus Guridi” kontserbatorioan ikasi zuen Patricia Escudero eta Albert Nieto irakasleekin, eta goi mailako “Ohorezko Saria” lortu zuen graduatzean. 1997tik 2001era Rotterdameko (Herbehereak) kontserbatorioan egin zituen ikasketak Aquiles delle Vigne irakaslearekin, Arabako Foru Aldundiaren beka medio. Ikasketa horiek ere nota gorenekin burutu zituen. 2001etik 2004ra bitartean Tibor Szasz izan zuen irakasle Freiburgeko (Alemania) “Musikhochschule” kontserbatorioan, eta bertan, “Ohorezko Matrikula” eskuratu zuen bakarlarien mailan. Hainbat errezitaldi eskaini ditu Espainian, Frantzian, Belgikan, Herbeheretan, Austrian, Alemanian, Italian, Ukrainian, Estatu Batuetan, Mexikon, Taiwanen eta Hego Korean. Orkestra ospetsuekin aritu izan da bakarlari-lanetan, hala nola, Frankfurteko Filarmonikoa (“Oder”), “Euro-Asian Philharmonic”, Europako Orkestra Sinfonikoa, “Rotterdam Young Philharmonic”, “Orkest van Utrecht”, “Aita Donostia” Ganbera Orkestra, “Musikhochschule Orchester Freiburg” eta “Gyeonggi Philharmonic”. Era berean, zuzendari izan ditu, besteak beste, Roy Goodman, Jurjen Hempel, Nanse Gum, Juan Jose Mena, J. Kaell edota Scott Sandmeier. Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan 11 sari jaso ditu, horien artean lehen sariak Pariseko “J. Françaix”, “Gernika Hiria”, Cartagenako “Alter Musici” eta Soriako “Gerardo Diego” lehiaketetan. Rotterdamen “Erasmus Kamermuziekprijs 1999” saria eman zioten. Alfonso Gomezen errepertorioa zabala da, barrokotik hasi eta musika garaikidera artekoa. Musikagile garaikide askoren lanak estreinatu ditu, horietako batzuk berarentzat propio egindakoak. Orain arte 6 CD grabatu ditu, EROL, Ad Libitum eta Sinkro Records disketxeekin, eta hurrengo diskoan C. Debussyren 24 Preludioak bilduko ditu. Espainiako, Herbeheretako, Alemaniako eta Hego Koreako irrati eta telebistetan sarritan eskaini dituzte bere emanaldiak eta grabazioak (Espainian, esaterako, RNE 2, Madrilgo Círculo de Bellas Artes, etab.). 2001. urtetik Freiburgen (Alemania) bizi da. http://www.alfonsogomez.de
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Iñigo Arregi. Eskultorea: Sortu gabe ez dut bizitza ulertzen, ez harremanak, ez ezer

 

Irakurri

Iñigo García Odiaga. Arkitektoa: Iruditzen zait arkitektura artetzat definitzea arriskutsua dela

 

Irakurri

Karmele Artetxe Sanchez. Historialaria: Nahiko fenomeno normala da unibertsitatean egotea eta lukuru asmorik gabeko erakundeetan parte-hartzea

 

Irakurri

Andres Illana. Arabako Ekologistak Martxan taldeko bozeramailea: Gasteizko hazkunde urbanistikoa neurriz gainekoa da

 

Irakurri

Oskar Tejedor. Gidoilaria eta errealizadorea: Zaintzaileak dira historia honetan nabarmen ahaztuta gelditu direnak

 

Irakurri