Gurutz Jáuregui. Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna: Humanitateak eta Gizarte Zientziak jorratzen ez dituen mundua gaixorik dagoen gizateria da

2015-07-01

AGUIRRE SORONDO, Juan

ZURUTUZA ZAPIRAIN, Juanmari

Gurutz Jáuregui Zuzenbide Konstituzionaleko aditua, Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna da. Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreordea izan da, Zuzenbide Fakultateko Dekanoa, eta Zuzenbide Konstituzional eta Administratibo Saileko zuzendaria.

Jauregi irakaslearen ustez, iraultza teknologikoak harreman politikoen inguruan eredu berri bat eratzen ari al da, askatasun eremua areagotuz? Edota ziberdemokrazia bera irudipen postmodernoa besterik ez al da?

Beno, nik uste dut oraingoz, une honetan iraultza teknologikoak eredu berria eratzen ari dela, baina ez harreman politikoen inguruan, aitzitik harreman ekonomikoen arloan eta batez ere finantza harremanen esparruan. Hau da, kontrakoa gertatu da, politika une honetan zaharkituta geratu baita. Ez da egungo politikara moldatu eta egun ditugun erakunde politikoak batez ere, guztiz lekuz kanpo daude. Ez dira gai izaten ari errealitate eta erronka berrietara moldatzeko, hau da, iraultza teknologikoak eragiten dituen arazoetara moldatzen.

Zentzu horretan, ez dut uste harreman eredu berririk eratu denik, une honetan ez dago harreman politikorik. Politika bera ekonomia, teknologia eta finantzen menpe geratu da erabat eta, horrela, gutxieneko duintasuna duten harreman politikoak erdiestetik urrun gaude. Beraz, egungo egoerarekin bat ez datozen izaera orokorreko harreman politikoak ez baldin baditugu, nekez hitz egin genezake harreman politikoen hobekuntzaz edota horien demokratizazioaz. Horrela izanik, zentzu horretan nik esango nuke politikak berak atzera egin duela ekonomiaren aurrean. Irtenbidea, zein izan daiteke? Irtenbidea zera litzateke: kontuan izanik ekonomiak berak eta teknologia, finantza eta ekonomia inguruko korporazioek aurrera egin dutela edota mundu mailako jokabideak garatzen dituztela, ezinbestekoa da lehenbailehen mundu mailako erakunde politikoak eratzea, halako jokabide ekonomiko eta finantzarioak kontrolatzeko gai izango direnak alegia. Adibidez, une honetan funtsezkoa da Europar Batasuna indartzea, Europa mailan Erakunde orokorra bihur dadin, iraultza teknologikoak eragiten dituen erronka eta arazoei aurre egiteko gai izan dadin.

Bigarren galdera horri helduz, ziberdemokraziaren kontua alegia..., gauza asko esan dira horren inguruan eta nolabait jendeak onartu egin du Interneten sorrerak berak harreman politiko parekatuagoak, demokratikoagoak ahalbidetzen dituela. Baina hori ez da egia, edo ez da guztiz egia. Interneti, edo sareari esker, hainbat protesta ekitaldi eta taldeen sorrera errazagoa bilakatu da, abiada bizian edonon hedatzen direlarik. Beraz, izugarrizko eragin biderkatzailea daukate. Hori oso garrantzitsua da eta aldi berean positiboa. M15eko fenomenoa edota antzekoak, Wall Street-eko esaterako, sareari esker sortu eta hedatu dira. Hori guztia positiboa da baina protesta horren sorrera edota hedapenari dagokion heinean. Baina protesta ekimen horretatik abiatuz zerbait positiboa egituratu nahi denean, nolabaiteko antolamendua, erakundeak osatuz korporazio handien jarduera kontrolatzearren, orduan Internetek oso aukera gutxi eskaintzen ditu. Arrazoia oso sinplea da, berez Internet bera korporazio handi horien eskuetan baitago. Gaur egun, teknologiaren ikuspuntutik, badakigu zein diren munduko nagusiak, hau da, .com enpresak, Google, Facebook eta abar. Argi dago beraiek jarduera kontrolatzen dutela baina ezin dute protesta bera kontrolatu hiritarrengandik sortzen baita, baina halako protestak izan ditzakeen ondorioak kontrola ditzakete.

Azelarazioaren dinamika hori, bizi dugun garaiaren ezaugarria alegia, politikaren aurkako mehatxua bezala ageria da: gizarteak ez dauka maniobrak egiteko gaitasunik “bizkorrenen” aurrean. Nola hartu dezakegu halako sinkronia eza?

Fenomeno hori une honetan gertatzen ari den zerbait da, azken 30 edo 40 urtetan barrena mundu osoa mendean hartu duen fenomenoaren ondorioa da, hau da, globalizazioa. Gure etxeetan sartu da eta ia familiartekoa dela esan daiteke. Mundu guztiak globalizazioaz hitz egiten du, alor guztietan, une oro. Gaur egun, globalizazioa hitza erabiltzen dugun hainbat eta hainbat arlotan, besteak beste, ekonomia, finantzak, kultura, informazioa eta abar. Nire ustez, funtsean globalizazioak dakarrena zera da, espazioa eta denboraren erabateko aldaketa. Horrek zera esan nahi du, arazoak mundu mailan sortu, landu eta konpondu behar direla. Beraz, ihes egiten duten arazoak lirateke. Berez, tokian tokiko, lurraldeko edota herrialdeko arazoak izango ditugu beti baina horiekin batera arazo handiak sortu dira, eta funtsean arazo larrienak mundu mailakoak dira. Klimaren aldaketa, zelula amen kontua, mundu mailakoak diren beste hainbat kontu. Zentzu horretan, esan dudan bezala, globalizazioak espazioaren erabateko aldaketa dakar, baina horrekin batera denboraren erabateko aldaketa suposatzen du. Eta horren bitartez galderari erantzun nahi diot, gaur egun gauza guztiak abiada bizian baitoaz. Abiada bizian gertatzeaz gain, berehalako ondorioak eragiten dituzte. Hau da, une honetan bertan, ordu honetan eta minutu honetan gertatzen ari den edozein gertakariak, munduko edozein herrialdetan, mundu osoan ondorioak izan ditzake eta izango ditu, berehalako ondorioak alegia.

Lehen, gertakariren bat nonbait gertatzen zenean, Erdi Aroan esaterako, hilabete barru, bi hilabeteen buruan edo urte osoa igaro ostean ondorioak izan zitzakeen. Aro modernoan aste baten buruan ondorioak izan zitzakeen, edota horren berri emateak zenbat denbora ematen zuenaren arabera. Gaur egun, berriak zuzenean gertatzen dira. Lurrikara, gerra gertatzen bada, zuzenean eskaintzen dute. Beraz, denborak erabateko aldaketa jasan du.

Hori guztia dela eta, galderan aipatzen duzun bezalaxe, azelerazio dinamika gertatzen da. Aldi berean, funtsean estatuen inguruan eratuta dauden erakunde politikoek ezin diote azelerazio prozesu horri aurre egin, denboraren aldaketa horri alegia. Eta zein dira erantzun bizkorra emateko gai direnak, arazoei ziztu bizian aurre egiteko? Teknologia inguruko korporazio handiak, betez ere, informazio hedabideak, ekonomia korporazio handiak, finantza munduko korporazioak eta abar. Sare bakarra balira bezala jokatzen dute, mundu osoan barrena hedatzen den sare multzoa, bertan berehalako informazio pribilegiatua dutelarik.

Horren ondorioz, estatu nazionalek eta erakunde politiko demokratikoek teknologia, ekonomia edota finantza munduko korporazioaren aurrean desabantaila izugarria daukate. Adibidez, gaur bertan nolabaiteko berriren bat sortzen bada Greziaren zorraren ordainketaren inguruan, Europar Batasuna uzteko behartuta egongo balitz, edota Europar Batasuneko krisialdia areagotuko balitz, .... berri hori gaur egun goizeko hamarretan gertatzen bada, une berean berehalako ondorioak izango ditu mundu osoan barrena. Beraz, azelerazio prozesu hori ezin da geratu, eta ezin da kontrolatu, demokratikoagoa bilakatu edo egituratu, erakunde politikoek ez direlako hori bideratzeko gai. Ondorioa: gaur egun ekonomiaren nagusitasuna politikaren aurrean erabatekoa da, finantza eta ekonomiako indar nagusiak erakunde politikoen aurrean alegia. “Nire ustez, funtsean globalizazioak dakarrena zera da, espazioa eta denboraren erabateko aldaketa”.

Finantza eta ekonomia korporazio handien helburuak ez dute inolako zerikusirik erakunde politiko demokratikoen xedeekin. Demokraziaren helburu nagusia gizakiontzat berdintasun eta askatasun maila handiena erdiestea da. Ekonomia eta finantzaren xedea ahalik eta etekin handiena erdiestea da, negozioen garapenean goreneko eraginkortasuna eskuratzea, berdintasuna, justizia eta beste edozeren gainetik.

Horren ondorioz, une honetan bizi dugun munduan ezberdintasuna areagotu egin da, bidegabekeriak ugariagoak dira eta azken 20 edo 30 urteotan askatasuna murriztu egin da, erakunde politikoek ezin izan dutelako finantza jardueren mugagabeko ekimen horiek, askotan guztiz basatiak, murriztu eta mugatu. Politika eta ekonomiaren artean izugarrizko desfasea dago.

Ezinbestekoa eta premiazkoa erakunde politikak egoera berri honetara moldatzea, ekimen ekonomia kontrolatzeko gai izango diren baliabideak finkatzearren. Irtenbidea? Estatu nazionalak jada ez dira gai halako arazoei erantzuna emateko. Pertsonalki, ez Espainia, ez Frantzia, ezta Alemania ere, ez dira gai galdera horiei erantzuna emateko. Nork erantzun behar ditu galdera horiek? Erakunde politiko berriek, estatuen gaineko erakunde politiko berriak, baita mundu mailakoak ere, finantza eta ekonomia inguruko indar nagusi horien ekimenak kontrolatzeko gai izango direnak alegia. Eta hor Europar Batasunaren papera funtsezkoa izan beharko luke. Ezinbestekoa da Europar Batasunak indarra hartzea, Europako estatuek Europar Batasunaren alde egin dezatela, estutuek ezin baitituzte arazo horiek konpondu eta Europar Batasunak bai, indar gehiago izango luke, baina ez erabatekoa arazo guztiak konpontzeko adina alegia. Hauxe da une honetan politikak bizi duen krisi nagusia.

Zure ustez, intelektualek demokrazia onera ekartzearren lagundu egin dezakete politika jardueratan esku hartuz?

Hori politika jarduera zer den zehazten dugunaren arabera. Horrek suposatzen badu intelektualak politikariak bilakatu behar direla, nik uste dut orain arte bideratu diren esperientziak ez direla batere positiboak izan. Eta arrazoia oso sinplea da, politikarien xede nagusiak intelektualen ekimenen helburu, erritmo eta jokamoldeetatik ezberdinak dira. Politikariak eraginkortasuna nahi du, politikari onak etengabe sortzen diren arazoei irtenbideak eskaini nahi dizkie. Intelektualak aldiz, zera egiten du, bere xede nagusia egia erdiestea da. Beraz, politikariaren eta intelektualaren helburuak ez datoz bat edota ez dute zertan bat etorri beharrik. Normala denez, hainbat kasutan ez datoz bat. Esaterako, Max Weber-ek XX. mendearen hasieran politikariek eskuratu nahi duten eraginkortasunaren inguruko etika eta intelektualek bilatzen duten egiaren inguruko etikaren arteko ezberdintasuna azaldu zuen. Beraz, galderak zera jakin nahi baldin bazuen ea politikaria bilakatu den intelektualak demokrazia bere onera ekartzen lagun zezakeen, oro har nik esango nuke ezetz.

Beste gauza guztiz ezberdina zera litzateke, intelektualek euren liburu, pentsamolde, iritzi eta abarren bitartez demokrazia onera ekartzen lagundu dezaketen. Zentzu horretan, zoritxarrez, arlo horretan eragin izateko intelektualen adorea eta gaitasuna oso urria da, historiako beste garaietan baino askoz murritzagoa. Adibidez, Ilustrazio garaiko filosofo handiak, edota XIX. mendeko edota XX. mende hasierako filosofo handiak, eragin askoz handiagoa izan zuten, agur egun dutena baino askoz handiagoa alegia. Oro har filosofo hitza erabiltzen dut, baina filosofoak, politologoak, legelariak, eta abar esan nahi dut. Une honetan, abiaduraren kontu hori dela medio, denboraren erabateko aldaketaren ondorioz, gaur egun baldintza guztiak intelektualek nolabaiteko eragin izan dezaten oztopatzen dute. Intelektualak atsedena behar du, pentsamolde sakona finkatzeko denbora behar da, gauza hauek guztiak lasaitasunez hartu behar dira. Baina politika ziztu bizian doa esan dugun bezala.

Gaur egun ikusten ari garen fenomenoa benetan tamalgarria da. Gaur egungo sistema demokratikoetan ikusten ari naizena benetan penagarria da, bereziki Espainiako kasuan eta Espainia esaten dugun bezala, baita Euskal Herrian ere. Eleketariaz ari naiz. Niri ustez figura hori benetan tamalgarria da. Pertsonak dira, eta errespetu osoa merezi dute... Bueno, lehenik eta behin eleketaria eta jantzita dagoen gai zehatz baten inguruan hitz egiten duen aditua bereizi nahiko nituzke.... Adituak nire errespetu osoa dauka, ondo edo gaizki, bere asmo onenarekin ari baita. Baina eleketaria aldiz, gizonezkoa edo emakumezkoa izanik, 5 minuturen buruan edozein gairen inguruan aritzen da hizketan, zelula amak, Marteko konkista, abortua, eta abar. Pertsona horiek ari dira funtzio hori betetzen, hau da, beraiek dira iritzia sorrarazten dutenak eta gaur egun sistema demokratikoetan gertatzen ari den fenomenorik tamalgarriena iruditzen zait, baita geure kasuan ere. Telebistako programak ez hitz egiteagatik, benetan ikuskizun lotsagarria eskaintzen baitute, oro har. Berez denetatik dago, baina gaur egun oso zaila da telebistako kate batean gutxieneko duintasuna, lasaitasun eta hausnarketa erakusten duen programaren bat topatzea. Eta zentzu horretan, intelektualen gaitasuna bizitza politikoa eta demokratikoa ahalbidetzeko gero eta murritzagoa da. “Une honetan bizi dugun munduan ezberdintasuna areagotu egin da, bidegabekeriak ugariagoak dira eta azken 20 edo 30 urteotan askatasuna murriztu egin da”.

Gogoan dugu 2003an Eusko Ikaskuntza - Euskadiko Kutxa Saria jaso zuenean, Gizarte Zientziak eta Humanitateen aldeko dei sutsua aditzera eman zenuela, ikerlan teknologikoen adinako arreta eskatuz, edo are handiagoa”. Ez dirudi azken urteotan gauzak hobera egin dutenik. Hezkuntza eta ikerlan egitasmoetan giza jakinduriak baztertzearen inguruan zer nolako diagnosia egin dezakezu?

Tira, egoera penagarria da. Goi honen inguruan hitz egitea ez da samurra izaten. Nik gizarte zientzien eta humanitateen alde egin dudan bakoitzean norbaitek beti zera esan dit: Baina zuk zer nahi duzu, iraultza teknologikorik ez gertatzea, teknologian hobekuntzarik ez ematea? Ez, ezta gutxiago ere. Nik zentzu guztietan iraultza teknologikoa miresten dut, eta gainera uste dut zientzia gogorretan, hau da, fisika, kimika edota matematikan baliabideak erabiltzea guztiz funtsezkoa da. Osasunari begirada botatzea besterik ez dugu behar, 30-40 urteotan pertsonen bizi-itxaropenaren bataz bestekoa 80-85 urtekoa da. Edo fisika eta kimika alorrean lortzen ari diren aurrerapen handiak, horiek ere benetan izugarriak dira. Eta nik horrelakoen aurrean benetan txundituta nago eta aldi berean pozik. Beraz, zentzu horretan, iraultza teknologikoaren alde egiten jarraitu behar dugu, zientzia puruak, zehatzak, gogorrak landuz, baina ez Gizarte Zientziak eta Humanitateak alde batera utzita une honetan gertatzen ari den bezala.

Gaur egun, bai, une honetan berriro jorratu behar ditugu baloreak, etika, printzipio nagusiak, galdera sakonak, gizakiak buruan dauzkan zalantza handi horiek. Mundu osoan bizi dugun egoera aintzat hartzen badugu, nonahi gertatzen ari diren ezbeharrak topatzen ditugu. Munduan barrena bizi ditugun arazo gehienak gizakiak berak sortutakoak dira (gerrak, lekualdatzeak, asiloa, etorkinak, eta abar), gizarte zientziak eta humanitateen arloan ageri eta azaltzen diren balore etiko handi horien ezaren ondorioz sortutako arazoak askoz gehiago dira naturak berak eragindakoak baino. Hau da, gaur egun gerrek lurrikarek baino askoz ere kalte handiagoak eragiten dituzte. Teknologiak izugarrizko aurrerakada izan du eta zentzu horretan, teknologiari esker gaur egun natura menperatzea edo kontrolatzea lehen baino askoz errazagoa da, eta hau ere oso positiboa da, izugarria, baina aldi berean, oso aurrerapen txikia erdietsi dugu, eta zenbait arlotan atzera egin dugu, errespetuari so eginez gero, gizakion funtsezko baloreei dagokienez alegia (askatasuna, berdintasuna, justizia, ...). Gizakion ekimenen ondorioz eragiten diren ezbeharrak eta zorigaitzak askoz gehiago dira naturak berak eragindakoak baino. Horregatik da hain garrantzizkoa gizarte zientziak eta humanitateak berriro jorratzea eta benetan duten garrantzia aintzat hartzea. Noski gaur egun uste nagusia zera da, teknologia alorrean ikerlana garatzen ez duen herrialdea atzeratuta geratuko den herrialdea izango dela, ez duela aurrera egingo. Horrekin bat nator, baina aipamen horri zera gehitu behar diogu, gizarte zientziatan eta humanitateetan itsu geratzen den herrialdea, gaixorik dagoen herrialdea dela. Eta Gizarte Zientziak eta Humanitateak jorratzen ez dituen mundua, gaixorik dagoen mundua dugu. Eta horixe da ikusten ari garena, eguneko egunkariak irakurtze abesterik ez daukagu.

Zure ibilbide intelektualean Europako egitasmo politikoa oso ardatz garrantzitsua izan da. Zure ustez, komunitate demokratiko eta soziala bezala eratzen ez bada, bizirik iraun dezake?

Funtsean erantzuna ezezkoa da, ezin izango du bizirik iraun. Munduko historian barrena, hiru eredu nagusi eman dira antolaketa politikoari dagokionez. batetik, indarrean oinarritzen den eredua dugu, militarren boterean, bere garaian Erromako Inperioak ordezkatzen zuena alegia. Bigarren ereduan, ekonomia, dirua eta merkataritzaren garapenean oinarritzen da, hau da, feniziarren eredua. Hirugarren eredua baloreak, printzipioak eta etika bera oinarritzat hartzen dituen eredua litzateke, batez ere Grezia klasikoan eman zen eredua alegia, historiari so eginez gero. Une honetan, gutxi gorabehera hiru eredu handi horiek ikus ditzakegu. Alde batetik, Erromatarren eredua Iparramerikarren inperioa litzateke, botere militarra, botere ekonomikoa. Feniziarren eredua funtsean Asia hego-ekialdeko herrialdeetan ematen da, eta neurri batean baita Txinan ere, ekonomia, negozioa eta eraginkortasuna lehenesten baitituzte beste edozeinen gainetik. Eta Greziarren eredua, Europar Batasuna sortu zuten fundatzaileen eredua zen, baloreetan oinarritzen zena alegia. Jean Monée-k 50eko hamarkadan Europar Batasun Ekonomikoa sortu zen unearen inguruan halako gogoeta egin zuen. Bere esanetan, Europar integrazioaren helburua ez da estatuak bateratzea, gizakiak baizik. Kasu honetan, gaur egun gizonezkoak eta emakumezkoak bateratzea litzateke, 50eko hamarkadan gizonak bateratzea. Eta hori oso elementu garrantzizkoa da. Beraz, nire ustez Europar Batasuna bereizten duen elementua, Iparramerika eta Asia hego-ekialdeko ereduekin erkatuz gero, eredu soziala izan da. Hau da, estatua zera litzateke, ongizate estatuaren sorkuntza eta garapena. Hiritarren artean ahalik eta berdintasun maila altuena erdiestea helburutzat duen estatua. Beraz, Europar Batasunaren ereduaren ezaugarri nagusia gizarte kohesioa izan da. Europar Batasuneko herrialdeetan desberdintasun maila, bakoitzak berea izanik ere, askoz murritzagoa izan da EEBBetan sumatzen den desberdintasun mailarekin erkatuz gero adibidez, eta Asiako herrialdetan topatzen duguna baino askoz ere txikiagoa.

Gaur egun, gizarte kohesioa ahalbidetzen duen eredu hori alde batera utzi dute eta eredu neoliberala gailentzen hasi da ekonomia, eraginkortasuna, etekinak eta diruaren balioa nagusitu egiten direlarik beste edozeinen gainetik. Eta ondorioak hortxe ditugu begi-bistan. Europar Batasuna oso egoera larria bizitzen ari da krisia dela eta. Berau hainbat arrazoiengatik sortu da, baina funtsean erabateko ezberdintasuna islatzen duen egoerak berak eragin du, azken urteotan ongizate estatuaren bitartez mantendu den gizarte kohesioa apurtu egin baita. Badago oso datu esanguratsu bat, asko aztoratzen nauena, zergatik daude orain Europan lehen belaunaldiko etorkinak ez diren hainbeste gazte? agian etorkinen seme-alabak dira, edo Estatu islamiarrean edota Yihad islamiarrean esku hartzen dute, edo gogoko dute, eta abar. Gazte jende horrek bizi duen egoera zein den kontutan hartu behar da. Euren egoeran ez dute lana lortzeko itxaropenik, familiak apurtuta daude, lan munduan sartzeko aukerarik ez dute ikusten, etorkizun pertsonalik ez dute, ez da euren kultura onartzen, ... hiri egoera narriatuan bizi dira. Lehen ez zen halako haztegirik ematen, duela 20-25 urte ez zegoen horrelakorik, ongizate-estatutua ondo eratuta zegoenean, gutxieneko ordena mantenduz. Gaur egun, ongizate estatua desegiten ari da, argi dagoenez zenbait herrialdetan beste batzuetan baino gehiago. Grezian edo Espainian okerrago dago ekialdeko herrialdetan baino, Suedian edo Danimarkan alegia, baina argi dago horrek azaldu berri dudan egoera eragiten duela. “Gizarte kohesioa ahalbidetzen duen eredu hori alde batera utzi dute eta eredu neoliberala gailentzen hasi da ekonomia, eraginkortasuna, etekinak eta diruaren balioa nagusitu egiten direlarik beste edozeinen gainetik”.

Etor gaitezen “etxera”. Euskal Herriko egoeraren inguruan duzun iritzia jakin nahiko genuke, hemen burutu den esfortzua “giza itxurazko ekonomia” gauzatzearren alegia.

Bueno, egia esateko, neurri batez Euskal Herria, aurreko galderan erantzun dudanari helduz, Eskandinaviako herrialdeetako eredu sozialetik gertu dago. Hiritarren kohesio soziala oinarritzat hartzen duen eredu sozial horrekin bat dator, eredu feniziarrarekin edota Asiako hego-ekialdekoarekin baino. Berez, EAEak izan dituen gobernuek, argi dago abertzaleak izan direla baina baita gobernu sozialistak ere, bere garaian, aukera izan zutenean, nahiz eta krisian egon, oso esfortzu handia egin dute nolabait gizarte kohesioa mantentzeko. giza itxurazko ekonomia mantentzeko alegia. Eta nik uste dut hori funtsezkoa dela. Eta ez da kasualitate hutsa, ETAren kontua alde batera utzita, Euskal Herrian, herrialde edo lurralde edo dena delakoa izanik, delinkuentzia maila beste tokitan baino baxuagoa da, hezkuntza maila handiagoa da, eskola arrakasta ere askoz handiagoa da. Tira, eredu horretatik datozen ezaugarriak dira. Elkarrizketa osoan barrena azaldu dudan kontua litzateke gutxi gorabehera. Hau da, gizarte kohesioa mantentzea funtsezkoa gertatzen da, berau Europar Batasuna osatzean funtsezko elementua izan baitzen eta zentzu horretan nire ustez gobernuek, euskal gobernuek, ondo jokatu dute horri helduz eta gizarte babeserako eredua garatuz. Batez ere hemendik aurrera, benetan argia ikusten hasten bagara azken urteotan bizi izan dugun hain krisi latzaren ostean. Baina euskal gobernuek burutu duten esfortzu horrez gain, denok badakigu zer ari den gertatzen. Sumatzen dugun bezala, haur txirotasuna areagotu egin da, hainbat haurrek ezin dute egunero bazkaldu, benetan tamalgarria den egoera erdiesten ari gara. Baina, nik uste dut, neurri batez, eta mundurik onenean gaudela esan gabe, ezta gutxiago ere, oraindik lan asko egin dugu egiteko... Aurrera egin behar dugu, baina Euskal Herriko egoera inguruko edo ondoko beste lurraldeetan bizi dutena baino hobea da.

Eta azken galdera gure herrialdean sumatzen den kezka biziari eutsiz: zer etorkizuna izan dezake gure bezalako kultura txikiak gero eta bateratuagoa dagoen mundu honetan?

Etorkizuna benetan zaila da. Baina nik ez dut itxaropena galtzen. Hau da, borroka handienetako bat, Europar Batasunaren baitan, une honetan bereziki heldu behar zaion xede nagusietako bat ... Lehen aipatu izan ditu beste hainbat ezaugarriez gain, Europar Batasunaren ezaugarri bereizgarriena kulturen arteko nahastura da, hizkuntzen ugaritasuna, aniztasuna paregabea. Zentzu horretan, Europar Batasuna EEBBetan eta munduko beste hainbat tokitan gertatzen denarekin konparatuz gero oso desberdina da. Beraz, nik uste du xede nagusietako bat, egiteke dagoen ataza hizkuntza eta kultura aniztasunaren garapena laguntzea litzateke, era askotako aniztasun hori alegia. Eta zentzu horretan, egoera hobean gaude. Berez, Europar Batasunaren barruan nazionalitateek, nazioek edo Euskal Herria berak duten onespena ez da behar bezalakoa, eta gauza bera gertatzen da Eskoziaren kasuan, eta gure egoera berean edota gureak bezalako arazoak dituzte bestelako nazionalitateekin. Dena den, bizi dugun hasierako egoera hau munduko beste hainbat tokitan ematen dena baino askoz hobea da. Kontua zera litzateke gai hau jorratzea eta horretarako oso garrantzitsua da kultura, hizkuntza eta euskarazko kulturaren, hau da, euskal kulturaren inguruko kontzeptu dinamikoa izatea. Berez, kulturak eta hizkuntzak moldatzen joan behar dute, ez dira itxita dagoen eta ireki ezin den kutxa batean gorde beharreko “altxorrak”, orduan ez baitute ezertarako balio. Hizkuntza eta kultura nahasi egin behar dira, eguneko bizitzan zehar zikindu egin behar dira, egoera eta errealitate berrietara moldatu behar dira. Eta egoera horretara moldatu eta horri heltzeko gai diren heinean, bizirik iraungo dute. Argi dagoenez, oztopoak ez egotea ezinbestekoa da. Lehenik eta behin, kanpoko laguntza behar da eta laguntzaz gain ... Nik nahiko nuke gure kultura nortasuna mantentzea, gure hizkuntza nortasuna, ... eta uste dut bere horretan mantenduko dela, baina argi dago egoera ez da batere erraza eta borroka handia izango dugu, baina borroka ondo egin behar dugu, lehen azaldu dudan zentzu horretan alegia.Gurutz Jáuregi Bereciartu (Urretxu, 1946) Euskal Herriko Unibertsitateko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna da. Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreordea izan da, eta Zuzenbide Fakultateko Dekanoa, eta Zuzenbide Konstituzional eta Administratibo Saileko zuzendaria. Irakasle bisitaria izan da Europako zenbait unibertsitatetan: Oxford, Erromako Consiglio Nazionale delle Recerche, AEB (Reno, Puerto Rico) eta Latinoamerika (Dominikar Errepublika, Bolivia, Peru, Txile, Brasil eta Mexiko). Gainera, ONUko (UNRISD) zientzia-aholkularia izan da. 14 liburu argitaratu ditu. Eta berrogeita hamar liburu baino gehiagoren argitalpenean jardun du, zuzendari edo parte-hartzaile. Hogeita hamar artikulutik gora argitaratu ditu, gaztelaniaz, euskaraz, katalanez, ingelesez, frantsesez, italieraz eta alemanez. Besteak beste, sari hauek jaso ditu: . 2003an,Eusko Ikaskuntza/Euskadiko Kutxa Saria, Humanitate eta Gizarte Zientzien modalitatean, Euskadiko Gizarte Zientzien eta Humanitateen curriculumik onenari. . 2004an, Euskadi Ikerketa Saria, Giza eta Gizarte Zientzien arloan, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Gizarte Zientzien eta Humanitateen curriculumik onenari emana. . 1995ean, Ana Frank Saria, Giza Eskubideak eta Bakearen Kultura defendatzeagatik. . 1988an, El Correo Kazetaritza Saria. Halaber, finalista izan da zenbait lehiaketatan: 1994an, Anagrama Saiakera Sarian; 1995ean, Saiakera Sari Nazionala; 1997an, Kultura Ministerioarena; eta 2000n, Jovellanos Nazioarteko Saiakera Saria. Jakiunde, Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kidea da.
Compartir
Facebook Twitter Google Whatsapp

ANTERIORES

Daniel Innerarity. Filosofoa: Ona litzateke intelektualek politikan gehiago lagunduko balute

 

Irakurri

Francisco Castilla Urbano. Ideien historialaria: Julio Caro Baroja jakinduria trinkoko gizona izan zen, hori bere ikuspegi pertsonalarekin uztartuz

 

Irakurri

Arantxa Urretabizkaia. Idazle eta kazetaria: Euskal literatura bere historia osoan egon den momenturik hoberenean dago

 

Irakurri

Adelaide Daraspe. Euskaldunak Quebeceko lehendakari ohia: Lan handia egiteko gelditzen da munduko eta Euskal Herriko euskaldunak hurbiltzeko

 

Irakurri

Jesus Arzamendi. Euskaltzale, euskaldun berria: Mundu ezezagun bat deskubritu nuen euskararekin

 

Irakurri