Jone Karres Azurmendi. Alardearen seme-alabak dokumentalaren zuzendaria: Klabea izan da sufritu dutenekin enpatia izatea, elkarri entzutea eta ulertzea

2013-09-18

SILLERO ALFARO, Maider

“Alardearen Seme-Alabak” Jone Karresen lehendabiziko dokumentala da. Bertan Hondarribiko eta Irungo alardeetan emakumeen partaidetza dela eta sortutako istiluak aztertzen ditu, hasierako urteetatik gaur arte. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu zen filma aurtengo apirilean, Euskal Herriko zinema aretoetan ere ikusi ahal izan dugu eta egun hauetan Donostiako Zinemaldian, Zinemira Sailean ikusteko aukera ere izango da irailaren 24an eta 25ea

Nola planteatu duzue Alardearen gaia Alardearen seme-alabak dokumentalean?

Zerotik hasi nahi genuen Alardea zer den kontatzen eta horretarako bertako jendeak alardearenganako duen sentimendua azaltzea oso garrantzitsua zen; eta hori transmititu nahi izan dugu hasieran. Ondoren, historikoki zer ospatzen den kontatzen da, eta gero Alardearen konposizioa, hau da, jenerala, gastadoreak, kantineraren rola historian zehar, etab.

Bigarren partean mamian murgiltzen gara emakumeen partaidetza nola hasi zen azalduz: hasierako galdeketak, erakundeekin eta udalekin emandako pausoak, historikoki gertatutakoa, alegia, gatazka hasieratik nola sortu den erakusten da. Urtero-urtero gertatutakoa erakusten dugu EITBko eta Euskomedia Fundazioko irudi artxiboak erabiliz.

Artxiboko irudiak erabiltzeaz gain, azken bi urteotan ere bertan izan zarete grabaketak egiten, bai Irunen bai Hondarribian ere.

Alde batetik, kronologikoki erakusten dugu 1996. urtetik, gatazkaren hasieratik, 2000. urtera arte zer gertatu zen. Lehenengo urte haiek oso gogorrak izan ziren eta esango nuke primeran irudikatzen dela gertatutakoa. Bestalde, oso garrantzitsuak izan dira protagonistekin egin ditugun elkarrizketak: Jaizkibel Konpainiako kapitainekin, Ixabel Alkain eta Garoa Lekuonarekin, Irungo Alarde mistoaren jeneralarekin, Ainhoa Ruiz de Arbulo eta euren (guztien) senideekiko solasak, hau da, arazoa gertutik sufritu duten horien lekukotza jaso dut. 2011. eta 2012. urteetan, gainera, Alardearen egunetan bertan egon gara grabaketak egiten. Beraz, bai prozesua eta bai egungo momentua erakutsi nahi izan ditugu, sinkronia eta diakronia, perspektiban ere ipiniz arazoa konpontzeko egon daitezkeen aukerak.

Egia da hasierako urte haietako tentsioa oso ondo jasotzen duela ikusleak. Alardea Irun eta Hondarribiko biztanleentzat oso festa berezia da, barru barrutik bizitzen dutena...

Horrela da. Aldi berean, bertakoek esaten dute kanpokoek ezin dugula Alardearen sentimendua ulertu, baina zalantzan jartzen dut hori. Leku askotan daude festak eta erritualak; adibidez, Donostian danborrada daukagu eta nik oso barruan sentitzen dut. Egia da ez dela festa berdina, baina herriko festen sentimendu hori badaukagu besteok ere eta horregatik uste dut kanpokook ere ulertu dezakegula nolabait alardearekin duten sentimendua. Aldi berean, alardea errituala da eta funtzio sinbolikoa oso handia dauka. Maggie Bullen antropologoak dokumentalean azpimarratzen duen bezala “ematen du eguneroko bizitzatik guztiz kanpo gelditzen dela errituala, baia lotura oso handia dauka indarrean dagoen orden sozial definitua islatzen baitu, argi eta garbi”. Kulturaren beste ezaugarri komunen artean, gizartearen botere banaketa islatzen dute herriko festetako desfileek, han eta hemen.

Ez dakit bi festak alderatu daitezkeen, baina Donostian 80ko hamarkadan hasten dira emakumeak danborra jotzen lehen aldiz eta egun modu naturalean hartzen dute parte. Zer gertatu da Donostian Irunen, eta Hondarribian gertatu ez denik?

Nik uste dut udalaren papera gakoa izan dela hor. Dirudienez, bere garaian emakumeak danborradetan sartzearen aldeko neurriak hartu zituen Donostiako administrazioak diru laguntzak emanez, esaterako. Gobernuen jarrera eta ekintza politikoak sekulako eragina izan ohi du.

Parte hartze arautze horrekin nolabait pauso bat eman dute eta, nahiz eta hasieran erresistentziak sortu, denborarekin jendea ohitu egiten da. Hemen, Donostian, politikariek berdintasunaren aldeko ardura hartu zuten, eta Hondarribian eta Irunen gaur arte, behintzat, ez da hala gertatu. Kontrakoa izan da, ordea. Pelikulan nolabait ikusten da hori: politikariek eta administrariek ez dute elkarrizketatuak izan nahi. Aurtengo Alardean bertan, Hondarribiko alkateak telebistan esan du Alardearen eguna ez dela manifestaziorako eguna, nahiz eta aurten Jaizkibel Konpainia ez den manifestazio moduan atera. Udalek eta alkateek ez badute laguntzen... oso zaila izango da. Hala ere aitortu beharra dago aurten pausoak eman dituztela. Hondarribian egon naiz eta, tentsioak jarraitzen badu ere, apur bat lasaiago bizi izan da alardeen aurkaritza. Baina arazoak hor jarraitzen du, tamalez, oraindik ez da konpondu.

Azken urte hauek Alardearen seme-alabak dokumentala egiten eman ditu.

Dokumentalean esaten da hemen dagoen arazoa ez dela soilik Irun eta Hondarribiko jendearen arazoa, gizarte osoaren ardura baizik.

Denen artean konpondu beharreko kontua da, parte hartzen dutenen artekoa batetik, jakina, herritarrak, erakundeak, instituzioak, etab. Edozein konponketatan funtsezkoa da elkarrizketa eta borondatea ezinbestekoa da partaideen artean. Horregatik arazoa latza da, parte hartzaile batzuek hitz egin nahi ez izatea. Gure filmean, Xabier Kerexeta historialariak esaten du alardean gertatu dena ez dela arazoa, sintoma baizik: istilu horrek erakusten baitigu zerbait konpontzeke dagoela gure gizartean. Zoritxarrez, zenbaitentzako genero berdintasuna baztertuta gelditzea nahi da, arlo sakratuan edo sinbolikoan. Eta zalantzarik gabe, arazoa beste herrialde eta erritual batzuetan ere gertatzen da. Azken batean, tradizioa eguneratzea dakarren zama da.

Elkarrizketatu dituzuen emakumeak, hau da, lehendabiziko urteetan Alardean parte hartzea erabaki zuten emakume haiek, espero al zuten erabaki hark ekarriko zituen ondorioak?

Inondik inora. Horrelako gauza bat hastean ez duzu hori espero. Gainera parte hartzearen sentimendutik atera zen erabaki hura. Euren herriko jaietan parte hartu nahi zuten eta inork ez zuen sumatu ere nolako ondorioa ekarriko zuen. Inozentzia puntua bazeukaten. Beharbada atzera botako ziren etorriko zena iragarri izan balute, baina hasi ondoren aurrera begiratzea erabaki zuten.

Alarde parekidearen kontra egiten dutenen gehiengoa emakumeak al dira? Hori iruditu zait dokumentala ikustean, behintzat...

Betiko Alardearen alde dagoen José Ramón Otaegik, dokumentalean parte hartu duen “betiko” bakarrak dio hori horrela dela alardearen ikusle gehienak emakumezkoak direlako. Izan ere, gizonezkoek desfilatzen duten bitartean, tradizioz, andrazkoak dira kale espaloietan Alardea ikusten ari direnak. Emakumeak tradizioaren euskarri izan ohi dira. Latza da oso gehiengo bati kontra egitea zure ideologia eta zure bizitzeko modua zalantzan jarri behar dituzulako. Orduan, zer egiten dute emakume eta gizon gehienek? Errazena, betiko moduan jarraitu ingurukoekin istilurik ez izateko. Hortxe dago azalpenaren beste puska bat.

Dokumentalaren kartela.

Familiarteko konfliktoak aipatzen dituzula, dokumentalean erakutsi dituzuen batzuk oso gogorrak dira... Benetan harrigarria da gauza horrela izatea.

Batzuek esan izan dute deklaratu gabeko gerra zibil baten modukoa izan dela, eta horregatik da horren mingarria. Gerra Zibilak lortu ez zuena, adiskidetasuna galtzea eta familiak banatzea, alardearen arazoak lortu omen du eta hori oso gogorra da. Herria banatu egin da. Orain pixkanaka gauzak aldatzen ari dira, baina bada herritik alde egin behar izan duena edota denda galdu duena boikota egin diotelako. Drama pertsonalak dira. Horregatik dokumentalaren protagonistak oso ausartak izan dira halakoak kontatzean bihotzetik hitz egin digute eta bihotzera iritsi zaizkigu. Gainera, kasu gehiago dago.

Kostatu al zaizue dokumentalean parte hartu nahi zuen jendea topatzea?

Betiko Alardearen aldekoekin asko hitz egin dugu, kargu nagusi batzuekin ere eta haien ikuspuntua ezagutu dugu, baina bakarrak nahi izan du dokumentalean agertu. Alarde parekideko bi protagonistekin, berriz, Garoarekin eta Ixabelekin, ez dugu arazorik izan, Kapitainak izanda komunikabideekin hitz egitera ohituta baitzeuden. Gainera, eskertu egin digute, baita Ainhoak ere, beste protagonistak, publikoki hau guztia kontatzeko aukera eman izana nolabait gatazka gizatiartu dugulako, arazoari aurpegia jarri diogulako. Uste dut gizatiartze hori beharrezkoa zela. Eta ez nuen askorik pentsatuko, baina esan didate pertsona batzuk pelikula ikusi eta iritziz aldatu dutela. Jendeari arazoa barrutik ezagutzeko eta iritzi propioa izateko aukera eman diogu eta horrek adierazten dit pelikula egitea merezi izan duela.

Hain zuzen, komunikabideek kritika hori egin dizuete, oso alderdikoiak izan zaretela...

Egia da emakumeen parte hartze berdinaren aldeko iritzi gehiago azaltzen dela. Baina, aldi berean, hori arazoaren adierazgarri ona da. Horrek erakusten baitu gaia nola dagoen. Batzuek ez dute dialogoa edo konponbidea bilatu nahi. Espero nuen horrela ez izatea eta lekukotza emateko jende gehiago lortzea, baina ematen du publikoki iritzia emateko beldur sentitzen direla, haien berdinen artean ere presioa nabaritzen dutelako. Badago alarde bien artean dagon jende asko ere, jakina, tradizionalaren aldekoak direnak baina ez horren sutsuak, edo behingoz lasaitasuna nahi dutenak, gauza normalizatzea. Jende gehienak bakea eta lasaitasuna nahi ditu, eta ez dira posizionatzen, ez alde eta ez aurka. Berez, jai bat da eta alaia izan behar luke, urtean zehar prestatzen duten egun inportanteena, alegia.

Zure lehendabiziko dokumentala al da?

Bai. Laburmetraietan eta beste gauza txikietan parte hartu dut lehenago, baina film hau erronka izan da niretzat. Betidanik egin nahi izan ditut dokumentalak, horregatik alardearen liskarraren berri izan nuenean nire gaia zela pentsatu nuen, gai hauek jorratu izan ditut unibertsitateko ikerketa batean. Erritualak, genero, eta euskal festa tartean izanda erronka polita zen niretzat.

Dokumentala egitearen prozesuan zein izan da gehien kostatu zaizun alderdia?

Jatorrizko ideia neurea izanik ere, talde bat behar nuen dokumentala aurrera eramateko, eta ondoren, taldean neure lana defendatzeko premia sentitu dut. Taldeko lana prozesu luzea izaten da horrelako proiektu batean, urteetakoa, eta ez beti xamurra. Taldean, bakoitzak ideia bat daukanez, negoziazioa ezinbestekoa da prozesuan eta negoziazio guztietan bezala asertibitate puntu bat beharrezkoa izate da.

Bestalde, lekuko bila genbiltzala, oso zaila egin zaigu tradizioaren aldeko jendea inguratzea. Erronka handia izan da eta, tamalez, ez dugu lortu nahi genuen neurrian. Gainera, alardearen gaia politizatu egin da, eta, neure begiekin distantzia batetik ikusita, pena handia hartzen dut ikustean nola Euskal Herrian gai asko politizatzen diren. Eta politizatze horrek ez du askorik laguntzen gatazkak konpontzen.

Madrilen jaioa, Donostian eta Alemanian bizi, hazi eta hezi izan da Jone Karres.

Eta zein ibilbide jarraituko du orain Alardearen seme-alabak?

Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatu genuenetik ari da bere bidea egiten. Hondarribira eta Irunera joan gara pelikula erakustea eta erraza izan ez bada ere, lortu dugu.

Pentsatzen dut pertsona batzuei ez zaiela gustatuko pelikula hau karteleran ikustea. Azken batean ez da gauza atsegina Euskal Herriaren irudi itsusia ematea. Zinema aretoetan egon da jada denboraldi batez. Beste erronka bat izan da dokumentala nazioarteko publiko batentzat ere egitea, Ingelesezko azpitituluak prestatu ditut eta nire asmoa atzerrira eramatea da.

Orain Zinemaldian ikus ahal izango da eta espero dut kanpoko jendeak ere ikustea. Urte askotako lana da eta ez nuke nahi geldirik uztea.

Hasiera batean zein zen dokumentalaren helburua? Zer espero zenuten?

Lehendabizi arazoa ulertu nuen. Hausnarketa egin ondoren arazoari aurpegiak jarri eta gizarteari aurkeztu izan nahi diot. Helburuaren klabea da gatazka sufritu dutenekin ere enpatia izatea, elkarri entzutea eta ulertzea. Horretarako beharrezkoa ikusten nuen arazoak izan zituzten eta dituzten pertsoneei hitz egiteko aukera ematea. Garrantzitsua da enpatia bideratzea. Funtsean pertsonen arteko historiak dira, eta denok gara bestearen sufrimendua ulertzeko gai. Badakit pelikula batekin ez dela gatazka konponduko, baina arazoak argitzeko bide horretan laguntzea badu, bada zerbait, behintzat... Hori zen ideia. Ez da sekula izan morboa sortzea, baizik eta gertatu dena errespetuz kontatzea. Iritzi ezberdinak errespetuz tratatzea genuen helburu eta lortu dugulakoan gaude. Garbi nuen egunkarietako titularren azpian dagoen errealitatea erakutsi beharra, pertsonen bizitzan eragindako mina hurbiletik ikusita ezagutzen baita hobekien errealitate gordina, eguneroko titularretatik haratago joanda.

Eta emaitzetan, begira, bitxikeria batzuk poz-pozik entzun ditut. Horietako bat kontatuko dizut: antza denez, ezezagunak ziren bi pertsona kalean topatu dira eta batak bestea besarkatu du, bat-batean: bietako bat dokumentalean protagonistetako bat zen, eta besteak kalean ezagutu du dokumentala ikusi ondoren, eta, hala, besarkada bat ematea atera zaio sufritu duena jakinda. Ezezaguna izanagatik ere, elkartasuna adierazi dio. Ederra, ezta? Hara, enpatiak eragindako pausu txikiak dira, baina horrela ere aldatzen da historia. Jone Karres Azurmedi (Madril, 1972)Madrilen jaioa, Donostian eta Alemanian bizi, hazi eta hezi izan da Jone Karres. Aita alemana eta ama euskalduna ditu eta alemana, gaztelera, euskara, ingelesa eta frantsesa menperatzen ditu.Soziologia, Arte Zientziak, Ikus-Entzunezkoak eta Alemaniar Literatura Berria ikasi zituen Konstanz-eko Unibertsitatean eta ordudanik hainbat arlotan egin du lan: bai turismo arloan gidari lanetan, bai kazetaritzan, enpresan eta kultura arloetan. 2007 urtetik duela gutxi arte Eusko Ikaskuntzako Jakiunde -Zientzia, Arte eta Letren Akademia-ko idazkari teknikoa, koordinatzailea eta zuzendariondokoa izan da. Jakiundeko lan hori utzi berri du beste proiektu bat abian ipintzeko asmoz. Azken urte hauetan Alardearen seme-alabak dokumentala egiten eman du denbora.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Antxon Aguirre Sorondo. ACEM elkarteko Lehendakaria: 30 urte baino gehiago erroten ikerketari eskainiak

 

Irakurri

Jose Antonio Azpiazu. Historialaria eta antropologoa: Itsas-lehiakide bat gutxiago edukitzeko suntsitu zuten ingelesek Donostia 1813an

 

Irakurri

Alain Xalabarde. Zinemagilea: Ezin dugu ahaztu zinema negozioa dela halabeharrez, eta modu horretan ulertu behar dugu

 

Irakurri

Anjel Lertxundi. Idazlea: Euskarak aukera ugari ditu literaturan

 

Irakurri

Judith Jáuregui. Piano-jolea: Nik disfrutatzen badut bakarrik, besteak nirekin disfrutatu ahal izango dute

 

Irakurri