Jatorrizko bertsioaren itzulpen laburtua
Euskal zinearen historian gutxi izango dira Juan Miguel Gutierrezen modukoak: bere buruari zintzo, urratsez urrats egin du ibilbidea zazpigarren artea deritzanean. Eta lantegi horretan berrogei urte daramatza, zarata eta iskanbilarik gabe, bere ekoizpena sendotasunetik gauzatuz. Ezerk bereiztu badu Gutierrezen lana hori bere humanismoa izan da, txiki-txikitatik errenteriarraren nortasuna zizelkatu duena.
Juan Miguel Gutierrezen haurtzaroan bilatu beharko genuke zinerako zaletasuna, eta berak dioen moduan amari zor dio atxikimendu aktiboa, huraxe izan baitzen umearengan irudizko munduarekiko hurbilpen magikoa ahalbidetu ziona. Juan Miguelek ezin zuen, ordea, urte samur haietan irudikatu, handik urte askotara ama izango zuela bere pelikula baten ardatza, hain zuzen ere La plaza de la música izenekoa ama hil zuen amiantoari buruz filmatu baitzuen. Bere labur zein luzemetraietan Gutierrezen konstantea izan den gizarte-salakuntza zuzen eta garbiaz zipriztindu ditu beti bere egitasmoak, eta horrexek eman dio zeinu nabarmena bere obrari.
Zinearekin estu lotu behar badugu ere, Gutierrezek gizarte-komunikazioko beste arlotan ere lan egin du. Urtetan irratigintzan izan genuen, 1971an, ia-ia jesuita izateari utzi zion unean. “Bi irratsaio eraman nituen batera. Informatibo bat eta bigarrena kulturakoa: mundu osoko herri-musikak aurkezten nituen eta oso pozik sentitu nintzen”
Eta irratitik telebistarako jauzia egin ahal izan zuen, Euskal Herrian une haietan telebistaz zertxobait zekitenetakoa baitzen. Euskal Telebista jaiotzear zegoen... baina euskaraz moldatzen ez zelako ez zuten erakunde publikora inkorporatu. Hizkuntzarekiko hastapenetako arau hertsi haiei eutsi izan baliete beste kuku batek kantatuko zuen orain txoritxoaren etxean. Baina, kontraesanak, ETBk hartu nahi ez, eta HABE, hau da Eusko Jaurlaritzaren Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundean ateak ireki zizkioten, ikus-entzunezko materialen arduradun bezala. Eta horretan aritu da, arestian jubilatu arte.
“Bi irratsaio eraman nituen batera. Informatibo bat eta bigarrena kulturakoa: mundu osoko herri-musikak aurkezten nituen eta oso pozik sentitu nintzen.”
Juan Miguel Gutierrezek oso ongi ezagutzen du euskal zinearen historia. Lekuko zuzena gertatu da azken hogeita hamar urteotan eta inork bezain ongi disekzionatu du hamarkada hauetako zine ekoizpena. “Ama Lur kasu isolatu bezala geratu zen. Ia-ia gure egunerarte ez da berriz eman ahal izan. Zergatik? Oraintsu arte Ama Lur-ek irekitako bidean euskara ez baita lehen protagonista izan, hau da ez da gure hizkuntza erabili filmaren mezua bere osotasunean eskaintzeko. Euskal sustraietan behar bezala errotu gabe ibili da, bi hamarkada luzetan. Orain, berriz, Asier Altuna, Telmo Esnal, Eneko Olasagasti, Carlos Zabala, Josu Martínez, Jose Mari Goenaga, Jon Garaño, Mireia Gabilondo eta euskal kulturatik zuzenean edan duten beste zuzendari askori esker egiazko euskal zinea egiten ari dela esango nuke”
“Ama Lur kasu isolatu bezala geratu zen. Ia-ia gure egunerarte ez da berriz eman ahal izan.”
Izan al daiteke baikorra eguneko baldintzekin? galdetu diogu Juan Migueli, euskal zineak aurrean dituen erronkei begira. Eta zalantzarik gabe bai borobil bat bota du, gure zinea zein testuingurutan mugitzen den kontuan hartuta. Gutierrezek dioenez, gero eta gehiago dira “zero dirulaguntzara” apuntatzen diren zine ekoizleak, hau da euren egitasmoetako arlo teknikoa zein sortzezkoa, dedikazioz eta sakrifizioz burutzen dituztenak. Teknologiak horretan bikain laguntzen duelakoan dago, eta emaitzak ikusgarriak bilakatzen ari dira. Euskal zineak eszenategi berriak lortu dituela azpimarratzen du eta telebista, zine pantaila eta, nola ez, Internet plataforma egokiak bihurtu dira Gutierrezen iritziz. Sarea erakusleiho ezin hobea bilakatu dela baieztatzen du eta bere pelikuletako batzuk, jada, Internet ikus daitezke, modu askean, inoren morrontzapean egon gabe. “Horren bidez gure ahalegina saritua ikusten dugu eta gure mezua ezagutua eta zabaldua” Juan Miguel Gutiérrez Márquez (Errenteria, 1945) Errenterian jaiotzen da 1945ean. Jesusen bihotzaren anaietan eta Jesuitetan ikasten du. Jesusen lagundian sartu eta Kongora bidaltzen dute (egungo Kongoko Errepublika Demokratikoa), bertan 5 urte ematen ditu Filosofia ikasten eta bigarren hezkuntzako ikastetxe batean irakasle. Bruselaseko INSAS-en Zinea eta Komunikabidea ikasi zuen. Gero, Jesusen lagundia utzi eta Donostiako Herri Irratian hasten da lanean, saio informatiboetan eta ikerketa musikaleko programetan. 1981ean HABEn sartzen da eta pertsona helduei euskara irakasteko ikus-entzunezkoak egiteaz arduratzen da. Zentzu honetan, “Bai Horixe” ikus-entzunezko metodoa garatzen du, besteak beste. Luzemetraien artean hauek aurki ditzakegu: 2000 Paisaje con nieve (Pequeña canción) 2004 Tabula Rasa 2005 Bozes Lexanas 2006 Isiltasun Kalea / Calle Silencio 2007 Angor 2008 Motema na ngai 2009 Zuzendu mesedez! / ¡Enfoquen, por favor! 2010 La Plaza de la Música 2012 Mur-mur (Murmullos) Angor eta Paisaje con nieve kenduta, beste guaztiak Donostiako Zinemaldirako hautatuak izan dira. Hauek ditugu laburmetraiak: 1998 Cuentos de Mayo 2005 Cronica d’o 25 de Chunio 2006 Hiru kontakizun krudel 2008 Blues del asno 2010 Manuale di ornitologia 2011 Zuri