Mari Jose Aranguren Querejeta. Klusterrak, Eskualdeko Garapena eta Berrikuntza arloko zuzendaria Orkestran - Lehiakortasunerako Euskal Institutuan: Lehiakortasuna, berrikuntza eta ideia berrien garapena izango dira datorkigun ekonomiaren oinarria

2009-03-27

GONZÁLEZ LIMOUSIN, Laura

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Egungo krisialdiaren ondorioz arinago etor liteke bigarren eraldaketa ekonomikoa, eraginkortasunean baino gehiago berrikuntzan oinarrituko dena. Orkestra - Lehiakortasunerako Euskal Institutuan ia hiru urte daramatzate lanean lehiakortasuna eta euskal herritarren bizi-kalitatea hobetzeko gizarteak eman behar dituen urratsak erakusten euskal agente sozioekonomikoei.

Zein helbururekin sortu zen 2006an Orkestra – Lehiakortasunerako Euskal Institutua?

Euskal Herrian lehiakortasunerako benetako bideak eskaintzeko ikerketa garatzea da gure zeregina. Deustu Fundazioaren ikerketa-zentroa da Orkestra, eta Euskal Herriko agente publiko eta pribatuen laguntzaz eta ekimenez sortu zen. SPRI/ISEBen bidez Eusko Jaurlaritzaren laguntza dugu, eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiarena ere. Gainera, hainbat enpresa pribatu ditugu laguntzaile, Euskaltel, Kutxa, Gamesa eta Repsol Petronor, hain zuzen. Unibertsitatearen eta gure inguruko agente sozioekonomikoen arteko zubi-lana egiten duen erakundea gara: ekintzaileak, kluster elkarteak, eskualdeetako garapenerako agentziak, teknologi zentroak, enpresak, erakunde publikoak, etab.

Eta nola lortzen da hori?

Esan dugunez, Institutuaren helburua da lehiakortasunerako benetako bideak eskaintzea, eta horrek esan nahi du gizarte aurreratuagoa erdiesten laguntzea. Bigarren eraldaketa handiaren aurrean gaudela diote. Lehen eraldaketan, faktoreetan (baliabideak) oinarritutako ekonomiatik eraginkortasuna oinarri zuen ekonomiara igaro ginen, eta oraingoan, berriz, berrikuntzan eta ideia berriak sortu eta horiei balioa ematean oinarritutako ekonomiarako urratsa emango dugu. Ildo horretan gu guztiok hainbat arlotan prestatu beharra dugu: kontzeptu berriak, jarrera berriak (malgutasuna, irekitasuna, proaktibitatea...), gaitasun berriak (talde-lana, egoera ezegonkorretan lan egiteko gaitasun handiagoa, ekimen handiagoa). Agente bakoitzak bere zeregina du trantsizio horretan. Euskal Herriko eragileek beteko duten zeregina eta euren arteko eta gure sistematik kanpoko beste batzuekiko harremana izango dira gure lehiakortasunaren giltzarri. Egoera berrirako igarobidean agente bakoitzak bere bidea egin behar du, eta gure lana horretan laguntzea da. Ez gara aholkularitza-erakundea. Ikerketaren, irakaskuntzaren eta elkarreraginaren bidez agenteak egoera berrira eraldatzea sustatu nahi dugu.

Beraz, euskal ekonomia berrikuntzan oinarritutako ekonomia bilakatzea da kontua. Azalduko al diguzu kontzeptu hori?

Hitz bitan esateko, aurreko egoeran, eraginkortasunarenean, kontua zen lehiakorrak izatea kalitate hobeko produktuak eginaz. Orain bestelako produktuak egitea da kontua. Ez dugu teknologiarik erosi behar inon, guk geuk garatu behar ditugu geureak; ez da bakarrik I+G arloan berritu behar, berrikuntza landu behar da hitzaren zentzu zabalean. Berrikuntza ez da bakarrik berrikuntza teknologikoa, baita antolaketa eta gizarte mailakoa ere. Berrikuntzan oinarritutako ekonomi ereduan pertsona bakoitzak gehiago sortzeko gaitasuna du, sortzaileagoa delako, ideia gehiago dituelako eta horiek garatu egiten dituelako, gero balioa duten gauzetan bilakatzeko.

Krisiak aldaketa ekonomikoa atzeratu ala aurreratu egingo du?

Krisialdietan agerian gelditzen da gauza berriak egin beharra, eredu eta proiektu berriei heldu beharra, berriro prestatu beharra. Horregatik, jendearengan zalantza sortzen dutelako, krisialdiak lagungarri dira hainbat proiekturi heltzeko. Baina era berean, krisialdietan jendea oso kezkatuta egoten da eta batzuetan oso epe laburrerako neurriak hartzen ditugu. Oso garrantzitsua iruditzen zait burua altxatu eta aurrera begiratzea, epe ertain eta luzera, guretzat estrategikoa zer den hausnartzea eta norabide horretan aurrera egiteko urratsak ematea. Etorkizuneko ikuspegia eta estrategia konpartitua sortu behar ditugu, epe luzera begira eta baikortasunez. Izan ere, gaitasunak baditugu, horiek gure etorkizunera bideratzea da gakoa, guztiontzat hobea izango den etorkizuna lortze aldera.

Zein da lehiakor izateko gakoa?

Lehiakortasunaren sustatzaile garrantzitsuetako bat berrikuntza da, bestelako gauzak egiteko edo beste era batera egiteko gai izatea. Munduan ez dago herrialderik dena ondo edo gaizki egiten duenik. Eskualde bakoitzak bere alde sendoak eta ahulak ditu, eta ezin dugu beste toki batzuetan egiten dutena kopiatu, ez garelako berdinak. Onak garen horretan oinarrituta, estrategia eraiki behar dugu aukeratutako norabidean aurrera egiteko, gainontzekoengandik bereiziz. Hori adierazi nahi du Porterrek “baliozko proposamen bakarra” izan behar dugula dionean.

Ildo horretan, zein da Euskal Herriaren egoera?

Alde sendo asko ditugu: pertsona ekintzaileak, erakunde sare garrantzitsua, gizartearekiko hurbilekoak diren erakundeak, alde publiko eta pribatuaren arteko lankidetzan eskarmentua dutenak, teknologi zentroen sare zabala, teknologi parkeak, elkarte ugari, talde kooperatiboaren garapena, kluster politika, etab. Proiektuak lankidetzan egitea sustatu duten hainbat politika abiatu izan dira gurean. Sare gisa gehiago lan egiteko hainbat ekimen sortzen ari dira herri eta eskualde mailan, proiektu komunak eraikitzea xede dutenak. Ildo horretan abantailak ditugu beste eskualde batzuekin alderatuta, eta horiek aprobetxatu egin behar ditugu, horien gainean eraiki. Lehiakortasunaren puzzlearen pieza ugari ditugu, ez dakit guztiak diren, baina asko bai.

Beraz, lehiakortasunaren gakoetako bat hainbat sektore eta agenteen inplikazioa da.

Partaidetzaren bidez norantz joan nahi dugun erabakitzeko ikuspegi bateratua osatu dezakegu. Estrategia komuna garatu behar dugu denon artean, eta horretarako oso garrantzitsua da partaidetza. Berrikuntza lehentasun izango den egoerara igarotzeko ezinbestekoa da erabakiak ahalik eta agente gehienen artean hartzea, guztion partaidetzak gero eta aktiboagoa eta proaktiboagoa izan behar du, ez bakarrik agente publikoen aldetik, baizik eta gu guztion aldetik ere. Bestela oso zaila izango da pertsonengan oinarritutako lehiakortasun eredua eraikitzea.

Gaur egun zein erronka nagusi ditugu EAEn lehiakortasuna lortzeko?

Erronka asko ditugula uste dut, eta hori ona da. Baina bakarra aukeratzekotan azpimarratuko nuke eraiki nahi dugun puzzlearen piezak ongi kokatu behar ditugula. Lehen esan dut puzzlearen pieza asko ditugula, baina sarritan piezek ez dute bat egiten, elkarrekintza gutxi dago euren artean. Hori falta zaigu, piezak elkarrekin ondo kokatzen joatea, lengoaia komunak sortuz, ikuspegi sistemikoagoa eta konpartitua garatzen ikasiz. Lehiakortasuna oso gauza konplexua da, hainbat faktoreren eragina du eta ezin dugu onak izan gauza guztietan, lehiakorrago izatera eramango gaituen biderik onena aukeratu behar dugu. Bide hori guztion artean eraiki behar dugu, pieza guztiak ondo batuz, azkenean marrazki ona lortzeko. Bestela marrazki desitxuratua egingo dugu.

Zein urrats eman behar ditugu puzzlearen piezak lotzeko erronkari aurre egiteko?

Gure eskualdearen tamaina eta ditugun puzzlearen piezak egokiak zaizkigu piezak elkarri lotzeko, baina funtsezkoa da guztiok parte hartzea piezak dagokien tokian kokatzeko. Nire iritziz, sarritan gure egiturak antolatu behar ditugu eta ikuspegi sistemikoagoa sustatu. Elkarlan gehiago egitea, batak bestearengandik ikastea, gure artean gehiago koordinatzea. Modu horretan egitura eraginkorragoak izango genituzke.

Euskal enpresak beste batzuk baino lehiakorragoak izan litezkeela uste al duzu?

Gure enpresak lehiatzeko ondo kokatuta daudela deritzot, nahiz eta guztiok moduan oraindik ere zeregina baduten. Azken hamarkadetan aurrerapen esanguratsuak izan dira euskal enpresetan. Laurogeiko hamarkadaren amaieran eta laurogeita hamarrekoaren hasieran, Europan sartu ginelarik, internazionalizazioari egin behar izan zioten aurre. Ordutik hona aurrerapauso handiak eman dira euskal enpresen internazionalizazioan, ez bakarrik esportazioei begira, baita ere kanpo hedapenari dagokionez. Euskal Herritik kanpo lantegiak dituzten euskal enpresen kopurua ikustea besterik ez dago. Gero kalitatearen garaia etorri zen. Kalitate-adierazleetan puntakoak gara. Orain berrikuntzaren fasearen txanda da, eta gure enpresak etxeko lanak egiten ari dira (beti bezala batzuk beste batzuk baino erritmo biziagoan). Innova Euskadi, enpresa-berrikuntza agendak, innova lankidetza, berrikuntzak antolaketa ereduetan, Innobasque.... Abian diren ekimenak dira. Gainera uste dut inguruneari begira ere euskal enpresek abantailak dituztela lehiakorragoak izateko: Zientzia eta Teknologiako Euskal Sareko agente guztiak hor daude, aitzindari izan ginen 90eko hamarkadaren hasieran kluster politika abiatzen, eta lehentasunezko hamaika klusterrek ibilbide garrantzitsua egin dute. Sarean lan egiteko ekimen berriak abiatzen ari dira, eta klusterren politikarekin batera, lankidetzarako formulak sortzen doaz. Poliki-poliki enpresetan kultura aldatzen ari da, elkarrekin lan egitea sustatze aldera.

Lehiakortasuna norberaren esparru pertsonalean ere aplika daiteke?

Uste dut maila pertsonalean norbera lehiakorragoa dela balio gehiago sortzeko gai baldin bada, bere gaitasunak eta baliabideak modu egokian erabiltzen baditu eta inguruak horretan laguntzen badio. Batzuetan badirudi besteekin lehiatzen duzula eta ez zarela solidarioa, ez duzula partekatzen. Nik uste dut pertsona lehiakorra dela balio gehiago sortzeko gai baldin bada eskura dituen baliabideekin, gaitasunekin, jarrerekin eta balioekin. Eskualde bat lehiakorrago egin liteke pertsona bakoitzak, enpresa bakoitzak, agente bakoitzak eta sektore publikoak balio gehiago sortzen badute. Era berean, enpresak lehiakorragoak izan litezke pertsona bakoitzak eta baliabide bakoitzak balio gehiago sortzen badu.

Berrikuntza moda bat da ala merkatuan bizirauteko betebeharra?

Batzuetan, hitzak eta kontzeptuak gehiegi eta era okerrean erabiltzen badira, desitxuratu egiten dira. Badirudi dena dela berrikuntza, eta hitzak duen funtsezko balioa galdu egin da. Berritzea oso garrantzitsua dela uste dut, berrikuntzaz gutxiago hitz egin eta gehiago berritu beharko genuke.

Enpresak bizirauteko gastuak murrizten ari dira. Nola lor liteke jarrera horretatik berrikuntzan inbertitzera igarotzea?

Argi izan behar dugu gakoa hori dela, inbertituz edo berrituz krisiari aurre egitea. Aurreko etapan enpresek kalitatearen aldeko apustua egin zuten eta aurrerapauso garrantzitsuak eman ziren; orain, berritzeko modu berriak bilatzeko apustuari heldu diote. Berritzea zaila da, emaitzak ez baitira epe laburrean ikusten, epe ertain eta luzean baizik. Gainera, kultura aldatu behar da, gauzak egiteko moduan antolaketa-aldaketak egin behar dira, eta zaila da, baina urratsak ematen ari garela uste dut.

Ikerketaz hitz egitean talentuen ihesa aipatu ohi da. Orkestran ba al duzue arazorik ildo horretan?

Ihesik ez dugu nabaritu. Egia da ez dela erraza ikertzaile berriak geureganatzea, batez ere erakunde berria garelako. Ikertzaileentzat proiektua da erakargarriena: proiektua begi onez ikusten badute, interesgarria bazaie eta euren ibilbide profesionalari begira erakargarria bazaie aurrera egiten dute. Orkestran hainbat tokitako ikertzaileak ditugu, proiektua ilusioz ikusten dutenak. Gurekin lanean ari dira Madril, Katalunia, Ingalaterra eta Italiatik etorritako ikertzaileak. Talentua erakartzeko ingurunea ere oso garrantzitsua da. Ildo horretan Donostia eta inguruetako edertasuna lagungarria da, baina datozen gainontzeko familiako kideek aukera profesionalik ez izatea oztopoa da. Dena den, azken finean, gakoa proiektuaren erakargarritasuna dela deritzot.

Zein helburu ditu Institutuak epe laburrera begira?

Lehiakortasunean eragina duten faktoreen gainean lanean jarraitzea. Horretarako, faktore horien inguruan Euskal Herrian ditugun benetako arazoak ulertzeko lan egin behar dugu, ezagutzaren mugan egon behar dugu, ezagutza aurreratuenak eta faktore horiei buruzko azken ekarpenen berri izan. Modu horretan, ditugun benetako arazoei aurre egiten lagunduko dugu puntako ikerkuntzaren bidez, eta puntako ikerkuntza hori aberastuko dugu benetako arazoei aurre eginaz ikasiko dugunarekin. Bikaintasuneko nazioarteko sareetan egon behar dugu puntako ezagutza jaso eta emateko, eta aldi berean Euskal Herriko agenteekin egon behar dugu gure arazoak ulertu eta puntako ezagutza hori arazoak konpontzera bideratzeko. Binomio hori funtsezkoa da. Zubi-lana egin behar dugu, ikertzen ditugun gaien ezagutzaren mugara jo, guretzat ekarpen handiena dena xurgatu eta gero transferitu egin behar dugu Euskal Herriko agenteen lehiakortasuna hobetze aldera.

Zein jardueren bidez lortzen dira helburu horiek?

Hiru “I”-ak esaten diogunaren bidez: ikerketa, interakzioa, instrukzioa. Ikerketaren bidez lehiakortasuna ulertu eta neurtzen dugu, eta bere osagaiak identifikatzen ditugu; interakzioaren bidez sareak sortzen dira eta bideak zabaltzen zaizkio ezagutzari, ikerketa eta instrukzioa bideratu ahal izateko. Instrukzioaren bidez, berriz, jasotako eta sortutako ezagutza transferitzen zaie lehiakortasunerako agenteei, hau da, euren jardueraren bidez lehiakortasunarekin zerikusia duten faktoreetan eragiten duten agente guztiei. Nolabait esateko, bertako agente batekin probatzen ditugu lantzen ditugun metodologiak, eta emaitza ona lortzen badugu gainontzekoen artean zabaltzen ditugu prestakuntza- eta interakzio-jardueren bidez, euren arazoak konpontzeko erabil ditzaten. Ez dugu aholkularitza-zerbitzurik eskaintzen, metodologiak eta tresnak transferitzen ditugu, ezagutzaren mugan bildutakoak. Euskal Herriko agente sozioekonomikoei transferitzen dizkiegu metodologia eta tresna horiek, gauzak egiteko eta euren kabuz berritzaile izateko gaitasunak eta trebetasun hobeak izan ditzaten.

Orkestrak antolatzen dituen jarduerak denontzat irekita al daude?

Lehiakortasunean eragiten duten elementuak ulertu eta aztertzen laguntzeko prestakuntza-jarduerak eramaten ditugu aurrera, adibidez, Lehiakortasunaren Mikroekonomiari buruzko ikastaroa (MOC) Harvardekin elkarlanean edo BBC Shangai. Bestelako jarduerak ere baditugu, hala nola, puntako profesionalek eskainitako hitzaldi irekiak. Badira kolektibo jakinei bideratutako jarduerak ere, bakoitzaren beharren araberakoak izaten direnak, baina guztia oso modu irekian planteatzen dugu, eta norbaitek interes handia badu ez du parte hartzeko arazorik izaten. Mari Jose Aranguren (Urrestilla, 1969) Ardura: Klusterrak, Eskualdeko Garapena eta Berrikuntza Katedrako zuzendaria Orkestran - Lehiakortasunerako Euskal Institutuan Ikerketa arloa: Klusterrak, Eskualdeko Garapena eta Berrikuntza Tituluak: Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktore ESTEren eskutik. Erakunde horretako Ekonomia sailean irakasle titularra da. Biografia: Landu duen ikerketaren ardatza Klusterrak eta sareak izan dira, eta horiekin batera industri politiken azterketa, zehazki klusterrak dinamizatzera bideratutako politikak. Hainbat lan eman ditu argitara nazioarte mailan, horien artean azpimarragarria da James Wilson eta Cristina Iturriozekin batera argitaratutako liburua: “Networks, Governance and Economic Development: Bridging Disciplinary Frontiers” (Edward Elgar Publishing Limited). Nazioarte mailako topaketak antolatu ditu klusterren esparruan, eta hainbat biltzarretako eta nazioartean ospetsuak diren aldizkarietako batzorde zientifikoetako kide izan da. Era berean, hainbat komunikazio aurkeztu ditu biltzarretan.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

José María Asua. Ingeniaritza Kimikoko katedraduna: Ideiak saltzea da gure negozioa

 

Irakurri

Patxi Juaristi Larrinaga. Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Zuzendaria: Boloniako prozesuak Europan zehar lana aurkitu eta ikasketak egitea ahalbidetuko du

 

Irakurri

Aitor Furundarena. Musikaria: Ez da munduari zer garen azaltzea lortu nahi duguna baizik eta euskal akordeoilariei, ni barne, mundua nolakoa den erakustea

 

Irakurri

Xabier Zabaltza. Historialari eta saiakera-egilea: Onerako eta gaitzerako, gaurko Euskal Herria ez da Sabino Arana gabe konprenitzen ahal

 

Irakurri

Esther Ferrer. Artista: Ziur nago, uste sendoak dituzunean eta ideia batzuen alde egiten duzunean, uste eta ideia horien eragina nolabait nabarmentzen dela zure lanean

 

Irakurri