Martxelo Otamendi. Berria-ko zuzendaria: Gustatuko litzaidake kioskoetan euskarazko egunkari gehiago egotea

2011-06-24

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Euskarazko hedabideen historia laburra da. Hala ere, publikoaren arreta irabazteko adin-nagusitasuna berehala hartu behar izan dute. Baina mundu osoko medioek egun daramaten abiadura izugarriari erreparatuz, euskarazkoek biderkatu egin behar izan dute bitartekoen garapena hari aurre egin ahal izateko. Esfortzu handia izan da. Galderak, edozein modutan, honako hauek dira: zer lortu da? Hizkuntza minoritario eta minorizatuaren baitan, kontziente al gara euskaldunok euskarak dituen erronka zailetaz?

Zer moduz elkarrizketari zure haurtzarotik helduko bagenio? 1957an jaioa, Tolosan...

Oso memoria txarrekoa naiz. Aldi asko zuriz daukat. Tolosako Eskolapioetan ikasi nuen eta ikastetxetik gertuen bizi zena nintzen arren beranduen ailegatzen nintzen hara. Baina hortik aparte... hamaika-hamabi urte bete bitartekoa, zuri agertzen zait. Gehiago gogoratzen dut argazkitan ikusi ondoren oroimenera inkorporatu dudalako. Beraz, gogoan daukat argazkitan ikusteagatik eta ez hura bizi izan nuelako. Haurtzaro normala izango nuen, konbultsiorik gabea.

Ordudanik al datorkizu musika jotzeko gogo ustela?

Ez dut uste. Musika ez jakitea nire frustrazioa da... Eta behin esan nuen hori, Donostiako Velodromoan gustura joko nuela Eric Claptonekin...

Eskolapioekin, nolako ikasle izan zinen?

Arrunta. Justu aprobatzen duten horietakoa. Ez naiz sekula diziplinatua izan; ikasle bat gehiago nintzen klasean.

Irakaskintzan aritu izan zinen...

Tolosako euskaltegian urte dezente eman nuen irakasle. Oso esperientzia polita izan zen. Ez nuen gogorik umeekin iharduteko, ez ninduen motibatzen haurrekin ibiltzeak, nahiz eta iruditzen zaidan izugarri polita izan behar duela. Nik helduen bidea hartu nuen, EGAko klaseak emateko, lehenik. Euskaraz ongi egiten zuten ikasleak izan nituen, eta horiekin lan egitea oso erreza izan zen. Gero zero mailara jaitsi nintzen, hau da, ezer ez zekitenekin aritzera, eta horrela urte pare batez ihardun nuen. Oso polita izan zen eta garai hartan ikasteko motibazioa ere desberdina zen, agian identitarioagoa, gaurkoa baino.

Zer kidetasun da irakaskintza eta kazetaritzaren artean?

Ez dut kidetasunik ikusten. Batzuei zerbait irakatsi nahi diezulako ahalegintzen ari zara, eta beraiekin batera hazten zara. Kazetaritzan, aldiz, albisteen zurrunbiloan diharduzu, orrialde muga bat daukazu... eta horretara egokitu behar duzu eskaintza... aukeraketa bat egin ondoren. Kanpoan geratzen dena haserretu egiten da, zure titular batek transzendentzia eduki dezake hurrengo egunean, ... Beraz, kontu handiarekin ibili behar da, irakaskintzan bezala, noski, baina bi esparru desberdinak dira.

Zer dela-eta, beraz, kazetaritzarako saltoa?

Jendeak dio norberaren krisia 40 urterekin datorrela... Eta nik 27rekin eduki nuen. Gutxi hitz egiten dut nire buruarekin, baina adin horretan galdetu nion zer egin behar nuen bizitzan alde profesionaletik, eta gogoeta horretan nengoela Salbador Garmendia Egineko euskarazko zuzendaria zenak egunkarirako kolaboratzaileak behar zituela esanez etorri zen Tolosako euskaltegira. “Egun on” euskal gehigarrirako lankideak behar ziren, eta izena eman nuen, euskaltegia utzi gabe. Elkarrizketak idazten hasi nintzen, 5.000 pezeta bakoitzeko ordaintzen zigutela. Eta diru apur bat aurrezten nuenean, Londresera joaten nintzen antzerki ikustera.

Garai hartan, Singapureko adiskide baten benetako izena zen “Frankie Tai” gaitzizenarekin sinatzen nituen lanak -gero izenorde hori atera zen guardia zibilen paperetan Egunkariko auzian, ni ETAkoa nintzela frogatzeko. ETBn jakin bide zuten ni nengoela izen haren atzean eta deitu egin ninduten 1987an, eta han —euskaltegian eszedentzia eskatuta— bi urte egin nituen, magazine alorrean. Gero Hasier Etxeberriak deituta Babel programa aurkeztu nuen, lana irakaskintzarekin tartekatuz. Horrela nenbilela, saio bateko zuzendaritza eskaini zidaten, bazkalondoko magazinea egunero bi orduz, hain zuzen. Eta 1993ra heldu ginen... Joan Mari Torrealdayk deitu ninduen eta “Euskaldunon Egunkaria”ren zuzendaritza eskaini zidan.

Nire ibilbidea ez da bokazionala izan. Denborarekin bokazioa irabazi egiten duzu. Baina nire saltoa zirkunstantziala gertatu zen.

“Nire ibilbidea ez da bokazionala izan. Denborarekin bokazioa irabazi egiten duzu. Baina nire saltoa zirkunstantziala gertatu zen.”

Argazkia: CC BY - www_ukberri_net.

Espazio berriak irekitzen dituzu, pioneroa zara, nolabait esatearren. Eta erakutsi behar duzu, lehen irakaskintzan bezala, gaitasuna baduzula lantegian aurrera egiteko...

Kazetaritzan lana kolektiboa da. Egia da, 1990ean jaio zen Euskaldunon Egunkaria oso egoera ekonomiko zailean agertu zela; ilusio handiarekin, baina diruz eta ofizioko ezagutzaz oso gaizki. Ni etorri orduko hiru urte paseak ziren, eta ordurako ofizioa ikasita zeukaten hemen zeudenek. Nik, apal-apalki eman nuen lehen urtebetea, ikasten. Bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin zegoen blokeo ekonomikoa ere hautsi zen garai hartan. Horrek hazteko aukera eman zigun. Langile, orrialde eta gehigarrien aldetik handitu egin ginen. Egunkariaren eskaintza estandarizatzeko unea izan zen. Aurreko urteetan ez bezala, egunkari normal baten antzera hasi ginen lanean. Adibidez, ez ginen Bartzelonako 1992ko Joko Olinpikoen jarraipen zuzena egin ahal izan... baina Atlantan izango ziren 1996koetan egoteko helburuarekin ekin genion. Nik nahi nuen gure kazetariak, munduko kazetaririk onenen artean egotea, Carl Lewisen balentriak gure bezeroei zuzenean kontatzeko. Eta nahi genuen, hura guztia geure ikuspegi propioarekin transmititzea eta ez espainiar iragazkiaren bitartez, eta —bide batez— gure kriterioak ezartzea beharrezkotzat jotzen genuen: Segoviako atleta batek domina bat lortzea ez zen guretzat albiste deigarria. Hau da, besteetan zeuden tokian egon behar zuen gure egunkariak.

Pariseko Palais de Rambouilleten izan zen 1995ean Kosovoko etorkizunari buruzko nazioarteko batzar handi bat. Han egon ginen, nahi genuen-eta gure irakurleek ikustea euro baten truke Egunkaria albiste garrantzitsuak ematen ari ziren guneraino iristen zela. Gure kasuan, irakurleak albiste batez jabetzeko egunkariz aldatzen badu, hizkuntzaz ez ezik baita herriz ere aldatzen du. Eta, bagenekien gure egunkaria euskaraz izate horrek denboraz garrantzia galduko zuela irakurlearentzat, eta joan behar genuen bilatzen kalitatea, edozein hizkuntzatako egunkari bati eskatu behar zaiona. Ahaztu gabe, noski, Egunkaria agerkari identitarioa zela. Ibilbide oso bat egin genuen ideia horrekin... harik eta 2003ko otsailean itxi ziguten arte.

Eta lortu al zenuten helburua? Hau da, hogei urteren buruan egonkortu al da euskal irakurlegoa?

Euskal kontsumitzaileen multzoa 12.000ko kopuruan zifra genezake. Horiekin euskarazko produktuen kontsumoan eman daitezkeen bariazio guztiak egin behar dira. Defizita ematen ari da alderdi horretatik, izan ere euskaldunon kopurua hazten den neurrian ez doa handitzen kontsumitzaileena. Helburuak lortu? Egin duguna izan da talde mediatiko sendo bat; egunkari nazional bat daukagu, Hitza agerkarien bitartez tokiko egunkariak ditugu, Hamaika Telebistan gaude, Interneteko presentzia garrantzitsua da... Gero eta hedatuago gaude. Datozen eta etortzen ari zaizkigun aldaketetarako ez gaude gaizki kokatuta. Baina txikiak gara. Gu euskaldunok, denok izango bagina ere, hiru milioi inguru izango ginateke. Horietatik zortzi ehun milak bide diote euskaraz badakitela... Baina horrek ez du ezer adierazi nahi. Gu gabiltzan kontsumo zifretan ez gabiltza hain gaizki. Baina ezin gaitezke gustura egon, oraindik badirelako milaka asko baldintzak bete arren euskarazko esparrura ekarri ez ditugunak.

“Gustatuko litzaidake kioskoetan euskarazko egunkari gehiago egotea. Gehiago irakurriko litzateke lehia izanez gero. Eskaintzaren ugaritasunak bezeroak ekartzen ditu.”

Argazkia: CC BY - www_ukberri_net.

Euskarazko prentsa idatziak lehiakiderik ez edukitzea normaltzat hartzen dugu, merkatuaren neurriari dagokionez; baina, aldi berean, egunkari bakarra izateak ez al dio irakurlegoaren kopuruari balaztarik jartzen?

Seguru baietz. Gehiago irakurriko litzateke lehia izanez gero. Eskaintzaren ugaritasunak bezeroak ekartzen ditu. Denen baturak kontsumitzaile gehiago emango luke. Kontua da, gure merkatuak ematen ote duen egunkari gehiagorako. Gure kasuan, bakarra izanik, euskaraz irakurtzeko egunkari eroso bat egiten saiatzen gara, eta zaindu behar ditugu euskaraz irakurri nahi dituzten pentsaera guztietako irakurleak. Egunero lortu behar dugu arrazoi bat, gurera etor daitezen. Gurekin ez dauden euskaldun oso askok irakurtzen dituzte erdarazko egunkariak. Ni ziur nago, erdal egunkari horiek emango balute euskarazko bertsio klonikoa, dituzten euskaldun oso gehienek ez luketela euskarazko bertsio hori irakurriko. Diru asko ez da euskarazko esparruan izango, bestela medio horiek aspaldi egingo zuketen froga. Denok ezagutzen dugun hemengo talde mediatiko handi batek —sekulako diru-laguntza publikorekin— aldizkari bat atera zuen... eta badakigu zenbat iraun zuen. Oso produktu zuria zen, kontsumitzeko aproposa. Edozein modutan, gustatuko litzaidake kioskoetan euskarazko egunkari gehiago egotea. Seinale ona litzateke ikuspuntu soziolinguistikotik, eta polikromia ekarriko lioke euskarazko eskaintzari. Eta bakoitza bere linea editorialari atxiki ahal izango litzaioke.

Kazetaritzaren mundua galdera handi baten aurrean dago: etorkizuna? Euskararen abantaila bere txikitasunean egon daiteke: testuinguru honetan, lehiakiderik ez eta, beraz, emaitza kontuaren gora behera apalagoak...

Lurrikara datorrenean eraikin luzeak, nahiz eta ongi prestatuta egon, oszilazio handiagoak dituzte. Txikiak erortzea zailagoa da. Orain komunikabideentzako krisia datorrela-eta, nik esaten dut “Ongi etorri krisiaren mundura”, gu beti egon garelako krisian. Langileria murritzekin, produktu gutxirekin, kolaboratzaileei merezi dutena ordaindu ezinik, bizi iraupenerako soldatekin,... Beraz, beti egon gara krisiaren eremuan. Guretzat gerrikoa estutzea ez da erreza, baina ohituta gaude. Gure kezka nagusia, ordea, mundu osoan den krisi soziologikoa da. Kontsumoa jaisten ari da, jendeak gero eta denbora gutxiago ematen du informazioa kontsumitzen. Nahiago ditu formatu txikiko eskaintzak, bai egunkarietan, zein irrati edota telebistetan.

Dagoen krisi horretan, nola gera gaitezkeen gurearen moduko hizkuntza txiki batean da kezkatzen gaituena. Duela hogei bat urte bagenekien nolakoak izan nahi genuen. Bagenituen eredu batzuk kanpoan: New York Times, Clarin, El Pais, Le Monde,... Eredu horiek erortzen ari dira eta ez da alternatibarik sortzen ari, ezta ingelesez ere. Lau hizkuntza maioritario dira munduan —ingelesa, espainiera, txinera eta arabiera— euren estatuz kanpo ere mintzatzen direnak; gero badira estatu-hizkuntzak, minoritario direnak baina ez minorizatuak: daniera, holandesa, italiera, frantsesa... Estatu-hizkuntza hauek abantaila guztiak dituzte eta, kasu, italieraz bakarrik jakinda bizi egin zaitezke Italian. Ehuneko ehunean eroso sentituko zara, ez zaizu ezer falta izango. Estaturik ez daukaten hizkuntzak datoz gero, eta milaka ditugu munduan, batzuk ezagutza sozialarekin eta beste asko ezelako garapenik gabeak. Horietatik hobekien dagoena, seguruenik, katalana izango da. Eta bigarren onenak gu izan gaitezke.

Hizkuntzen lehen multzo hartan, dorre mediatiko bikiak erortzen ari direnean, bigarrenean ere arazo larriekin baldin badabiltza —daniera Yahootik kendu zen, adibidez, daniar guztiek ingelesa dakitelakoan—... guri zer geratzen zaigu? Txikitasuna abantaila izan daiteke, baina nondik jo behar dugu irauteko? Gure oraingo arazoa eredurik eza da.

“Teknologia berriek euskarari mesede egin diezaiokete. Duela berrogei urte, komunikabide munduko edozein abantaila teknologikok pobrea pobre uzten zuen eta aberatsa aberats.”

Argazkia: CC BY - www_ukberri_net.

Suposatzen dut Interneteko bidea ez dela Berriarentzat onuragarria izango. Baina “hor” egon behar da... Ni konbentzituta nago teknologia berriek euskararen onerako egin dezaketela (eta egiten ari direla). Baina Berriak bere estrategia aldatu beharko du, beste edozein hizkuntzatako egunkariek aldatu behar duten moduan...

Dudarik gabe, teknologia berriek euskarari mesede egin diezaiokete. Duela berrogei urte, komunikabide munduko edozein abantaila teknologikok pobrea pobre uzten zuen eta aberatsa aberats. Gaur egun Internetek denak berdintsu tratatzen gaitu. Gaztelerazko medioek egiten ez dituzten gauza asko burutzen ditugu guk Interneten, teknologia digitalari esker. Prentsaurrekoak zuzenean eskaintzen ari gara, adibidez. Guk ez diogu beldurrik teknologiari. Baina paperezko egunkariari epe laburrean kalte egin diezaioke, Berria markari onura dakarkion bitartean. Jende multzo handiagoa ekartzen du Berria-ren esparrura. Baina hazkunde horretako kontsumitzaileek ez dute ordaintzen. Bilatu beharko dugula formularen bat? Noski. Produktu identitario garen horretan, publikoarengana iritsi beharko da gure eskaintza digitalak muga finantzeroak dituela adieraziz. Garbi daukagu teknologia berrien azken abantaila inkorporatu behar dugula geure produktura. Eta esan dezaket ez gaudela bat ere gaizki alde horretatik. Baina negozio eredua da orain erronka. Gu ez gara editore familiarrak, esan nahi dut ez gaudela paperezko medioetara mugatuta, inondik ere. Papera bihar bertan itxiko genuke negozioa gurekin batera joango balitz euskarri berrietara, baina hori gaur ezina da, papera ezin baita egun batetik bestera desagertu.

Nik uste dut euskarazko medioek ibilbide luzeagoa dutela oraindik aldaketa eman ahal izateko, beste hizkuntzakoek baino...

Luzeagoa, bai, baina denentzat motza. Eta negozio eredua nekez etorriko zaigu medio handietatik. Oraindik ere, zenbat kazetari daude Libian euren bizitza arriskutan jartzen ari, Interneteko medioentzat bakarrik lanean? Nork dauka dirua lau kazetari bidaltzeko Japoniako lurrikarara? Betiko medio handiek, noski. Negozioa da aldatzen ari dena, eta gure kasuan ere lehen onura zena —egunkaria euskaraz irakurri ahal izatea— orain karga bihurtu da, albiste berdina bezperan ere irakur baitezakezu Interneten, eta ordaindu gabe. Gaur ez dute egunkaria erosten ezta kazetaritzako ikasleek eurek ere.

Guk daukaguna ilusioa da. Herri honetan hainbat eta hainbat lantegitarako jarri izan den ilusioa bera. Eta ezagutza ere bai, hau da, gabiltzan esparruaren ezagutza. Baina kezkagarria da une hauetan eredurik ez edukitzea, ez mimetismoz jarraitzekoa, baina behintzat oro har erreferentea izan dezagun. Gure produktua sendotzera iritsi garen unean —euskarazko komunikabideak sekula baino sendoagoak ditugu— krisi soziologikoa etorri zaigu eta jarraian ekonomikoa. Bi urtetan miloi bat eta berrehun mila euro gutxiago fakturatu dugu publizitatearengatik. Hori guretzat hiltzailea da. Baina aurrera segitzen dugu, inspirazioak lanean harrapa gaitzan...

Amaitzeko, kazetari euskaldun bezala, zein da zure ilusioa?

Euskarazko komunikabideen esparrua egoera sendo batean egotea. Hori ona litzateke gure herriaren berreuskalduntze prozesurako. Eta euskarazko agerkarien eskaintza ugaritzea. Kazetari moduan, berriz, gustatuko litzaidake gure herriarentzako albiste pozgarri bat ematea, gure herriaren normalizazio politikoa iritsi dela adieraziko lukeena, dagoen gatazka parametro demokratiko mugagabe hutsetan garatzeko eta konpontzeko aukera badela liokeena. Titular moduan jarriko nuke, iragana iragana da eta etorkizuna gure esku dago, barne eta kanpo injerientziarik gabe. Uste dut ez gaudela oso urruti egoera horretatik. Martxelo Otamendi Egiguren (Tolosa, 1957) 1977an ekin zion euskalduntze lanari: Tolosako gau eskoletan lehenik, AEKn jarraian eta Udal Euskaltegian gero. 1984an izan zuen lehen harreman zuzena euskal komunikabideekin, Egin egunkarian Egun on sailean idazteko aukera eskaini ziotenean.1987tik 1989ra, ETBn aritu zen lanean, Tolosako Udal Euskaltegian bi urteko eszedentzia eskatuta. Txoria dut maite programaren ardura hartu zuen bere gain. Ondoren, Aste ero asteroko saioko zuzendaria izan zen. ETBko lanak promozionatzea izan zen Otamendiren orduko lan nagusia. Jaioterriko Galtzaundi Euskara Taldean ere buru-belarri murgildu zen. ETBn barne ekoizpena eragiteko aukera izan zuen bi urtetan, eta Boisera (AEB) jo zuen ondoren. Tolosako euskaltegira lanera itzuli zen handik, eta ETBko Babel programa egin zuen urtebetez. Euskaltegia utzi, eta Egonean giro magazina zuzentzeari ekin zion ETBn; 1991 urtea zen, eta urte eta erdiz bete zuen lan hura. “Euskaldunon Egunkaria” kazetaren zuzendaria izan zen, ia haren sorreratik, 1993ko ekainaren 9tik, 2003ko otsailaren 20an itxi zuten arte. 2003ko ekainetik BERRIAko zuzendaria da. Iturria: berria.info
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Pedro Zarrabeitia Miñaur. Estelas discoidales de Euskal Herria liburuaren egilea: Euskal Herrian 3.000 hilarri baino gehiagoren kokapenaren berri dugu, eta litekeena da beste horrenbeste galduta edo lurperatuta egotea

 

Irakurri

Antton Valverde. Musikaria: Xabier Lete eta biok osagarriak ginen

 

Irakurri

José Guimón Ugartechea. Psikiatrian doktorea: Julián de Ajuriaguerra giza sufrimendu psikikoa ulertzen eta arintzen jardun zuen intelektuala izan zen

 

Irakurri

Sabin Salaberri. Musikaria: Jesus Guridi oso sentiberatasun bereziko gizona zen

 

Irakurri

Mikel Fernández Krutzaga. Ekoizlea eta soinu-ingeniaria: Musikaren egoera eutsiezina da gaur egun

 

Irakurri