Sho Hagio. Eusko Ikaskuntzako bazkidea: Euskal nortasunetik gustukoen dudana euskararekiko atxikimendua, bestearenganako irekitasuna eta bereganako fidagarritasuna da

2008-11-14

SILLERO ALFARO, Maider

Eusko Ikaskuntzak 3300 bazkide inguru ditu. Nahiz eta gehiengoa Euskal Herrian bizi, asko eta asko mundu osoan zehar barreiatuta daude. Berezia da Japonian zenbait bazkide izatea, baina oraindik bereziagoa gertatzen dena horietako bat Euskal Herriarekin zeharo erlazionatuta egotea da. Sho Hagio, Euskara menperatzeaz gain, euskal munduarekin zerikusia duten hainbat ikerketa ere burutzen ibili da luzetik. Sho Hagio ikasketaz ekonomialaria da baina soziologiaren inguruan lantzen ditu bere lanak. Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak gonbidatu zuen Euskal Herria bisitatzera. Ez da lehenengo aldia baina oraingo honetan interesgarriak iruditzen zaizkion hainbat leku eta elkarte bisitatzea eskatu du. Eusko Ikaskuntza izan da horietako bat. Unea aprobetxatuz, elkarrizketatxo hau egin dugu Hagio jaunarekin. Euskaraz burutu dugu. Galderak poliki egiteko eskatzen digu; bera azkarra da erantzunetan, ordea.

Nola ezagutu zenuen Eusko Ikaskuntza?

Aspaldi Euskal kondairari buruzko liburu batzuk irakurri nituen eta Eusko Ikaskuntzaren eta baita Euskaltzaindiaren izenak irakurri nituen bertan.

Eusko Ikaskuntzako bazkide zara aurtendik. Zerk bultzatu zintuen bazkide egitera?

Euskal gaiei buruz artikuluak idazten ditut eta Eusko Ikaskuntzako bazkide izatea niretzako baliogarria izan daitekeela uste dut.

Nola hasten da zure erlazioa euskal kulturarekin? Zergatik hasten zera horren inguruan ikasten, irakurtzen...?

Duela ia 25 urte Tokion, hango unibertsitate batean, euskaraz ikasi nuen. Zergaitik? Egia esan hastapeneko motibazioa orain ez dut oroitzen eta gainera hastapeneko motibazio ez da niretzat hain garrantzitsua. Baina agian, kuriositateagatik izan zela esango nuke. Ekialdeko eta mendebaldeko pentsamenduera eta bizimodua oso deberdinak direla askotan esaten zidaten eta kulturaren arteko desberdintasuna ezagutzea izan zitekeen nire hastapena. Eta gainera, Japonian eskoletako testu liburuetan adierazten da Euskal Herria Europako ekialdean dagoela eta hango hizkuntza Europako hizkuntzekin zer ikusirik ez duela, eta Ekialdeko hizkuntza batzuekin zer ikusirik duela (nahiz eta hau egia ez den). Mendebalde osoan ekialdearekin desberdintasuna asko nabaritzen da, baina desberdintasunen artean ere berdintasuna dago. Beraz, dagoen harremana sakonki ezagutzea nire hastapena izan zela esan daiteke.

Orduan, duela 25 urte ikasi zenuen euskaraz hitz egiten eta hortik aurrera hasi zinen euskal munduaren inguruan ikerketak egiten. Zeintzuk izan dira zure ikerketa gaiak?

Nire lehenengo ikasgaia ikastolen mugimendua da. Hortik hasten da nire interesa euskal hizkuntzaren berreskurapenaren inguruan edota euskara eta nortasunaren arteko harremanarekin. Eta orokorki, zer den hizkuntz eskubidea, nolakoa den... Hori da nire gaur egungo interes nagusiena.

Zer da euskal nortasunetik gustukoen duzun ezaugarria?

Bi hitzetan; euskararekiko atxikimendua, bestearenganako irekitasuna eta bereganako fidagarritasuna.

Zer dauka ikasteko euskaldun batek japoniar kulturatik eta zer japoniar batek euskal kulturatik?

Ikasi baino lehenago, batez ere elkarrenganako estereotipoak kentzea litzateke. Elkarren herriak gure begiekin ondo ikusi beharko genituzke eta harreman pertsonalak ugari ukan beharko genituzkeela uste dut. Honez gero, zerbait ikasteko abiapuntuak ikusi ahal izango ditugu. Gaur egun ere euskaldunen eta japoniarren arteko harremanak ez dira hain sakonak.

Zure ikerketei dagokienez; euskal gaien inguruan egiten dituzun lanak, gehien bat non irakurtzen dira? Japonian edo Euskal Herrian?

Euskal gaien inguruan idatzi ditudan artikulu gehienak japonieraz idatzitakoak dira eta Japonian irakurtzen dira gehien bat. Noizbehinka eskatzen didate Euskal Herriari buruzko artikuluak idaztea, baina oinarrizko gaiak bakarrik idazten ditut Japoniako irakurleek ongi uler dezaten. Nire aburuz, artikulu hauek ez dira ikerketak baizik eta Euskal Herriaren aurkezpenak.

Nola lagundu dakioke euskal kulturari Japoniatik?

Japoniatik? Hori zaila da esatea... Baina agian, kanpotarrak beti beste herrietan abantailerak dituzte. Adibidez, nik nire herrian, Japonian, pertsona inportanteekin hitz egiteko apenas daukat aukerarik, baina kanpotarrak Euskadira etorriz gero, bereziki euskaraz mintzatzen baldin badira, hemengo pertsona garrantzitsuekin hitz egiteko aukera asko dauzkate. Nire kasuan, eta kanpotik ikusita, nire irizpide zuzena eman ahalko diet. Ez dakit irizpide ona edo txarra izango den, baina Euskal Herritik kanpo ikusitako elementu edo iritzi berezia da.

Ezagutzen al duzu alderantziko adibiderik? Hau da, japoniako kultura ikertzen ari den euskaldunik?

Bai, bai. Historikoki, Japoniara etorri zen lehen europarra Frantzizko Xabier santua izan zen, noski, kristautasuna zabaltzeko misioarekin. Baina euskara eta japonieraren arteko antzekotasunari buruz ere idatzi zuen. Gero, XX. mendean, adibidez apaiza zen Sauveur Candau (Iparraldeko euskalduna). Bera Japoniara etorri zen gerra baino lehenago, eta japoniera bikain menderatu ondoren japonieraz irratietan eta egunkarietan hitz egin eta idazten zuen. Eta gaur egun berak japonieraz idatzitako bilduma atera da kalera, nahiz euskal kulturari buruz, nahiz Japoniako kulturari buruz. Horregatik esan daiteke zuek ere Japoniako kulturari buruz interesa handia daukazuela.

Joan den egunean Chillida-Lekura joan nintzen. Nik Chillida izena bakarrik ezagutzen nuen, baina lekua zoragarria da. Gidaren azalpena entzun eta gero Chillida eta Zen edo Tahoismoaren arteko zerikusi handia dagoela konturatu nintzen. Harrituta nago! Adibidez, bere obraren inguruan gunea dago, alegia hutsunea. Zergatik dago hutsunea? Obra dagoelako. Eta zergatik dago obra? Hutsunea dagoelako, beraz obraren existentzia dago. Bata bestearekiko osagarri bezala. Honelako dualismoa Zen edo Tahoismoaren ideiarekin bat dator. Ez dakit nondik etorriko ote zitzaion ideia hori Chillidari... agian kristautasuna etorri baino lehenagoko pentsamendua edo... edo ez dakit.

Ze inpresio hartu duzu gure herritik zure azkeneko bisita honetan?

Hori zaila da esateko zeren azkenego 15 urteotan ez naiz etorri, eta euskara asko galdu dut. Gainera azken urte hauetako Euskal Herriaren aldaketa sakona nabaritu dut, bereziki Bilbon. Eta hori nolako aldaketa izan den esatea zaila da aste bateko egin dudan bidai honetan. Baina aldaketa nabarmena iruditzen zait.

Aldaketa esaten duzu; onerako edo txarrerako?

(Irribarretsu). Bi aldetatik. Adibidez, Bilboko Gran Vía lehen zabalik zegoen eta kotxe asko zeuden; orain oinez edo txirrindaz gurutzatu daiteke. Hori niretzako, lehen baino egokiagoa da. Eta Alde Zaharra, duela 20 urteko giroa mantentzen du, baina ez dakit hori ona edo txarra den... Usaina batez ere, hori da niretzat Bilboko usaia. Sho Hagio (Fukuoka, Japan, 1962) Sho Hagio Japonian jaio zen 1962an. Waseda Unibertsitatean ekonomia ikasketak burutu zituen 1986an eta 3 urte beranduago Tokion kanpo arazoetarako Masterra egin zuen. Gaur egun irakasle laguna da Nagoyako (Japonia) Institutu teknologikoan. Argitaratu dituen artikuluen artean hurrengo hauek azpimarra ditzakegu: “Jichishu Kokka Supein ni okeru (Rekishiteki Shohou) (“Derechos Históricos” in Spain of the Autonomous Communities)”, in MIYAJIMA, T. et al. (ed.), Chiiki-no Yoroppa (Europe of the Regions), Kyoto, Jinbun Shoin, 2007. “Henyo-suru Basuku Nasyonarizumu to Sono Tayousei (Basque Nationalisms; Transformation and Diversity)”, in TATEISHI, H. & NAKATSUKA, J. (ed.), Supein ni okeru Kokka to Chiiki (State and Regions in Spain; Nationalisms in Rivalry), Tokyo, Kokusai Shoin, 2002. “Basque Nationalism and Its Discourse on Language”, in MIYAJIMA, T. et al. (ed.), Regionalism and Immigration in the Context of European Integration, JSAS Symposium Series No.8, Osaka, National Museum of Ethnology, 1999. Basuku Jin, Tokyo, Hakusuisha. (Translation; J. Allières, Les Basques, 4e. éd., Paris, P.U.F., 1992.), 1992.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Jokin Larrañaga. Arabako Diputazioko Euskararen Foru-Zerbitzuko arduraduna: Arabako euskaldun asko militanteak dira eta hori oso aberatsa da herrialdearentzat

 

Irakurri

Mariasun Landa. Idazlea: Utopia historiaren motorra da eta 68ko maiatza hartan ezagutu genuen hori

 

Irakurri

Sagrario Aleman. Arturo Campion euskaltegiko zuzendaria eta euskaltzaina: Euskara ez dago inondik inora lasai egoteko egoera batean

 

Irakurri

José María Setién. Gotzaina: Amets egiten dut gizaki guztien topaketa baketsuaren ondorio gisako egitura politiko-sozialetan eraikitako herriarekin

 

Irakurri

Jorge Oteiza. Artista: Bizitzen jakin izan dut (Euskonewseko 1go zenbakian argitaratutako elkarrizketa)

 

Irakurri