Barandiaran Ikerketa Bekaren 2016ko deialdiak badauka proiektu irabazlea: “Ardoaren sare-e(t)nologia Arabar Errioxan: Materialtasuna, Agentzia eta Ondarea” izeneko lanari esleitu dio epaimahaiak saria.
Ikerketa bekaren azken edizioko deialdira aurkeztutako lanen artetik, Josu Ozaita Azpirozek eta Edurne Urrestarazu Garciak osatzen duten taldearen proiektua izan da saritua.
Epaimahaia 2016ko abenduaren 26an elkartu zen eta deialdira aurkeztutako 11 lanak aztertu ondoren hartu zuen erabakia. Ez da nolanahiko erabakia izan epaimahaiarentzat; adierazi duenez, "maila altua egon da aurkeztutako proiektuen artean".
Hainbat irizpidek eraman dute Arabar Errioxan kokatutako lana irabazle irtetera. Batetik, gaiaren egokitasuna dago, "Etnologiaren parametroetara eta ondarearen ideiara egokitzen da bete betean. Gainera, proposatutako ikerketa eremua antropologikoki gutxi ikertu den tokia da (Arabar Errioxa)".
Bestetik, proiektuaren ikuspuntua hartu dute ardatz: "Oso ondo zaindutako proiektua aurkeztu da, arina, ikuspuntu pertsonal batekin, baina izaera zientifikoa galdu gabe". Eta azkenik, hizkuntza: "euskarazko proiektua da".
Orain, urtebeteko tartea izango du lantaldeak lana aurrera eramateko.
Edizio mamitsua
2011 ezkero deialdirik egin gabe egon ostean 2016an berriz ere berreskuratu zen Barandiaran Ikerketa Beka, eta oso mamitsua izan da. "Batetik, eta aipatu bezala, maila altua egon da aurkeztutako proiektuetan. Bestetik, gai aniztasuna ere egon da eta horrek oraindik ikertzeke dauden eremu ugari uzten ditu agerian".
Ikertzaileen profila ere anitza izan dela azpimarratu behar da, hala, ibilbide luzea duten ikertzaileek zein hasiberriek euren interesa erakutsi dute.
Azkenik, epaimahaiak euskarazko proiektu ugari aurkeztu direla ekarri du gogora, 11tik bost, hain zuzen ere.