Zabalik da 2020ko Manuel Lekuona Sarirako hautagaitzak onartzeko epea. Euskal Komunitate Globalarentzat ekarpen garrantzitsua egiten dioten pertsonalitateen obra osoari (opera omnia) aitorpena egiten dio sariak.
Uztailaren 1etik irailaren 6ra aurkez daitezke hautagaitzak. Behin onartuta, irailaren 28tik urriaren 4ra, bozketa jarriko da abian Eusko Ikaskuntzaren web orriaren bidez. Azken boto kontaketa proportzio hauetan egingo da: %30 Eusko Ikaskuntzako bazkideekin, %10 Euskal Komunitate Globaleko kideen bozkekin eta %60 Epaimahai Instituzionaleko botoekin. Azken hori Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak eta Euskal Herrian erreferente diren entitateetako zazpi ordezkarik osatuko dute. Erabakia urrian zehar jakinaraziko da.
Sariaren oinarrietan adierazten denez, proposatzen diren pertsonek nabarmenak izan behar dute beren bizi ibilbidean, ez ezinbestean unibertsitate alorrarekin lotuta. Halaber, Euskal Kulturarekiko ekarpen eta konpromiso adierazgarria beharko du izan, baita balore unibertsala ere. Azkenik, hautagaiaren lanaren dibulgazioa kontuan edukiko da.
Era berean, emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatze aldera, emakumezkoen hautagaitzak sustatuko dira. Gainera, Euskal Herriko lurralde-errealitate ezberdinak islatzen dituzten pertsonak lehenetsiko dira.