2022ko Lekuona Saria Enkarni Genua txotxongilolariari emate-ekitaldia

Sariak

2023/02/27

2022ko Lekuona Saria Enkarni Genua txotxongilolariari emate-ekitaldia

Enkarni Genua txotxongilolaria, antzerki sortzaile, idazle eta kultur dibulgatzaileak 2022ko Manuel Lekuona Saria jasoko du martxoaren 16an.

Donostiako Udaletxeko Udalbatza Aretoan izango da ekitaldia, Mikel Arregik, Euskarabideko zuzendari nagusiak, epaimahai instituzionalaren ordezkari bezala, Ana Urkizak, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak eta agintari nagusiek hartuko dute parte.

Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letretako lizentziadun Enkarni Genuak Txotxongillo taldea sortu zuen 1971n, Manolo Gómezekin batera. Talde horrekin, mende erdi honetan, txotxongilo antzerkia euskaraz egin du eta egiten jarraitzen du latitude guztietan.

Hainbat generotako haur eta gazte literaturako lanak eta material didaktikoak argitaratu ditu idazle gisa. Bere sorkuntzetan, ahozko literaturaren eta euskal mitologiaren elezaharrak suspertzeko ahalegina nabarmentzen da, publiko berrietara egokituz. 1992tik aurrera, Titirijai, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia, eta, ondoren, TOPIC sortzen lagundu zuen —Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa—, biak Tolosan.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp