Abian da Eusko Ikaskuntzaren I. Berdintasun Plana

Berri korporatiboak

2019/10/29

Abian da Eusko Ikaskuntzaren I. Berdintasun Plana

Eusko Ikaskuntzaren Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Plana 2019-2022 urteen artean gauzatuko da.

Eusko Ikaskuntzak argi jasotzen du bere balore eta helburuen artean genero ikuspegia txertatuko duela bere ekimenetan. Halaber, berdintasun-irizpideekin jardungo dela, bai eta belaunaldien arteko lana sustatuko duela. Helburu sendoak dira eta praktikotasunera eramateko garaian erakundearen jardueran eta barne zein kanpo funtzionduan nola txertatzen diren aztertzeko hausnarketa sakona egin da, beti ere, errealitate bilakatu eta euren betetzea bermatze aldera.

Berdintasunaren aldeko apustua era argian eta ekintzen bidez azaltzeko helburuarekin hasi zen Eusko Ikaskuntza 2019ko otsailean hausnarketa prozesu bat gauzatzen, Murgibe berdintasun aholkularitza enpresaren eskutik. Geroztik, erakundearen barnean Berdintasun lantalde bat osatuta, diagnostikoa eta plana egin dira. Gainera langile guztiek formakuntza saioak izan dituzte berdintasunarekiko sentsibilizazioa eta emakumeen boteretzea sustatzeko helburuekin.

Eusko Ikaskuntzaren Berdintasun Plana hurrengo lau printzipioetan oinarritzen da: feminismoaren paradigma, genero ikuspegia, intersekzionalitatea eta emakumeen ahalduntzea.

Hiru dira 2022. urtera bitarte bete nahi diren helburu estrategikoak:

  1. Berdintasunean oinarritutako barne antolaketa sustatzea
  2. Berdintasunaren kultura eta balioen lanketa handitzea
  3. Genero ikuspegia proiektuetan sistematikoki lantzea

Helburu estrategiko hauek betetzeko 22 ekintza planteatu dira, Eusko Ikaskuntzaren Emakume eta Gizonen Berdintasunerako I. Planan jasota daudenak.

Testuinguru honetan, berdintasunaren aldeko apustu honen adierazle argia da aurten Bilboko Udalarekin batera Ibaiondoko udaltegian azaroaren 28an antolatutako “Intersekzionalitatea: identitate anitzak” sinposioa.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp