Berri korporatiboak

2012/02/27

AEE. 2012ra begira

Auñamendi Eusko Entziklopediak, 2011 urtean finkatutako lehentasuneko atalak mantentzen dituen arren, hots, Antropologia, Artea, Historia eta Literatura, 2012ko lanetan ikuspuntu berri batzuei ekingo zaie. Egungo euskal gizartean pertsona askok bizi diren herriko sorrera eta garapenaren historia ezagutu nahi dutelako, eta era berean, bisitari ugarik ezagutzen dituzten herrietako ondarean sakondu nahi dutela jakinik, euskal ondare arkitektonikoari buruzko edukiak landuko dituzte Auñamendi Eusko Entziklopedian aurten. Euskal ondarearen ikusmen-gida sendo bat sortu nahi da, edonork kontsultatu, ezagutu eta, nolabait, berreskuratzeko aukera izan dezan.

Artea ez ezik, literatura da aurten ikuspuntu berria jorratzen duen beste atal bat. Bere historia eta hainbat genero landuta dira jadanik eta 2012an zehar, euskal idazleen biografiak garatzeko jarriko da indar berezia, jadanik ibilbide sendo bat dutenenak eta baita pixkanaka bere lekua hartzen ari direnenak ere. Emakumea euskal literaturan eta Queer literatura izango dira, besteak beste, landuko diren interes handiko beste bi gai.

Bestalde, euskal kultura gure folklorearekin estuki lotuta dago, eta hori izango da, hain zuzen ere, Antropologia saileko gai nagusia 2012 urtean. Lan ildo honetan, euskal jai eta tradizioetan sakonduko da batez ere, pertsonaiak, jantziak, musika, dantzak izango direlarik, besteak beste, landuko diren eremuak.

Azkenik historiari dagokionez eta Nafarroako konkistaren V. mendeurrena betetzen dela jakinik, AEEn ere gai honi helduko zaio bereziki. Bestalde, errepublika, sozialismoa, langabezia, desindustrializazioa edo politikarien biografiak izango dira gehituko diren beste edukiak. Historian zehar garrantzitsuak izan diren gertaerak lantzeaz gain, gaur egun pil-pilean dauden gaiak ere landuko dira.

Informazio gehaigo http://www.euskomedia.org/aunamendi?idi=es
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp