Berri korporatiboak

2011/05/01

Agur bihoztia Jose Antonio Arana Martijari

Jose Antonio Arana Martija apirilaren 26an hil zen Gernikan, 80 urte zituela. Eusko Ikaskuntzako bazkide 1978an berrezarri ondorengo lehen momentutik (266. zenbakia zuen), José Antonio Arana Martija Musika Saileko lehendakari izan zen 1987 eta 1990 urteen artean.

Jose Antonio Arana Martijaren lana zabala da eta, zentzu askotan, oraindik gainditu gabea. Hori da 1976an argitaratu eta ondoren berrargitaratu den Música Vasca liburuaren kasua, tokiko musikaren historiaren inguruan egindako lehen bilduma lan global, zabal eta dokumentatua izan zen eta orain arteko bakarra da. Aipatzekoak dira baita Santa Cecilia eta Gernikako Andra Mari abesbatzen sorrera eta zuzendaritzan egindako lanak. Gainera, nabarmentzekoak dira euskal musika sistema hobetzeko egindako txostenak.

Euskaltzaindiko liburuzain 1978tik eta euskaltzain oso 1988tik, Jose Antonio Arana Martijak lan handia egin du dokumentalista eta bibliografo gisa, katalogo, kantutegi eta bestelako bilduma garrantzitsuak sortuz.

2008ko ekainean, Bilbon, erakundeak merezitako omenaldi publikoa egin zion, eta bere ibilbide eta lanari eskainitako Musiker. Cuadernos de Música alea argitaratu zuen.

Pasa den abenduan, Eusko Ikaskuntzako Batzar Iraunkorrak Manuel Lekuona Saria 2010 eman zion Jose Antonio Arana Martijari XX. mendeko bigarren erdialdeko euskal musikaren ikerketa eta zabalkundean irudi aktiboenetako bat izan delako. Hori dela eta, Pruden Gartziak eta Josune Olaberriak idatzitako bio-bibliografia kaleratu da, lan honen aurkezpena Manuel Lekuona Saria 2010 emateko ekitaldiarekin zen egitekoa udaberrian. Eusko Ikaskuntzak estimu eta miresmenez agurtu du konprometitutako bazkide, animatzaile eta kolaboratzaile nekaezina, euskal kulturaren aldeko zehaztasun, lan eta konpromisoaren adibide.

[+] Informazio gehiago

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp