Arabako erronka demografikoari aurre egiteko diagnostikoak eta proposamenak

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2021/10/28

Arabako erronka demografikoari aurre egiteko diagnostikoak eta proposamenak

Eusko Ikaskuntzak eta EHUk lurraldeen arteko desoreken aurrean gaur egungo egoerari eta etorkizuneko estrategiei buruz garatutako bi azterlan aurkeztu dituzte.

Gaur, osteguna, Gasteizen eta on-line formatuan ere, “XXI. mendeko landatartasun berria. Praktikak eta kontakizunak” izan da, Eusko Ikaskuntzak eta Arabako Foru Aldundiak antolaturik. Foro honi esker, Arabako errealitate demografikoaren eta etorkizunerako proiekzioaren inguruko bi azterlan ezagutu ahal izan dira.

Jardunaldiari hasiera eman diote Pilar García de Salazar Garapen Ekonomikoaren, Berrikuntzaren eta Erronka Demografikoaren foru diputatuak eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak.

Garcia de Salazarrek nabarmendu duenez, Araban ez da despopulazioaren fenomenoa gertatzen ari: “Datu estatistikoetatik harago joan nahi dugu, eta, horregatik, Arabako landatartasunari buruzko kontakizunaren azterketa eta eguneratzea egin genuen, herrietako bizitza ulertzeko modu berriei ahotsa emanez”. Halaber, azterlanak Eusko Ikaskuntzaren eta EHUren esku uztearen arrazoia azpimarratu du: “Azterlanek analisi zientifikoan eta ikuspegi erabat profesional eta neutralean oinarrituta egotea”.

Bestalde, Urkizak azpimarratu du Eusko Ikaskuntzak Lurralde Oreka programaren bidez Euskal Herriko errealitate geografiko ugarietan lurralde-oreka lortzeko erakundeak hartu duen konpromisoa: “Eusko Ikaskuntzak landa-munduaren errealitatea ezagutzeari ematen dio balioa. Adostasunak sortu eta etorkizun partekatuak definitu aurreko urrats gisa ezagutza dago”. Halaber, erakundeak 2016tik lantzen ari den lan-ildo horren ibilbidea azaldu du, aurreko zenbaitetan Arabara ekarri duena.

Aurkeztutako lehen lanak, Arabako despopulazio-prozesuaren azterketa demografikoa, analisia eta diagnostikoa, EHUko ikerketa-talde batek egina, Mari Cruz Porcal Gonzalo irakasleak zuzenduta, Arabako despopulazio-prozesuaren egungo egoeraren diagnostikoa egiten du, maila desberdinetan, eta arreta toki-erakundeetan jartzen du. Horri esker, populaziorik gabe geratzeko eta, azkenik, desagertzeko arriskuan daudenak identifikatu ahal izan dira.

Arabako Foru Aldundiak Eusko Ikaskuntzari emandako agindua, despopulazioa geldiarazteko eta Erronka Demografikoari aurre egiteko estrategia bideratze aldera, Herrietan eta landa eremuan bizitzearen aldeko ahotsak azterlanak etorkizunerako ikuspegia proiektatzen du, egungo inguruabarren ezagutzatik eta azaleratzen ari diren joeren esploraziotik abiatuta. Zuzendarietako batek, Imanol Esnaola bazkideak, eduki nagusiak aurkeztu ditu, lau ataletan banatuta. Lehenengoan, landatartasunari buruzko kontzeptualizazioak eta eztabaida akademikoak aztertzen dira. Ondoren, azterlanak egungo desoreken arazo eta kausa nagusiak zehazten ditu. Arabako gizarte zibileko herrien, gizarte-erakundeen, administrazio publikoaren eta komunikabideen inguruko narratiba eta diskurtsoak biltzen ditu hirugarren multzo batek, eta hori guztia Europako egungo testuinguruan kokatuta dago. Azkenik, lurraldeen kohesiorako eta orekarako paradigma berri bat proposatzen da, Arabako eragileen politika publikoak eta estrategiak definitzeko balioko duten zazpi eremutako esku-hartzeekin batera. Lan horren osagarri, herrien eta lurralde-aniztasunaren trataera komunikatiborako gida bat dago, Lurralde-orekarako Estilo-liburua liburua izenekoa.

Herrietan eta landa eremuan bizitzearen aldeko ahotsak txostena eta Lurralde-orekarako Estilo-liburua liburua Eusko Ikaskuntzaren web orrian kontsulta daitezke: www.eusko-ikaskuntza.eus.

Jardunaldiaren bigarren zatian, mahai-inguru baten bueltan hainbat ahots bildu dira Arabako landa-inguruneari buruz dauden gizarte-iruditeriari eta etorkizuneko joera posibleei buruz hausnartzeko. Aritz Ibañez (Mendialdea Radio), Irantzu Lekue (artista garaikidea), Marta Martín (Noticias de Álava) eta Unai Ugarte (Radio Vitoria) aritu dira hizketan, Ion Muñoa (Eusko Ikaskuntza) moderatzaile zelarik.

Eusko Ikaskuntzaren Lurralde Oreka programaren baitan jasota dago ekimena, eta azaroaren 17an Añanan eta abenduaren 1ean Maeztun beste bi jardunaldi egingo dira, Arabako Foru Aldundiak eta Vital Fundazioak babestuta.

XXI. mendeko landatartasun berria. Praktikak eta kontakizunak

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp