Argitalpen berriak

Gure bazkideak

2025/01/10

Argitalpen berriak

Azken hilabeteetan, bazkideek ikerketa-lanak argitaratu edo editatu dituzte.

NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle eta bazkide Orreaga Ibarra Murillok zuzendu du Huarte de San Juan aldizkariaren monografikoa, lehen eta bigarren hizkuntzaren irakaskuntza gramatikalari buruzkoa. Doan eskura daiteke unibertsitate horretako on line biltegi instituzionalean, Academica-e gunean.

Óscar Alvarez Gila historialariak ¿Conforme a la razón natural? Perspectivas interdisciplinares de la esclavitud y otras situaciones de trabajo forzado lana argitaratu du. Liburu horretan, 23 adituk esklabotza aztertzen dute historiaren bidez, eta haren balioespen juridikoa, morala eta ekonomikoa lantzen dute, baita literaturan eta memorian duen presentzia ere, azken mendeetako ezkutuko esklabotza moduak barne.

Igone Altzelai Uliondo Merkataritza Zuzenbidea: aplikazio zabaleko zenbait lege — Derecho Mercantil: leyes de aplicación general laneko egileetako bat da. EHUk “Legeak/Leyes” bildumaren barruan argitaratutako liburuak merkataritza-trafikoan gehien erabiltzen diren arauetako batzuk, merkataritza-banaketaren sektoreko funtsezko bi arau eta kreditu- eta ordainketa-tresnei buruzko legeria biltzen ditu.

Azaroaren 13an, Patxi Juaristi bazkidea EHUren kudeaketan bizitako esperientziaz mintzatu zen eta Politika, boterea eta gobernantza. EHUtik egindako irakurketa liburua aurkeztu zuen. Oreki Fundazioak eta Sabino Arana Fundazioak antolatutako mintegian, euskal tradizioak erakundeen kudeaketan duen garrantziari eta gobernantzaren erronka berriei buruz.

Leire Imaz Zubiaurrek zuzendu du Zuzenbide zibila. Obligazioak, kontratuaren teoria orokorra eta kontratuak EHUk argitaratutako liburu kolektiboa, Itziar Alkorta eta Irantzu Beriain Flores bazkideek lagunduta. Zuzenbideko ikasleei zuzendua, eskuliburu honek kontratu bat nola idatzi, kontratu-betebehar bat nola interpretatu eta betebehar eta erantzukizunei buruzko azalpenak eta adibideak erakusten ditu.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp