Argitalpenak

Gure bazkideak

2025/07/16

Argitalpenak

Hiru izenburu berri atera dira hilabete honetan bazkideen argitalpenen katalogotik.

Rosa Ayerbe bazkideak zuzentzen duen Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián y Gipuzkoa argitalpenaren 58. zenbakia aurkeztu zen ekainaren 17an, Eusko Ikaskuntzako bost ikerlariren lanekin. “Ikerketak” sailean, Pedro Berriochoak Angel Cruz Jaka historialariari buruz dihardu; Anton Ugarte Muñozek Gipuzkoako monumentu historiko eta artistikoen batzorde probintziala bere bigarren garaian, 1866-1889; eta Josu M. Zulaika Hernandezek Zailtasunak euskarazko predikaziorako aztertu ditu: Dificultades para la predicación en euskera: el caso de Errenteria y los capuchinos a mediados del siglo XVII. “Miszelanea” atalean, Pedro Gorrotxategik Conversando sobre Luis Martín-Santos. Testimonios 1984-1992 lanaren bigarren zatia argitaratu du. eta Carlos Rilovak gauza bera egiten du Contra Napoleón. La resistencia antinapoleónica guipuzcoana, 1808-1812 artikuluarekin. 

Jon Kortazar bazkideak azken urteetan Lauaxetari buruz idatzi dituen artikuluak bildu ditu, bai argitaratutakoak, bai argitaratu gabeko batzuk. Esteban Urkiaga, Lauaxeta. Poesia, artea, ideologia izenburupean (Pamiela argitaletxea), bere lehen kapituluetan Lauaxetaren poesia artearekin eta ideologiarekin lotzen du; eta bigarren zatian, "santu kulturalen" teoriari jarraiki gizarteak Lauaxetaren bizitzari eta obrari egin dion harrera aztertzen du, poetak gaur egun duen presentzia neurtzeko asmoz. Poetaren irudi argitaragabeekin eta garaiko argazkiekin ilustratuta dago liburua.

Idazle bilbotarraren heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrena dela eta, Gabriel Arestik ereindakoak, 1975-2025 liburua argitaratu dute. Gabriel Aresti Katedraren zuzendaria den Patxi Juaristi bazkideak koordinaturik, EHUko bost fakultatetako 35 irakasle eta ikasleren ekarpenak biltzen ditu. Bere ekarpenek literatura genero ezberdinak, ikerketa ikuspegiak eta komunikatzeko eta hausnartzeko moduak uztartzen dituzte. Testuekin batera aurki daitezke marrazkiak, lan grafikoak, akuarelak, irudi digitalak, komikiak, litografiak, collageak... Argitalpenaren helburua da idazlearen mezuek egungo gizartearentzat duten balioa eta gaurkotasuna azpimarratzea eta belaunaldi berriei Arestiren figura hurbiltzea.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp