Laura Mintegi nobelagileak, Patxi Juaristi soziologoak eta Xabier Irujo eta Unai Belaustegi historialariek sinatuko dituzte hil honetako nobedade bibliografikoak.
Ia bi hamarkadako isiltasun literarioaren ostean, Laura Mintegik bere seigarren eleberria kaleratu du, Akabo, maitasuna, identitatea, bikote harremanak eta komunikazioa ardatz hartuta. Hilketa batetik abiatuta, Oxford, Bartzelona eta Euskal Herritik igarotzen da kontakizuna. Baina krimena aitzakia bat da, izan ere, egileari axola zaizkionak ez dira bikote baten kideen arteko harremanak bakarrik, baita adiskidetasunean, familian eta esparru profesionalean sortutakoak ere.
Argitalpen berri honekin batera, Txalaparta argitaletxeak Laura Mintegiren 2006ko eleberria, Ecce homo, berrargitaratu du.
Idazle bilbotarraren heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrena dela eta, Gabriel Arestik ereindakoak, 1975-2025 liburua argitaratu dute. Gabriel Aresti Katedraren zuzendaria den Patxi Juaristi bazkideak koordinatu du eta EHUko bost fakultatetako 35 irakasle eta ikasleren ekarpenak biltzen ditu. Bere ekarpenek literatura genero ezberdinak, ikerketa ikuspegiak eta komunikatzeko eta hausnartzeko moduak uztartzen dituzte. Testuekin batera aurki daitezke marrazkiak, lan grafikoak, akuarelak, irudi digitalak, komikiak, litografiak, collageak... Argitalpenaren helburua da idazlearen mezuek egungo gizartearentzat duten balioa eta gaurkotasuna azpimarratzea eta belaunaldi berriei Arestiren figura hurbiltzea.
Xabier Irujo eta Unai Belaustegi bazkideek, Iñaki Lopez de Luzuriagarekin batera, Euskal Herriaren bilakaera historikoaren euskarazko sintesi dibulgatibo eta eguneratua proposatzen dute. Jean-Paul Sartrek zioen bezala, "iragana ere alda daiteke, historialariek etengabe erakusten dute". Garai bakoitzak bere historia mota egiten baitu, gehienetan estatuen garaipen politiko eta militarren babesean. Horrek noranzko bakarreko narrazioa edo kontakizunaren monopolioa izateko arriskua dakar. Horixe da Iraganaren lekuko. Euskal Herriaren historia (Txalaparta) lanaren abiapuntua.
