Abenduaren 21ean, asteazkena, beteko dira 25 urte Jose Miguel Barandiaran antropologo, etnologo eta apaiz euskalduna hil zenetik. Egun horretan bertan, ekitaldi berezia egingo dute Ataunen, Sara Etxean.
Urriaren 20an eman zion hasiera Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak efemeridearen harira antolatutako egitarauari. Hala, Euskal Herriko bost hiriburutan garatu dira “Europa, Barandiaran eta baloreak” izeneko mahai-inguruak; azkena abenduaren 15ean izan zen, Baionako Euskal Museoan.
Fundazioak mahai-inguruen balorazio positiboa egiten du, gipuzkoar unibertsalari ikuspuntu ezberdin batetik begiratzeko xedez antolatu ziren eta ikus-entzuleak pozik irten dira: Barandiaranen baloreei, Europarekin eta zientziarekin izandako harremanari zein euskal gizartearen eta kulturaren arteko erlazioari buruz gehiago ikasteko aukera izan dute hitzorduetara bertaratutakoek.
Barandiaranen irudia aldarrikatuz
Egitarauaren itxiera ekitaldia abenduaren 21ean egingo da, 12:30ean hasita, Ataungo Sara Etxean eta Barandiaranen irudia aldarrikatuko da bertan. Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria eta Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria izango dira ekitaldiko buruak.
Gonbidatuen artean, Barandiaranek berak harremana izan zuen erakunde eta pertsonak daude, unibertsitate, kirol, literatura eta kulturako beste hainbat esparru ordezkatuta egongo direlarik.