Berri korporatiboak

2014/12/21

Batzar Nagusiak Estatutu berriak onartu zituen

Eusko Ikaskuntzako Estatutu proiektua babestu zuen gehiengo zabalarekin, abenduaren 19an Donostian izan zen Ezohiko Batzar Nagusiak.

Ezohiko Batzar Nagusia

Iñaki Dorronsoro Presidentearen esanetan "Eusko Ikaskuntzako gertuko historiaren baitako Batzar garrantzitsua" izan zen, lehen zatian 2014an egindako lanaren berri eman zen: kudeaketaren ebaluazioa, betetze maila eta egoera ekonomikoa. Beste sail batean, Presidenteak Asmoz eta Euskomedia Fundazioei buruzko informazioa eman zuen, egun Eusko Ikaskuntzaren baitako beharretara egokitzeko berraztertzen ari baitira. Estatutuen aurkezpena Juan Luis Moraguesek egin zuen, testua idatzi duen komisioko kide gisa. Estatutu hauen bi helburu nagusi nabarmendu zituen: funtzionamendu markoa duela urtebete onartutako "Eusko Ikaskuntzaren oinarrizko eredu eta egiturara" egokitzea, eta funtzionamendu arin eta malguagoa izango duen egitura sortzea. Zehaztasunez egindako aurkezpenean, Moraguesek estatutu proiektuan jasotako definizio, gobernu organo, administrazio eta kudeaketa alderdi nagusiak puntuz puntu azaldu zituen. Bazkideen txanda iritsi zenean, zientzia jarduera, argitalpen, lurraldetasun, genero, barne komunikazioa edo Eusko Ikaskuntzaren Kongresuak bezalako gaiei buruzko galderak eta zuzenketak planteatu ziren. Batzorde Eragileko kideek mahai gainean jarritako galderei erantzun zieten. Proposamenak onartzeko behar dituen bi herenak baino gehiago jaso zituen: emandako botoen %95,23, bertaratu zein ordezkatutakoak, aldekoak izan ziren, %3,17 kontrakoak eta %1,58 boto zuriak.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp