Berri korporatiboak

2015/05/18

Batzar Nagusiak Kontseilu Errektoreko bost ordezkariak aukeratu zituen

Maiatzaren 16an izan zen Eusko Ikaskuntzaren urteroko Batzar Nagusia eta gobernu organoak sortzeko prozesuaren azken urratsa eman zen. 2014ko Memoria eta kontuak onartu ziren.

Batzar Nagusiak

"Batzar honekin duela bi urte Eusko Ikaskuntzak hasitako egituraren egokitzea amaitu da. Gaur ziklo bat itxi eta etapa berri bat zabaldu da", azaldu zuen Iñaki Dorronsoro Lehendakariak bazkideek lurralde bakoitzeko Kontseilu Errektoreko bost ordezkariak aukeratzeko botoak eman baino lehen.

Eguneko gai ordenan aurreikusi bezala, 2014. urteko jarduerak eta memoria ekonomikoa aurkeztuz hasi zen Batzarra, Arrate Arin, Proiektu eta Pertsonen Garapenerako Zuzendariak egin zuen aurkezpena. Paperean banatu zen eta webean ere baden urteko memoria onartu zuen Batzarrak.

Jarraian, Prospektiba, Estrategia eta Proiektu Berrien Zuzendari Beatriz Akizuk 2015erako jarduera plana aurkeztu zuen. Bost erronka nagusi izango ditu urteak: bost lan taldeak finkatzea eta haztea, testuinguru azterketa etengabea, Eusko Ikaskuntzaren posizionamendua hobetzea, eta oinarrizko eredu eta egitura garatzea. Abian diren proiektuak aurkeztu zituen eta eskura dauden baliabide ekonomikoak eta egonkortasuna eta emaitzak lortzeko oinarrizko alderdi zenbait zehaztu zituen: pertsonen kudeaketa, IKTetan oinarritutako proiektu berrien zabalkundea ezagutza, marketin eta komunikazioa, eta kudeaketa operatiboa ezagutza gizarteratu eta garatzeko.

Iñaki Dorronsorok urteko jarduera laburpenean, Eusko Ikaskuntzaren funtzionamendu berria, abian dauden programak, Asmoz eta Euskomedia Fundazioak, erakunde publiko, unibertsitate, enpresa eta abarrekin harreman bide berrien zabaltzea aipatu zituzten.

Galdera txanda iristean, Eusko Ikaskuntza zientzia eta kultura konpetentziak eratuko dituen entitate koordinatzaile bihurtu ahal izateko ideia sakondu zen, horrela, Euskal Herriko alor zenbaitetan lan egiten duten entitate, talde, elkarte eta abarrei laguntzeko.

Hautagaiak

Azkenik, Kontseilu Errektoreko bost ordezkariak aukeratu ziren, lurralde bakoitzeko bat. Aurkeztu ziren hautagaiak hauek izan ziren: Anjeles Iztueta (Araba), Juan Luis Moragues (Bizkaia), Xabier Alkorta (Gipuzkoa), Argitxu Camus Etchecopar (Iparralde) eta Mikel Aranburu Zudaire (Nafarroa). Guztira, bost hautagaitzek emandako botoen %96,87ren babesa lortu zuten, %1,56 ezezko botoak izan ziren eta %1,56 zuri.

?

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp