"Euskal Herria eta garapen iraunkorra helburu eta ekintza plana" berrikuspena. Duela bost urte baino gehiagotik 300 pertsona inguruk osaturiko lan taldea elkarlanean aritu da Eusko Ikaskuntzarekin, Iraunkortasunaren alorrean Euskal Herrian aldaketa bat bultzatzearren. Egiteko horren ondorioz "Euskal Herria eta Garapen Iraunkorra Helburu eta Ekintza Plana" idazkia atera zen, krisia lehertu aurretik argitara emandakoa.
Dokumentu horrek, orduan aurreikusitako gertalekuetan oinarrituriko hausnarketaren emaitza, gaurkotasun handia mantentzen du, baina zenbait alderdi ditu berrikusi behar direnak.
Ildo horretatik Eusko Ikaskuntzak indarrak batu ditu gai honetan sakontzeko interesa duten beste euskal eragile batzuekin: Innobasque, Aclima Euskadiko Ingurugiro Industrien Kluster Asoziazioa eta MLC-ITS Mugikortasun eta Logistika Klusterra.
Honela sortu da BAI+5 berrikuspen prozesua, uztailaren 12an abiatuko dena eta bere lana urte amaierarako prest izatea aurreikusten duena. Hartarako, sei lan talde osatuko dira: baliabideak, ekonomia, enpresa dinamismoa, mugikortasuna eta lurraldea, gizartea eta energia.
Lau erakunde partaideetako bazkide guztiak prozesu honetan esku hartzera gonbidaturik daude. Interesatuek beren datuak bidal ditzakete helbide honetara: bai@eusko-ikaskuntza.org.
