Antón Ugarte Muñoz bazkideak Eusko Ikaskuntzarekin lotura duten balio historikoko bi lanen argitalpena prestatu du.
1932 eta 1936 artean Bonifacio Echegaray Cortak Euskal Herriaren Historiarako Sarrera idatzi zuen Eusko Ikaskuntzak eskatuta. Obra amaitu gabe geratu zen Gerra Zibila hasi zenean, baina hiru kapitulu idatzita utzi zituen: “Geografia”, “Nombres del País Vasco” eta “Prehistoria”. Orain "Julio de Urquijo" Euskal Filologiako Mintegiaren Urtekariak argitaratu ditu Antón Ugarte Muñoz bazkidearen azterketa eta edizioarekin.
Amerikako eta Europako Atlantikoko euskal nabigazioen historiari buruzkoa da Les Basques dans l’Atlantique Edmond Buron-en (1874-1942) lana. Bere aurkezpena Lizarrako 1936ko iraileko Eusko Ikaskuntzaren VII. Kongresuaren egitarauan sartu zen, estatu kolpearen ondorioz bertan behera geratu zena. Eskuizkribuaren zenbait kopia Kanadan daude, eta Iura Vasconiae Fundazioak eta EHUk argitaratu dute lehen aldiz, Antón Ugarteren edizio eta sarrerarekin.
