Berri korporatiboak

2013/05/01

Donostiako hirian zehar hiru bisitaldi gidatu egingo dira

Donostiaren erretze eta suntsiketaren 200. urteurrenerako Eusko Ikaskuntzak antolatu duen programa akademikoaren baitan, maiatzaren 19an eta ekainaren 9 eta 16an, hiru bisita gidatu burutuko dira. Izen emate epea irekia dago dagoeneko.

San Telmo Museoa. Donostia Egilea: WILKINSON, Henry (primera mitad S-XIX) Izenburua: "San Sebastian"

"Tragediaren bidearen atzetik: paseo bat Donostiaren setio, suntsiketa eta berreraikuntzaren eszenategietan barrena"izenburupean hiru ibilbide izango dira 1813ko gertaerak protagonizatu ziren txoko eta toki nagusietan zehar. Lehenengo bisitaldia Alvaro Aragon historialariak egingo du maiatzaren 19an goizeko 10.00etan. Irteera San Bizente elizatik izango da. 1813an hiriaren suntsiketarekin bukatu zuten zorigaiztoko gertakari haietan protagonistak izan ziren egungo Donostiako kaleak erakustea da ibilaldi honen helburua.

Bigarren bisitaldia aldiz ekainaren 9an izango da, Andrea Etxanizen eskutik, irteera goizeko 10.00etan hau ere San Bizente elizatik. Bisita gidatu honetan, 1813ko tragediaren aurretik donostiarrek zuten bizimodua ekarriko da gogora. Bestetik, hiria okupatu zuten frantziar soldadu eta gerora setiatu egin zuten soldadu ingeles-portugesen nondik norakoak ere azalduko dira, baita tragedian eta honen ostean donostiarrek bizi izan zituzten egoerak ere.

Hirugarren bisita aldiz, ekainaren 16an izango da, ordu berean eta toki berdinetik, hau gazteleraz Larraitz Arretxearen eskutik eta hiri berriaren eraikuntzan oinarrituko da.

Hiru bisitetarako izen emate epea irekirik dago eta interesatuek bazkideak@eusko-ikaskuntza.org helbidean edota 943423219 telefono zenbakian egin dezakete.

Azkenik maiatzaren 23an Zorroaga Fundazioan Belaunaldiarteko mahai ingurua izango da goizeko 11.00etan. Zorroagako nagusi egoiliarrek eta La Salle Ikastetxeko ikasleek ez ezik, senideek eta hurbildu nahi duen herritar orok ere parte hartu ahal izango dute. Amaia Nausia eta Juan Aguirre izango dira moderatzaileak.

Ikusi gehiago

San Telmo Museoa. Donostia Egilea: Fidel Múgica Izenburua: "Vista de la ciudad de San Sebastian // y sus alrededores, // tomada del Castillo de la Mota" / "Vue de la ville de St. Sebastien // et ses environs // prise de la citadelle"

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp