Eusko Ikaskuntzak Miramar Jauregia utziko du eta Usurbilera joango da behin-behingoz, Txikierdi industrialdeko lokalera (Asteasuain, 14), Donostiako Bergara kaleko lokal berria egokitu bitartean.
1994ko ekainaz geroztik Eusko Ikaskuntzaren egoitza nagusi izan den Miramar Jauregiari agur esango dio uztailaren amaieran. Donostian dituen bulego berriak egokitzeko lanak bukatzen ari dira, baina lekualdaketa atzeratu egin da eraikinaren egiturarekin eta saneamenduarekin zerikusia duten ezustekoen ondorioz.
Trantsizio aldi horretan, Eusko Ikaskuntzak normaltasunez funtzionatzen jarraituko du eta ohiko kanaletan jarriko du arreta, baina ez du egoitza fisikorik izango Bergara kaleko 19. zenbakian dagoen egoitza berria inauguratu arte. Denbora tarte horretan posta bidez komunikatu nahi dutenentzat postontzia jarri da helbide honetan: Bergara kalea, 19. 20005, Donostia.
Eusko Ikaskuntzak etorkizuneko aldaketei buruzko informazio zehatza emango du posta elektronikoaren bidez, baita Asmoz ta Jakitez aldizkariaren bidez ere.