Eusko Ikaskuntzak aktiboki parte hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkarteen Foroan sortutako Elkartiri ikus-entzunezkoaren diseinuan eta sorkuntzan.
Duela bost urte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak eta lurraldean parte-hartzea sustatzen duten elkarteek Elkarteen Foroa sortu genuen.
Foroaren helburu nagusien artean, alde batetik, elkarrekiko ezagutzan sakontzea (elkarteak eta elkarren arteko eragileak eta elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundia) eta, bestetik, Gipuzkoan egiten den asoziazionismoa eta gizarteari egiten dion ekarpena aitortzea, sozializatzea eta ikusaraztea. Ordezkatutako asoziazionismoa, gainera, askotarikoa da bere helburuei eta jorratzen dituen gaiei dagokienez.
Helburu horiek gogoan, 2023ko udaberrian udalei zuzendutako PREST dokumentua sortu genuen (udazkenean udalekin partekatua), non erakundeen eta elkartegintzaren arteko lankidetzarako deia egiten genuen. Era berean, Elkarteei zuzendutako beste bertsio bat ere landu zen Foroan. Mezu honen hedapenean beste urrats bat emanez, ideia honen zabalkundean lagunduko duen ikus-entzunezko bat sortu dugu: Elkartiri.
Probokazio kutsu nabarmena duen ekimen honen bidez, inongo udalerritan ezagutu nahiko ez genukeen fenomeno baten kontzientzia sortu nahi dugu, gure herri, auzo eta hirientzat elkarterik ez izatearen ondorioak zeintzuk izan daitezkeen agerian utziz.
Bai jatorrizko ideia bai gidoia, forotik bertatik sortu ziren, eta “aktoreak” foroan parte hartzen duten elkarteetako boluntarioak dira, Eusko Ikaskuntzako ordezkaria barne.
