Berri korporatiboak

2011/12/01

ENE 2011 kanpaina arrakastatsua

Beste urte batez, Eusko Ikaskuntzak abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko kanpainak berebiziko erantzuna izan zuen hala internauten aldetik nola komunikabideen aldetik.

Euskararen Nazioarteko Eguna 1949an sortu zuen Eusko Ikaskuntzak berak euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna aldarrikatzeko. Aurtengoan, euskal historian eredugarri izan diren emakumeak omendu dira. Hori dela eta, hainbat alditako eta guztiz diziplina eta jarduera askotariko 44 emakume ospetsu aukeratu ziren. Kukuxumusuk espresuki gertaera honetarako diseinaturiko kamisetaren protagonista ditugu 44 emakume horiek.

Parte hartzea bultzatzearren, internautak Eusko Ikaskuntzaren web gunean sartzera eta emakume horietako batzuei buruzko lau galderako galde-sortari erantzutera gonbidaturik zeuden. Auñamendi entziklopedia birtualaren funtsak ezagutzera ematea zen azken helburua, bertara biltzen baitira euskal historiarekin eta pertsona ospetsuekin zerikusia duten milaka biografia eta dokumentu. Erantzun zuzenak asko izan ziren, eta horien artean zozketatu ziren kamisetak.

Bestalde, euskara eta euskal kultura sustatzen kanpoko elkarteek gauzaturiko lanaren aitormenez urtero eman ohi den ENE SARIAren seigarren aldiak marka hautsi du aurkezturiko hautagaitzen kopuruari dagokionez. Madrilgo Euskal Etxea gertatu da irabazle, elkarte hau Madrilen bizi ziren euskaldunen bilgune eta jarduera soziokulturalen animazio zentro gisa sortu zen 1979an. Izan ere, Madrilen euskarazko eskolak ematen ditu eta gaur egun hiru irakasle eta 160 ikasle ditu, sei ikasmailatan banatuak. Euskara eta euskal kulturarekin zerikusia duten jarduerak gauzatzen ditu erregulartasunez.

Aitorpen publikoak eta Nestor Basterretxea artistak diseinaturiko anagramaren eskultura erreprodukzioa emateko ekitaldiak mamitzen dute Sari hau, azken honetarako data oraindik finkatu gabe dagoela.

[+] Informazio gehiago

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp