Nafarraldean garatu dira hile honetan ekitaldi nabarmen ugari: Manuel Irujo Sariaren banaketa, Joanes Albretekoari eta Catalina Foixekoari omenaldia eta Iruñerriko irratiaren lizentzia eta frekuentzia berriaren aurkezpena.
Lizarran, pasa den ekainaren 4ean, Asier Barandiaran, Eusko Ikaskuntzako Nafarroako lehendakariordeak, eta Mikel Aramburu lurralde bokalak Manuel Irujo sariaren emanaldian parte-hartu zuten Eusko Ikaskuntzaren izenean. Lizarrako Irujo Etxeak antolatutako XVI. Manuel Irujo Sari banaketan Arantzazu Amezaga Iribarren idazlea saritua izan zen On Manuel Irujo Olloren oroimenak bizirik irauteko egindako lana eskertuz.
Iñaki Anasagastiri egokitu zitzaion saria banatzearen ardura. Berarekin batera, besteak beste, Koldo Viñualesek, Irujo Etxeko lehendakariak, Manu Aierdik, Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta Nafarroako beste erakundeetako ordezkariek parte-hartu zuten.
Ekitaldiari amaiera emateko Lizarrara bertaratutako erakunde ezberdinetako ordezkariek Arantzazu Amezagaren omenean egindako bazkarian parte-hartu zuten.
Horretaz gain, Eusko Ikaskuntzak Lizarra Bizirik taldeak, Lizarraldean oroimen historikoa berreskuratzen ari den taldeak, ekainaren 18an, larunbatean, Lescarreko katedralean nafar erregei, Joanes Albretekoari eta Catalina Foixekoari omenaldiari babesa eman dio. Omenaldian Nafar Gobernuaren ordezkariek, Nafar Parlamentuaren Lehendakaria eta sei merindateetako ordezkariek parte-hartu dute.
Amaitzeko, pasaden maiatzaren 26ean Iruñan ospatutako Euskalerria irratiaren agerraldian Eusko Ikaskuntzak parte-hartu zuen Iruñerriko irratiari bere babesa agertzeko. Euskalerria irratiak, urteetan euskararen alde egindako lanaren ondorioz, aurten Gobernuaren lizentzia eta frekuentzia berria lortu ditu, FM 98.3.
Euskalerria irratiak urteotan izandako kolaboratzaile, lagun eta babesleekin egin zuen agerraldia.
