Berri korporatiboak

2015/05/18

Eredu Soziekonomikoak: irizpideak eta gaiak

Eredu Sozioekonomikoen alorreko lan taldearen lehen bileretan irizpideak finkatu eta zenbait gai definitu dira.

Eredu sozioekonomikoak

Eredu Sozioekonomikoen taldeko lanaren oinarriak Eusko Ikaskuntzaren "izaerarekin" bat datoz: zorroztasun zientifikoa, belaunaldi arteko lana, erakunde arteko lankidetza, euskararen erabilera, diziplina artekotasuna, lurralde arteko zubi, hiritarrekiko harremanak, genero ikuspegia eta independentzia ideologikoa. Irizpide orokor hauez gain, egin dituzten lehen hiru bileretan (azaroan, otsailean eta apirilean) taldearen lana bideratuko duten irizpideak definitu dituzte:
  • Balore eta kontrabaloreak: ekimena, berrikuntza, ekintzailetza, solidaritatea, lankidetza eta humanismoa bezalako baloreak, eta egungo gizartean nagusi diren eta kolektiboari aurrera egin dezan oztopatzen dioten kontrabaloreak daude (esaterako, diruzalekeria, gizakien duintasunaren lepora mugarik gabeko anbizioa eta gizarte desberdintasun handiak).
  • Euskal Herriko lurralde bakoitzeko errealitatearen azterketa bultzatuko da, garapen ekonomiko, sozial eta demografikorako dituen gaitasun endogenoak. Alegia, arreta berezia jarriko zaie azterketa mikroekonomikoei lurralde eta eskualdetako zehaztasunei erantzuteko.
  • Gizarte eta ekonomia arazoek gizarte eta ekonomia eragileen arteko akordioak behar dituzte. Eragileen arteko adostasuna.
  • Jarrera proposatzaile eta ekintzailea. Ikerketak izango dira oinarri, baina talde honen helburua haratago joan eta errealitatean eragitea izango da.
Bestalde, zenbait gai nagusi zehazten hasi dira, ibilbide ertain-luzeko proiektuak eta laburrerako ideia zenbait definitzeko balio dutenak:
  • Historian gizarte kohesionatua ekarri duten faktore eta arrazoien azterketa. Gizarte kapitalaren ikerketa eta sustapena.
  • Euskal Herrian trantsizio energetikoa sustatzeko ikerketa eta jarduerak.
  • Zahartze aktiboa sustatu erronka demografikoari aurre egiteko.
  • Zenbait konpetentzia ez edukitzeak eta Estatuekiko dependentziak dituen inplikazio eta kosteen ikerketa (herri ez izatearen kostea).
  • Nekazaritza eredu berriak. Sektorean jarduera onak sustatzea, lurralde arteko lankidetza.
  • Milurtekoko Helburu Berriei buruzko erronka eta konpromisoak Euskal Herritik Euskal Herrira.
Taldea zabalik dago. Zehazten diren gaietan interesa duen edozein pertsona edo entitatek ez dezala zalantzarik izan Arrate Arin dinamizatzailearekin harremanetan jartzeko (arrate.arin@eusko-ikaskuntza.eus).
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp