Berri korporatiboak

2014/11/12

Eremu Nagusiak: lan taldeen lehen urratsak

Eusko Ikaskuntzaren lan eremuen garapenerako taldeen lehen bilera izan zen urriaren 24ean Donostiako Miramar Jauregian eta abiatzeko oinarriak ezarri ziren.

Gurs

Bilkurara deituak izan ziren Eusko Ikaskuntzako bazkideak eta bazkideak ez direnak, ekainean Baionan, Iruñea eta Durangon izandako topaketetako parte-hartzaileak eta proiektuarekiko interesa adierazi zutenak. Iñaki Dorronsoro Presidenteak orain arte egindakoaren berri eman zuen hasieran. Eta azpimarratu zuen, Eusko Ikaskuntzak XXI. mendeko Euskal Herriaren azterketa prospektiboen lanketaren erronkari heldu behar diola gizartearen garapen iraunkorra gako izanik. Jarraian, Prospektiba, Estrategia eta Proiektu Berrien zuzendaria den Beatriz Akizuk lan ildoak eta funtzionamendu markoa aurkeztu zituen. Identifikatu eta definitu diren lau eremu nagusiak Euskal Herriko gizartearen problematika orokorrekin lotuta daude: eredu sozio-ekonomikoa, egitura sozio-politikoa, errealitate sozio-kulturala, euskara etorkizunaren aurrean.? Horiei beste bosgarren eremu bat gehitu behar zaio, zeharkako izaera duena, etorkizuneko eszenatokien eraikuntzaren prospektiba alorrak bilduko dituena: "Etorkizuna irudikatu". Lana Eusko Ikaskuntzaren izaerarekin bat datozen printzipioetan oinarritzen da: zorroztasun zientifikoa, belaunaldi desberdinak uztartuz, erakundeen arteko lankidetza, euskararen erabilera, diziplina artekoa, lurraldetasuna, herritarrekin lotuz, genero ikuspegia eta independentzia ideologikoa. Oinarriak ezarrita, taldeen sustatzaileak aurkeztu ziren: Arrate Arin (eredu sozio-ekonomikoa), Arantza Cuesta (errealitate sozio-kulturala), Koro Muro (euskara etorkizunaren aurrean) eta Beatriz Akizu (egitura sozio-politikoa eta etorkizuna irudikatu). Zortzi irizpide definitu ziren taldeen zeregina gidatzeko: diziplina artekoa, ikuspegi zientifikoa, masa kritiko nahikoa, belaunaldi integrazioa, generoen arteko oreka, lurraldetasuna, hiritar eta beste erakundeekiko lotura. Irizpide hauek jarraituta lan taldeak sortzeko erronka planteatzen da. Urriaren 24an sortutako nukleoetatik abiatuta, taldeak haziz eta aberastuz joango dira, Eusko Ikaskuntzako bazkideak zein kanpoko pertsonak gehituz. Horregatik, asmo handiko programa honetan parte hartzeko interesa duten pertsona guztiei ari zaie luzatzen gonbidapena. Tarte irekian parte hartzeko moduak, taldeetan parte-hartzeko aukera desberdinak, aurreko urteetan garatutako Garapen Iraunkorreko Diziplina Anitzeko BAI izeneko Programa Bereziarekin izan zen esperientzia edo Eusko Ikaskuntzak abian jarritako proiektuaren erronka maila aipatu ziren besteak beste. Saioaren bukaeran, taldeka bildu ziren: lehen partaideak aurkezteaz gain, azarotik aurrera egin daitezkeen lan posibleak iradoki ziren.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp