Asistentzia ona eta publiko eta hizlarien arteko elkarrizketa aktiboa izan zen Mungian euskal erromerien iragan eta orainari buruz antolatutako ekitaldian.

Urriaren 23an "Domeketako Erromerie" izenburuarekin antolatutako jardunaldia Arrate Arinek zabaldu zuen Eusko Ikaskuntzaren ordezkari gisa, Eusko Ikaskuntza izan baita jardunaldiaren antolatzailea, Mungiako Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan.

Roberto Etxebarria Goikoetxeak "Mungia eta inguruko herrietako erromeriak, musikariak eta musika-tresnak" gaia landu zuen eta Kepa Otaegi Garciak "Jota eta porru zaharrak erromerietan" izan zituen mintzagai. Hitzaldiak bukatuta, Aritz Martin Boschek eztabaida gidatu zuen eta bertan euskal folklorearen adierazpideari buruz orokorrean eta konkretuki bizkaitarraren inguruko gai ugari landu ziren.
