Etxebizitzen biziberritzeari buruzko jardunaldi arrakastatsua Baztanen

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2018/04/18

Etxebizitzen biziberritzeari buruzko jardunaldi arrakastatsua Baztanen

Gaurkotasun osoa duen gaia dela frogatu zuen jardunaldiaren partaidetza altuak.

Zer egin daiteke Baztanen eta inguruetan eta, oro har, landa-eremuan dauden etxebizitza hutsekin eta zein aukera daude hauek biziberritzeko? Galdera honi erantzuna ematen saiatu ziren martxoaren 23an Baztango udaleko pleno aretoan bildu ziren berrogehi bat lagunek. 

Gaiaren konplexutasuna kontutan hartuta, ikuspegi ezberdinetatik landu zen. Lehenik, GAINDEGIAko Julen Landak etxebizitzaren afera testuinguru orokor batean kokatzeko datuak eman zizkigun, arazo zabalago baten barnean sartuz: lurralde desoreka eta landa eremuaren garrantziaren galera etengabea. Eta honi lotuta beste hainbat gai zabal ukitu ziren: demografia, garapen ekonomikoa, aniztasuna, etab.

Bigarrenik, LURSAREA eta NASUVINSAko Arantza Arregui Alberro, Aintzane Oiz eta Xabier Urtiagak, administrazioaren esparruan etxebizitzen zaharberritzea sustatzeko neurri konkretuak plazaratu zizkiguten, helburu ezberdinen arabera dauden diru-laguntzetan bereziki zentratuz. Gainera, Doneztebeko Plan Berezia ekarri ziguten eredu gisa.

Azkenik, Baztango arkitekto talde batek, ikuspuntu tekniko eta arkitektonikotik etxebizitzak berritzeko dauden zailtasunak eta aukerak aipatu zituzten. Amaieran, hainbat entzuleren kezkak eta komentarioak entzun genituen, gaiak bereziki  erakundeen aldetik lanketa sakona eskatzen duela ondorioztatuz.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp