Euskal Hezkuntza Sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen

Proiektuak

2023/10/20

Euskal Hezkuntza Sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen

Urrats berrian egingo den azterketa burutzeko eta analisirako egitura definitzeko elementuak modu parte-hartzailean jaso dira.

Irailaren 30ean eman genion hasiera urrats berriari Ficoban bildu genuen foroarekin. Etapako lau talde iraunkorrak osatuko dituzten herrialde guztietako adituak eta arituak eta, jendarte mailako eragile anitzak elkartu ziren. Guztira, 60 pertsona inguru. Hasiera eman diogun fase berrian egingo den azterketa burutzeko eta proposamen kohesionatzaileak lantzeko analisirako egitura definitzeko elementuak jaso genituen.

Orain arte egindako ibilbidean jasotako azpimarrak printzipio gidari gisa hartuta, jauzi kualitatiboa ematea nahi dugu hasi berri dugun hurrengo fasearekin. Euskal-hezkuntzagintzari ezagutzaren sistematizazioa eta zorroztasun metodologikoa gehitzea nahi diogu aurrekaririk ez duen Euskal Herri mailako ariketa kolektibo honi.

Fase honetan bi helburu nagusi bilatzen ditugu, beti ere, Euskal Herriaren jendarte eta lurralde kohesioa eta sistema beraren kohesioa trinkotzeari begira. Batetik, euskara eta euskal kultura ardatz izan nahi dituen sistema baten ikuspegitik eta lurraldetasunaren zatiketa gaindituz, berariazko etapen eztabaida ardaztuak burutuko ditugu (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza; Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa; Lanbide Heziketa; Unibertsitatea-Goi Maila). Bestetik, Euskal Hezkuntza Sistema egitura sistemiko eta zirkular gisa interpretatuz, etapa guztiek osatzen duten ekosistema trinkotzeko ezinbestekoak diren egiturazko zehar-lerroen definizio partekatua garatuko dugu. Kohesioa praktikan eraikitzen delako, hezkuntza-etapa bakoitzeko praktikara jaitsiko gara, ekimen kohesionatzaileak landu eta sistematizatu ahal izateko. Euskal Herria osatzen duten herrialde guztiak bilduko dituen balizko hezkuntza sistema-eremu baten oinarriak irudikatzeko bideak zedarritzen lagunduko digutenak.

Euskal Hezkuntza Sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen  koEHSioa

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp