Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu

Proiektuak

2022/03/23

Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu

Datozen bi urteetan garatuko den proiektuak unibertsitateko masterdunak/doktoregaiak bilatzen ditu Garapen Taldea osatzeko.

Orain aurkezten dugun proiektua Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko Adierazpenean jasotako “Identitate partekatu eta komunitate egitasmoa eraikitzea” lan-ildoaren barruan kokatzen da. Euskal lurraldeen kohesioa eta elkartasuna sustatzen eta aurrera egiten jarraitzea du helburu.

Euskal lurraldeetako herritar gehienak euskal nortasunarekin identifikatzen direla, baina lurralde guztietan identitate bera ez dutela jakinda; lan honek, XXI. mendeko euskal herritarren azpian dauden elementu, asmo eta itxaropenak ezagutaraziz, euskara eta euskal kultura ardatz nagusi izaten jarraituko duen gizarte kohesionatzaile bat eraikitzen lagundu nahi du.

Herritartasuna, aniztasuna onartzea, proiektu partekatuak bilatzea, aniztasuna balio komunen inguruan integratzea, etab. nortasun kolektiboari buruzko edozein azterketa edo lanen azpian dauden kontzeptuak eta ideiak dira. Kontzeptu horiek guztiak hartuz, ‘Euskal nortasuna(k) XXI. mendera begira: 2050 helburu’ proiektuak egungo euskal gizartearen identitatea nola ulertzen, imajinatzen eta garatzen dugun definitu nahi du.

Helburu hori lortzeko, hiru fasetan banatutako lan-ildo bat diseinatu da: lehenengoan, gaur egungo euskal identitatearen oinarri diren elementuak ezagutu eta ulertzen lagunduko digu; bigarrenean, asmoetatik eta itxaropenetatik abiatuta, etorkizuneko euskal nortasun kolektiboa eraikitzeko proposamenak egingo ditu; eta hirugarren eta azken fasean, emaitza horiek herritarrekin eta eraikuntza horretan laguntzen dutenekin alderatzea aurreikusten da.

Bi lantalde izango ditugu proiektuaren buru: Talde Eragilea eta Garapen Taldea, unibertsitateko masterando eta/edo doktoregaiez osatuta egongo dena. Garapen Taldea osatzeko deialdia zabaldu da eta hemen aurkituko duzue informazioa.

Proiektuaren garapenean egingo diren ekintzak, albisteak, etab., eta fase bakoitzaren emaitzak Eusko Ikaskuntzaren ohiko bitartekoen bidez jakinaraziko dira. Oraingoz, "Proiektuak" atalean laburpen bat jasotzen da eta proiektuaren faseetan aurrera egin ahala eguneratzen joango dena.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp