EuskarAbentura 2022: espediziorako 130 gazteak hautatuak

Berri korporatiboak

2022/04/11

EuskarAbentura 2022: espediziorako 130 gazteak hautatuak

Eusko Ikaskuntzak aurkezten diren lanen ebaluaketa prozesuan parte hartzen du, PuntuEUS Fundazioarekin batera.

EuskarAbenturako elkarteko kideek 2022ko edizioan parte hartuko duten 130 gazteen izenak jakinarazi dituzte. Pandemiak hezkuntza ez formalean, aisialdian, kulturan eta erlazionatzeko moduetan izan duen eragina aski ezaguna dugu eta EuskarAbenturan ere eragina izan du, aurreko edizioekin konparatuz, aurtengoan jasotako izen-emate kopurua txikiagoa izan delako. Horrek hala ere ez du baldintzatuko aurtengo espedizioaren antolaketa ezta ibilbidea ere.

Antolaketari begira EuskarAbenturako elkarteko kideak PuntuEUS Fundazioaren eta Eusko Ikaskuntzaren laguntza izan dute beste behin izen-emate prozesuan jasotako lanen baloraziorako. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako eta diasporatik jasotako lan historikoak, literarioak (ipuiak, olerkiak,…), musikalak, ikus-entzunezkoak eta artistikoak (margolana, collagea, argazkia,…) ebaluatzeko ardura izaten du Eusko Ikaskuntzak. Lanketa hori aurrera eramateko, ezinbestekoa izaten dugu zenbait bazkideen laguntza, haiei esker burutzen baita ebaluazioa.

Prozesu honetatik atera dira abenturaren parte hartzaile izango diren 130 gazteak. Egitasmoaren arduradunek 10 neska-mutil gehiagori jzioquitar izateko aukera eskainiko baitie edizio honetan. Jatorri desberdineko neska-mutil hauek elkar-ezagutu eta hilabetez elkarrekin esperientzia ahaztezin bat bizitzeko aukera izango dute.

2022ko EuskarAbentura jatorrizko espedizioaren ibilbidera bueltatuko da. Uztailaren 1ean Mauletik abiatuko dira 130 gazteak eta 30 helduak, espedizioaren ‘familia urdina’ osatzen duen taldea, eta uztailaren 31an Getxora helduko. Hilabetez abentura honek eskainitako esperientzia ez da gure lurraldearen paisaia eta natura ezagutzera mugatuko, ekintzak bestelako xedeak badituelako. Euskal Herria modu osasuntsuan ezagutzeko eta euskararen erabilera sustatzeko helburuaz gain, euskal kulturaren ezagutzan eta transmisioan ere eragiten du ekintza honek. Aldi berean, antolatzaileek abenturan parte hartu nahi duten gazteak gaurkotasuneko gaietan hausnartzen jartzea bilatzen du.

Hilabetez 16-17 urte bitarteko 130 jzioquitarrek espedizioan zehar egingo diren topaketetan aurtengo gaietan sakontzeko aukera izango dute. Edizio honetarako aukeratutako gaiek egungo gizartearen elementu eta balioek gazteen nortasun indibidual eta kolektiboaren eraikuntzan duten eraginari buruz gogoeta egiteko aukera emango diete. Ondorengoak izan dira hiru gaiak: ‘Gure aisiaren espazioa’, gazteen arteko elkar-ekintza sustatzen duten guneen erabilpena, diseinua, etab.; ‘Fast fashion’ edo moda azkarraren eragina kontsumoan, ingurumenean, gauzen balioa, etab. ; eta, ‘Zer ginen, zer gara eta zer izango gara’ gaiak, aiton-amonen bizimoduarekin alderatuz, egungo bizimodu, ohitura eta balioen bilakaeran eta aldaketetan hausnartzeko parada eskainiko die gazteei.

Espedizioko egunetan gai hauetan sakontzeko bisita, hitzaldi, jolasak etab. jasoko dituzte aditu eta arituak diren pertsonen eskutik. EuskarAbenturak bere webgunean eta sare sozialetan ekintza hauen berri ematean joango da.

Adierazi bezala uztailaren 1etik 30a bitartean ‘familia urdina’ izango da gazteen bidelagun. Espedizioko begiraleak, sendagileak, erizainak, gidariak, logistika arduradunak, kameralariak eta kazetariak osatzen dute familia urdina. Talde honetan parte hartuko dutenek ere formakuntza berezia jasotzen dute espedizioa hasi aurretik. Taldea honen hautaketa, lan-eskaintza bidez egiten da.

Informazio hau eta bestelako berriak EuskarAbenturaren webgunean aurki daiteke.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp