EuskarAbentura Espedizioa 2020

Proiektuak

2020/05/22

EuskarAbentura Espedizioa 2020

COVID-19ak EuskarAbenturaren aurtengo edizioa airean utzi du, hilabete honen amaieran antolatzaileek hartutako erabakia jakinaraziko dute.

Aurreko bi urteetan bezala aurten ere Euskal Herria zeharkatuko zuen espedizioa, Mauletik Getxora, uztailaren 1etik 31ra egitekoa zen. Apirilaren hasieran EuskarAbenturako talde antolatzaileak, ordea, espedizioaren hirugarren edizioa uztailetik abuztura atzeratuko zela jakinarazi zuen; azken erabakia, beti ere, egoera orokorra eta osasun-baldintzak kontuan izanez, maiatzaren bukaeran hartuko dute. Espedizioan parte hartzeko interesa adierazi duten 16-17 urte bitarteko neska-mutilek azken erabakiaren zain jarraitu beharko dute.

Aurtengo edizioa 2003 eta 2004 urte artean jaiotako gazteei zuzenduta zegoen eta, urtero lez, parte hartzeko neska-mutilek proiektu bat eta motibazio gutun bat aurkeztu behar zuten. Martxoaren 10erako 284 neska-mutilek eruren lan artistiko, musikal edo literarioak bidali zituzten edizio honetako gai bat jorratuz: Mugak gaindituz integraziora bidean, Natura plastifikatua eta Euskal emakume sortzaileak. Hiru urte hauetan jaso diren lan kopuruari so egitea besterik ez dugu, EuskarAbentura gazteen artean interesa piztu duela ikusteko: lehen edizioan 140 lan jaso ziren, 263 lan 2019an eta aurten 284 proposamen jaso dira.

Lanen ebaluaketa prozesuak pandemiaren etxeratze-aginduarekin bat egin zuen. Egitasmoaren talde sustatzaileak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEUS Fundazioaren laguntzarekin, lanen ebaluaketa bideratu zuen. Eusko Ikaskuntzak lan historikoak, literarioak (ipuiak, olerkiak,…), musikalak, ikus-entzunezkoak eta artistikoak (margolana, collagea, argazkia,…) ebaluatzeko ardura izan du eta, besteak beste, natur zientzietan, antropologian, musikan eta ikus-entzunezko komunikazio gaietan aditu diren Eusko Ikaskuntzako zenbait bazkide irakasle eta idazle lan horretan aritu dira. Balorazioa egiteko ebaluatzaileak kontuan hartzen du lanaren originaltasuna, estiloa, teknika eta kalitatea.

Apirilaren 15ean espediziorako txartela eskuratu duten parte hartzaileen zerrenda argiratzatzekoak ziren EuskarAbenturako arduradunek, egungo egoerak bultzatuta hori ere atzeratu egin dute maiatzaren 31ra arte.

Espedizio honek hiru helburu nagusi ditu: gazteen artean euskararen erabilera sustatu eta normalizatzea; gazte euskaldunen sare berri bat sortu eta elikatzea; eta, Euskal Herriko natura-ondasun eta ondasun historiko nahiz kulturalen transmisioa bermatzea.

Horretaz gain, hasieratik EuskarAbenturako kideek argi zuten ekintza kolektibo honek ohitura linguistikoetan izan dezakeen eragina neurtzeko eta baloratzeko esperimentu soziolinguistiko egokia izan zitekeela. Horrela, 2018ko bigarren edizioan espedizioko parte hartzaile guztiei, Jzioquitar gazteei eta abenturan parte hartzen duten gainerako pertsonei (begiraleak edo xerpak, sendagile eta erizainak, komunikazio-taldea, etab.), abentura hasi aurretik galdeketa bat luzatu zitzaien eta hori bera abentura amaitu ondoren. Neurketa honen lehen emaitzak 2019ko martxoan aurreratu zituzten Eibarko …eta kitto! Euskara elkarteak antolatutako Euskararen Transmisioren inguruko IX. mintegian.

Emaitza hauekin, espedizioak hizkuntza-jarreretan duen eraginaren azterketa kualitatiboa egin du. Izaro Arruti, 2018ko eta 2019ko espedizioetan xerpa lanetan aritu den gaztea, izan da ikerketa horren egilea. “Hizkuntza jarrerak eta praktikak gazte euskaldunen artean: Hizkuntza-muden ikerketa kualitatiboa EuskarAbentura espedizioan” ikerketan, Izaro Arrutik EuskarAbentura elkarteak egindako lanketaren emaitzak baieztatu eta, horretaz gain, bestelako ondorioak ere aurkeztu ditu.

Orokorrean, egileak, hizkuntza-mudak eremu eta giro sozial ezberdinen artean gertatzeaz gain bizitzako etapa ezberdinen artean ere ematen dela defendatzen du, subjetuak pribilegio zein erantzunkizun berriak bereganatzen dituelako. Euskarak, instrukziorako eta inposatutako hizkuntza izateari uzten dionean eta asialdiko espedizio abenturazale batean parte hartzeko tresna bezala aurkezten denean, euskararen aldeko hizkuntza-mudak errazago gauzatzen dira. Ikerketa honen informazio osagarria hemen aurkituko duzu.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp