Asmoz Fundazioak euskarazko hezkuntza sustatzen duten proiektuen aldeko apustua egin du, material didaktikoak eginez EIMA programaren laguntzarekin.
EIMA, Euskal Ikas Materialgintza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak 1982an hasi zuen programa da, eta ordutik indarrean jarraitzen du, euskarazko material didaktikoak sortzea sustatzeko, haien kalitatea zaintzeko eta administraziotik material horiek hedatzen laguntzeko helburuarekin.
Testuinguru horretan, Asmoz Fundazioak euskarazko hezkuntza formatu digitalen bidez sustatzeko lau plataforma didaktiko sortu ditu azken urteotan: "Haurrak eta Musika", "Haurrak eta Musika II", "Tribuaren berbak" eta "Hizkuntzarekin jolasean". Horiek guztiak doakoak dira eta publikoarentzat irekita daude, edozein pertsonak edo ikastetxek material didaktiko horiek eskuratzeko aukera izan dezaten.
“Haurrak eta Musika” (2016) eta “Haurrak eta musika II”. Haurtzaroko adin tartean haurrak bere ingurunean kokatzen hasten dira, baina horretarako garrantzitsua da lehendabizi beren burua ezagutzea. Bide horretan, gorputzeko atal desberdinak ezagutzeko musika, abestiak eta mugimenduak erabiltzea lagungarria izango da.
Horrela, bi proiektuek, alde batetik haurren nortasuna eta autonomia pertsonala garatzen laguntzeko jarduerak egingo ditugu haurraren auto‐irudia eraikitzen lagunduz. Bestetik, adin tarte hauetan behar beharrezkoak diren mugimenduak eta jolasak eskaintzen ditu, haurraren garapenean hain garrantzitsua den psikomotrizitatea lantzeko. Material didaktiko honetan proposatzen diren edukiak jardueren sekuentzia baten arabera ordenatuta azaltzen dira. Horrela, irakasleak edo hezitzaileak konbinazio desberdinen arteko saioak antolatu ahal izango ditu, ikasleen, beharren edo jakin-minaren arabera.
Tribuaren Berbak egitasmoa 2019. urtean diseinatu zen, EITBren eta Kike Amonarrizen laguntzarekin. ETBko Tribuaren berbak programako materiala erabiliz, material honen oinarria Euskal Herriko euskararen eta eleaniztasunaren gaineko oinarrizko ezagutza soziolinguistikoa lantzea da.
Azkenik, 2020an, Hizkuntzarekin Jolasean. argitaratu zen. Hiru unitatetan banatutako hainbat jardueraz osatutako material honen bidez, euskararekin jolastea da helburua: hieroglifoak edo istorio barregarriak asmatuz, hitzen esanahi ezkutuak aurkituz, jolasak prestatuz, umorea umorez landuz eta txiste berriak sortuz. Eta dena, beti, modu interaktibo, parte-hartzaile eta ludikoan; hau da, talde-lana eta euskararen erabilera sustatuz.
Gaur egun, Asmoz Fundazioa euskarazko material didaktikoen proiektu berri bat prestatzen ari da, Landarbaso Abesbatzarekin elkarlanean, haurrak musikaren eta kultura musikalaren bidez munduko kulturen inguruan ikasi dezaten.