Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak, urteko bigarren bileran, Eusko Folklore Urtekariaren zuzendaritza berritzea erabaki zuen Pio Perez gidari izendatuz.
Azaroaren 13an, Sara Etxean ospatu zen bileran, besteak beste, 2024ean aurrera eramandako ekintzak izan zituzten berbagai, baita datozen urteetara begirako erronkak ere. Azken horien artean eta Eusko Folklore Urtekariari dagokionez, aho batez onartu zuten erakundeetako ordezkariek Fundazioaren proposamena.
Hala, orain arte zuzendari aritu den Abel Ariznabarretari (2023az gero Fundazioko lehendakaria ere badena) erreleboa hartuko dio Pio Perezek. “Orain arteko erredakzio batzordea lau kidek osatzen dute eta beste hiru gehituko zaizkie”. Perezekin batera Jon Mentxakatorre eta Eider Arruti sartuko dira kide berri bezala, orain arte aritu diren Ixone Fernandez de Labastida, Patxi Juaristi, Anuntxi Arana, Abel Ariznabarretarekin batera jardunez; idazkaritza teknikoak, ostera, Zuriñe Velez de Mendizabalen esku segitzen du.
“Lan handia egin da orain arte aldizkaria argitaratzeko eta argitalpen zientifikoari buruzko nazioarteko arauak ezartzeko eta bide beretik jarraituko dugu”, aipatu du zuzendari berriak.
Hurrengo bilera Bizkaian
Sara Etxeko egongela izan da 2024ko patronatu bileren elkargune; azaroaren 13an berriz, 2025eko urteko lehen bilera Bizkaia aldean izatea proposatu zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkari Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Euskara, Kirola eta Kultura saileko foru diputatuak eta aho batez onartu zen.
