Eusko Ikaskuntzak eta Euneiz Unibertsitateak indarrak batu dituzte

Berri korporatiboak

2026/02/17

Eusko Ikaskuntzak eta Euneiz Unibertsitateak indarrak batu dituzte

Bi erakundeek lankidetza-esparru bat eratzea adostu dute gizarte eta hezkuntza arloetan, hitzarmen bidez, ikerketa- eta dibulgazio-proiektuak garatzeko helburuarekin.

Eusko Ikaskuntzak, bere lehendakari Ana Urkiza andreak ordezkatuta, eta Euneiz Unibertsitateak —Euskal Unibertsitate Sisteman integratuta eta egoitza Gasteizen duena—, bere errektore Eva Eguiguren Medinabeitia andreak ordezkatuta, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute astearte honetan, otsailaren 17an. Hitzarmen horren bidez, bi erakundeak elkarlotzen dira datozen lau urteetan.

Hitzarmen honen bidez, Eusko Ikaskuntzak eta Euneiz Unibertsitateak lankidetza-esparru bat eratzea aurreikusten dute gizarte eta hezkuntza arloetan, bi aldeentzat interesgarriak diren esparruetan ikerketa- eta dibulgazio-proiektuak garatzeko. Halaber, ezagutzaren zabalkundearen alde indarrak batuko dituzte, eta baliabideak partekatuko dituzte, bai giza baliabideak bai baliabide materialak.

Lehen jarduera gisa, hitzarmenak aurreikusten du Euneiz Unibertsitateak parte hartzea Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Saria Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien arloko epaimahaian, bai eta Eusko Ikaskuntzaren Ikerketa Sustatu eta Bultzatzeko Programaren deialdian eta epaimahaian. Horrela, dagoeneko bertan diren euskal eremuko zortzi unibertsitateei batuko zaie.

Bestalde, Eusko Ikaskuntzak eta Euneiz Unibertsitateak aztertuko dute irakaskuntzaren osagarri izango den programa bat abian jartzeko aukera, enpresekin lankidetzan ikasleei prestakuntza praktikoa eskaintzeko.
Orain sinatutako lankidetza-esparru hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, baina beste hainbeste urtez luzatu ahal izango da, baldin eta bi aldeek hala adosten badute.

Eusko Ikaskuntza eta Euneiz unibertsitatearen arteko hitzarmena

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp