Eusko Ikaskuntzak gizarte zibilak Europako subiranotasun  gatazkei buruz duen iritzia jaso du

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2022/03/21

Eusko Ikaskuntzak gizarte zibilak Europako subiranotasun gatazkei buruz duen iritzia jaso du

"Europar Batasuna subiranotasun gatazken aurrean: argitasun marko baterantz" izenburupean, nazioarteko eztabaida-jardunaldia egin zen.

Europa gerra batean sartuta dagoen honetan, martxoaren 21ean, aurrez aurre Donostian eta on-line formatuan egindako nazioarteko jardunaldian, Europako subiranotasun-gatazkei konponbide demokratikoa emateko bideak bilatzeko beharrean sakontzea nahi izan zen.

GUE/ENGL (The Left in the European Parliament) eta RE (Renew Europe) Europako parlamentu-taldeak antolatuta eta Eusko Ikaskuntzaren babes zientifikoarekin, topaketan subiranotasun lurralde gatazkak konpontzeko oinarrien dokumentuaren azken bertsioaren inguruan hausnartu zen. Dokumentu horren lehen bertsioa 2020an landu zen, Eusko Ikaskuntza eta Institut d 'Estudis Catalans erakundeak sustatuta, eta nazioarteko ibilbide ezaguneko 80 adituk baino gehiagok hartu dute parte.

Dokumentu hori gizarte zibilari zabaltzeko eta Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzian (CoFoE) aurkezteko asmoz, jardunaldia gaikako hiru paneletan egituratuta zen, eta hitzaldiak zein publikoarekin hitz egiteko tarteak egon ziren, baita partaidetza dinamika bat burutu ere.

Lehenengo atala Subiranotasun-gatazken kudeaketa demokratikoa Estatuan, Europan eta mundu osoan. Europaren Etorkizunari buruzko Konferentziarako ekarpenak hainbat ikuspegietatik gaur egungo egoeran kokatzeko ariketa izan zen. Francesco Palermok (Institute for Comparative Federalism – EURAC), planteamendu teoriko batetik, konstituzionalismoa jarri zuen subiranotasun-gatazkei aurre egiteko oinarritzat, baina dituen mugetaz ohartaraziz. Nicola McEwenek (Center for Constitutional Change – CCC) panorama globalari begiratu zion, eta, horretarako, politika konparatua aipatu zuen, Eskoziaren kasuan begirada jarriaz. Gemma Ubasartek (Gironako Unibertsitatea) eta Juanjo Alvarezek (UPV/EHU) Europa eta Estatuari so egin zioten, eta, azkenik, Maite Zelaiaren (UPV/EHU) moderazioari esker, elkarrizketa bizia izan zen hizlarien eta bertaratuen artean, bai on-line bai aurrez aurre.

Bigarren blokea, Argitasun marko baterantz Europan. Oinarrien dokumentuaren edukiak Eusko Ikaskuntzak eta Institut d'Estudis Catalans-ek sustatutako subiranotasuneko lurralde-gatazkak konpontzeko oinarrien dokumentuan oinarritu zen. Aurrez aurreko eta on-line partaidetzazko eztabaida-dinamika baten bidez, bertaratuek beren ekarpenak egin zizkioten dokumentuari, eta azpimarratu eta txertatu beharreko indar-ideiak nabarmendu zituzten, bai eta dokumentua ezartzeko proposamenak ere.

Azkenik, jardunaldia Dimentsio instrumentala: Europako erakundeetan argitasun marko bat ezartzeari buruzko panelarekin amaitu zen. Neus Torbiscoren (Graduate Institute Geneva) hitzaldia “Mapatze instituzionala: Europar Batasunak argitasun marko bat ezartzeko eskaintzen dituen aukerak” izan zen. Ondoren, Europan proposatu daitezkeen ekimenei buruzko mahai-ingurua egin zen, eta honako hauek hartu zuten parte: François Alfonsi (Fermu a Corsica, Greens/EFA), Izaskun Bilbao (EAJ/PNV, Renew), Pernando Barrena (EH Bildu, The Left), Jordi Solé (ERC, Greens/EFA), Toni Comín (Junts, NI) eta María Eugenia Rodríguez Palop (Podemos, The Left) europarlamentariek. Azken hau Joxerra Bengoetxeak (UPV/EHU) moderatu zuen.
 

Europar Batasuna subiranotasun gatazken aurrean: argitasun marko baterantz

Jardunaldian parte hartu zuten adituek azpimarratu zuten beharrezkoa zela Estatuen arteko eta Estatuen barneko gatazkak tresna demokratikoak erabilita konpontzea, eskubide eta askatasunen begirunea ziurtatze aldera. Bat egin zuten legalitateak bide eman beharko liokela konponbideari, baina indarrean dagoen legediak – estatuetakoak edota europarrak–, ez duela bide egokirik eskaintzen herritarren eta herrien borondate demokratikoa eta eskubide eta askatasunak babes daitezen. Horretarako, argitasun markoa ikusten zuten erreminta egokitzat estatuen baitan sortzen diren lurralde subiranotasunaren inguruko eskaera modu demokratikoan kudeatzeko. Zentzu horretan, zuzenbide konstituzionala gatazkak ekiditeko tresna bihurtu beharko litzatekela adierazi zuten.

Europako argitasun markoak aterki aproposa eskainiko lizkioke Estatu mailako legediari. Europako erakundeek tresnak izan badituzte subiranotasun lurralde gatazkak konpontzeko behar den argitasun marko hori osatzeko. Donostian bildutako Europako Parlamentuaren ordezkaritza anitzak, baikorrak izateko arrazoi nahikoa eman zituen. Horrekin guztiarekin, oinarrien dokumentua aberastuko da, eta burututako partaidetza dinamikaren ekarpenak gehituko zaizkio, Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzian (CoFoE) aurkeztu ahal izateko.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp