Elkartzen gaituena oinarri izanda, elkar ezagutzea eta elkarrengandik ikasteko izango dira Hik Hasik antolatu dituen Euskal Herriko ikastetxeak ezagutzeko bisita pedagogikoak.
Hik Hasi egitasmoa Eusko Ikaskuntzaren hezkuntza taldean lanean ibili da azken urteotan eta, kohesioari so, Euskal Herriko zazpi ikastetxe barrutik eta bertatik bertara ezagutzeko aukera eman nahi dute bisita pedagogikoen bitartez. Izan ere, irakasleen eskaeretatik eta beharretatik abiatuta sortutako ekimena da eta Euskal Herriko eskoletan esperientzia interesgarri eta praktika onak ezagutzeko aukera erraztu nahi da horrela.
Mugaz eta sareez gaindiko ekimen honek Euskal Herria kohesionatzeko aukera ematen du, modu zehatz eta errealean. Bisitatzen diren ikastetxeetako arduradunek proiektu pedagogikoaren oinarriak eta nondik norakoak azaltzen dituzte, espazioak erakusten dituzte eta haien egunerokotasuna deskribatzen dute. Bildutakoen artean galde-erantzunetarako tartea izaten da, esperientziak partekatuz.
Bisitak larunbat goizetan egiten dira:
- Urtarrilaren 18an Arrasateko (Gipuzkoa) Arizmendi ikastola: DBHren etengabeko eraldaketa erakutsiko da.
- Otsailaren 8an Gasteizko (Araba) Aranbizkarra ikastetxea: aniztasunari nola erantzuten dioten azalduko dute.
- Martxoaren 22an Tolosako (Gipuzkoa) Herrikide ikastetxea: emozioak eta gatazkak nola kudeatzen dituzten esplikatuko dute.
- Apirilaren 12an Arnegi-Luzaideko (Nafarroa Garaia eta Beherea) herri eskola elkartua: Euskal Herriko mugaz gaindiko eskola bakarra da eta euskararen, frantsesaren eta gaztelaniaren lanketa nola egiten duten azalduko dute.
- Martxoaren 17an Lekeitioko (Bizkaia) Azkue Natura ikastola: haurren, irakasleen eta familien zaintza nola lantzen duten erakutsiko dute.
2024ko udazkenean egin ziren bi: Arbizuko (Nafarroa Garaia) Kattuka haur eskolara eta Donamartiriko (Nafarroa Beherea) Arberoa ikastolara.