EzBerdin Berdinak abenduaren 19 eta 20an amaituko du bere bira Donostian, mila partaidetik gora erakarri ondoren

Proiektuak

2025/12/02

EzBerdin Berdinak abenduaren 19 eta 20an amaituko du bere bira Donostian, mila partaidetik gora erakarri ondoren

Proposamen berritzaile hau Tabakalerako patioko eszenara iritsiko da, artea eta hausnarketa uztartuz.

Gaur goizean aurkeztu da Donostiako Eusko Ikaskuntzaren egoitzan EzBerdin Berdinak proiektuaren bira amaiera, zeinaren azken bi saioak Tabakalerako patioan izango diren abenduaren 19an eta 20an, 19:00etan.

Eusko Ikaskuntzak, Kukai Dantza Taldearekin elkarlanean, EzBerdin Berdinak ekimena diseinatu du topagune eta elkar ulertzeko espazio gisa. Euskal nortasun garaikideari buruzko gogoeta piztu nahi duen proposamen artistiko eta parte-hartzailea da, eta ikusleari gonbita egiten dio “nor garen, zer partekatzen dugun eta nola eraiki nahi dugun gure etorkizun kulturala”galdetzera.

EzBerdin Berdinak egitasmoan Euskal Herri osoko artista ugarik parte hartzen dute, diziplina anitz barneratuz: dantza garaikidea, musika, bertsolaritza, antzerkia eta beste hainbat. Kulturen eta hizkuntzen arteko fusio horrek erakusten du elkarrizketa eta elkar ezagutza direla kohesiorako giltzarri, gure berezitasunak ahaztu gabe.

Prentsaurrekoan parte hartu dute Ana Urkiza, Eusko Ikaskuntzaren lehendakaria; Yosu Arraiz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategia zuzendaria; eta Ana López, Donostiako udaletxeko kultura zinegotzia. Halaber, Karmele Segura bertan izan da LABORAL Kutxaren izenean. Guztiek nabarmendu dute proiektuak duen balioa gogoetarako espazio bizia izateko: gure buruari galdetzeko nor garen, nola bizi garen elkarrekin eta zer non kokatzen den euskara gure gizartean. Azken batean, bidaia artistiko, parte-hartzaile eta sakonki gizatiarra.

Bira osoan zehar, EzBerdin Berdinak bere formatu berritzaileagatik izan da aitortua: mugimenduan gertatzen den ikuskizun bat, non publikoa zutik dabilen, artisten artean nahastuz eta eszena eta elkarrizketa-gune desberdinen artean mugituz.

Hiri bakoitzak bere tokiko ukitua izan du, bertako artistei bide emanez eta euskal nortasun garaikidearen eta kultur aniztasunaren inguruko emozio, parte-hartze eta elkarrizketa espazioak sortuz.

Biraren ostean: jasotako gogoetekin txosten bat

Eusko Ikaskuntzak iragarri du Donostiako saioak amaitu ondoren ondorioen txosten bat egingo dela. Bertan jasoko dira publikoaren ekarpenak, saioetan bildutako ikaskuntzak eta partekatu diren gogoeta artistiko eta sozialak.

Dokumentu hori egitasmoak jorratzen dituen hiru ardatz nagusiekin uztartuko da: euskal nortasun garaikidea, euskara kohesiorako hizkuntza gisa eta gaur egungo testuinguruko kultura arteko bizikidetza. Txostena 2026aren hasieran aurkeztuko da.

Informazio praktikoa

Saioa: Abenduaren 19 eta 20ean, 19:00etan, Tabakalerako patioan.

Sarrerak:  eusko-ikaskuntza.eus (azken 2 saioak; sarrerak kopuru mugatuan daude).

Erakunde babesleak: Euskal Hirigune Elkargoa; Eusko Jaurlaritza; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak; Nafarroako Gobernua; Gasteizko, Bilboko, Donostiako eta Iruñeko udalak; LABORAL Kutxa eta EITB.

Artista anitzak

Donostiako saioetan ere izango dira artista eta sortzaile ugari, besteak beste: Kukai Dantza, Vazkez, Leire Vargas, Sunita, Mixel Etxekopar, Iñaki Dieguez, La Pulga, Xabier Solano, etab. Horiez gain, Errenteriako Herri Arte Eskolak parte hartuko du esperientzia eszeniko honi lurraldeko izaera eta unibertsaltasuna gehitzeko.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp