Kukai Dantza Taldearekin eta hainbat diziplinatako euskal sortzaileekin batera emango du saio esklusiboa azaroaren 8an Iruñean.
Eusko Ikaskuntzak EzBerdin Berdinak proiektuaren Iruñeko saioa aurkeztu du gaur Iruñeko Kondestablearen Jauregian egin den prentsaurrekoan. Ekitaldian parte hartu dute Iñaki Zabaleta, Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusia; Maider Beloki, Iruñeko Udaleko Kultura zinegotzia; eta Javier Arakama, Nafarroako Gobernuko Euskarabidearen zuzendari-kudeatzailea. Era berean, ekitaldian babesa agertu du LABORAL Kutxako ordezkari Maitane Buenok.
Eusko Ikaskuntzako idazkari nagusiak hitza hartu du hasieran. “Euskarak eta euskal kulturak gizartearen kohesioan izan eta izango duten paperaren inguruan”, hausnartzeko aukera emango duela azaldu du, proposamen artistiko berritzaile batetik abiatuta, belaunaldien arteko elkarrizketa eta lurralde-kohesioa bultzatuz. Era berean, saioaren berezitasuna nabarmendu du: “Publikoak berak esperientziaren parte bihurtuko da, mugimenduan, dantzan, hausnartzen eta hitz egiten (…) espazio seguru eta atsegin batetik, eta elkarren arteko ulermen, entzute eta eraikuntzatik”.
Iruñeko Kultura Zinegotziak Eusko Ikaskuntzari eskertu dio Iruñera halako proiektu inspiratzaile bat eramatea: “Pozgarria da EzBerdin Berdinak bezalako ekimen batek euskal hiriburu guztiak lotzea eta gure lurraldeko kultura-sarea sendotzea, aniztasuna eta elkarrizketa balio partekatu gisa sustatuz. Kulturaren bidez komunitate sendoago eta irekiago bat eraikitzen jarrai dezagun.”, nabarmendu du.
Nafarroako Gobernuko Euskarabideako zuzendari nabarmendu du, “aniztasunarekiko errespetua, bizikidetza, elkar entzun-ulertzea, integrazioa, gizarte- eta lurralde-kohesioa, desberdintasunen aurkako borroka, kulturartekotasuna… bezalako balioak direla EzBerdin Berdinak biltzen dituenak, eta saio honi esker “aukera paregabea eskaintzen da gai horien eta beste batzuen inguruan bakarka eta komunitatean hausnartzeko”.
Hausnarketa eta sormena, dantzan eta hitzetan
Euskal nortasun garaikideari buruzko gogoeta piztu nahi duen proposamen artistiko eta parte-hartzailea da EzBerdin Berdinak dantza garaikidearen, musikaren, antzerkiaren eta bertsolaritzaren bidez, ikusleari gonbita egiten dio “nor garen, zer partekatzen dugun eta nola eraiki nahi dugun gure etorkizun kulturala” galdetzera. Hizkuntza artistikoak lagunduta, gogoetak landuko dira ikuspegi ireki eta inklusibo batetik.
Iruñeko saioa: esperientzia eszeniko berezia
Iruñean izango den saioa formatu berezian aurkeztuko da: ikusleak ez dira eserita egongo, zutik jarraituko dute ikuskizunaren garapena, oholtzako espazio ezberdinetan sortzen diren gune eta elkarrizketa-dinamika desberdinen artean mugituz.
Publikoak berak esperientziaren parte bihurtzen du, mugimenduan, dantzan, hausnartzen eta hitz egiten. Sortzen diren konbinazio eta elkarrizketa singularrek emozioa eta jakin-mina pizten dituzte, eta, aldi berean, galdera berriak irekitzen dituzte identitatearen eta hizkuntzen inguruan.
Aurrekariak, Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan
Proiektua Eusko Ikaskuntzaren 2024ko XIX. Kongresuan sortu zen lehen aldiz, eta ondoren, Bilbotik pasa da biraren lehenengo bi emanaldiak eskainita. Iruñeako 2025eko biraren hirugarren saioa da eta jarraipena izango du jarraian Donibane Garazin (azaroak 28), Gasteizen (abenduak 12) eta Donostian (abenduak 19-20).
Azaroaren 8a: zita paregabea NUPeko frontoian
Azaroaren 8an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko frontoian, ikusleek aukera izango dute esperientzia honetan murgiltzeko: “ez dago bi saio berdinik”, bakoitza elkarrizketa, ahots eta emozio berrien emaitza baita.
Ikuskizunarekin batera hausnarketa kolektiborako saio gidatu bat egingo da, non bertaratutakoak artistekin batera euskararen, identitatearen eta aniztasunaren inguruan eztabaidatzeko aukera izango duen.
Saioa: Azaroaren 8an, 18:00etan, NUPeko frontoian (Iruñea).
Sarrerak: eusko-ikaskuntza.eus (saio bakarra eta esklusiboa da; sarrerak kopuru mugatuan daude).
Erakunde babesleak: Eusko Jaurlaritza; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak; Nafarroako Gobernua; Euskal Hirigune Elkargoa; Gasteizko, Bilboko, Donostiako eta Iruñeko udalak; LABORAL Kutxa eta EITB.
