Berri korporatiboak

2014/01/01

<em>Gerrako umeen bilobak</em>. Erbesteratutakoen oroitzapenak euren ondorengoen ahotik dokumentala.

Espainiako Gerra Zibilaren eraginez, 32.000 euskal haur erbesteratuak izan ziren. Frantzia, Erresuma Batua, Belgika eta Sobietar Batasuna izan ziren, nagusiki, herri hartzaileak. Hiru hilabeteko ateraldia izan behar zuena, urtetako erbeste luzea bilakatu zen kasu askotan. Gerra Zibil batetik ihes egiterakoan, Bigarren Mundu Gerrarekin egin zuten topo eta horrekin batera estualdi eta etsipenak. Batzuk, itzuli ziren, beste batzuk, ordea, ez.

Behin baino gehiagotan ikusi eta entzun ditugu euren testigantzak. Baina gutxi dira euren seme-alaba eta ondorengoen ikuspuntua ezagutzeko aukerak. Ahozko transmisioan, oroimenaren argiak eta itzalak islatzen dira, oinarrizkotzat hartzen diren istorioak azpimarratuz eta besteak baztertuz.

Dokumental honen helburua, gerrako ume gipuzkoarren istorioa ezagutzea da, batez ere, euren seme-alaba, biloba eta bestelako senideei iritsi zaien moduan. Oroitzapenen transmisioa nola egin den jakin nahi dugu; zer goraipatzen duten eta zer isilean gorde. Horretan dihardu Euskomedia Fundazioak azken hilabeteetan, eta 2014an amaitu eta hedatzeko asmoa du.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp