Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradalesek eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak Euskal Herriko kultura eta identitatearen nazioarteko zabalkundean eta euskal diasporaren ikerketan egindako ekarpena goraipatu zuten.
Gernikako Kultur Etxean egin zen, maiatzaren 20an, Eusko Ikaskuntzaren 2025eko Manuel Lekuona Sariaren banaketa ekitaldia. Saria Gloria Totoricagüena Zientzia Politikoetako doktore eta euskal diasporaren ikertzaileari eman zitzaion.
Ekitaldian, sarituarekin batera, honako hauek hartu zuten hitza: Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkiza, eta Gernikako alkate José María Gorroño. Irene Larraza Aizpurua Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusiak sariaren epaimahai instituzionalaren ebazpena irakurri zuen.
Ekitaldia ohorezko aurresku batekin hasi zen, eta ondoren alkateak hartu zuen hitza. José María Gorroñok Gloriaren bitartez eta, bereziki, diasporarekin izandako harreman estuaren bitartez elkarrengandik ikasi eta elkarri laguntzeak duen balioa azpimarratu zuen.
Bere ibilbidea egiaztatzen duen akta irakurri ondoren, bere familia, lagun eta lanbide inguruko pertsona ugarik ikus-entzunezko labur baten bidez sarituari bere gorazarre eta zorionak helarazi zizkioten.
Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak Gloria Totoricagüenaren merezimenduak azpimarratu zituen, eta “euskal kultura eta identitatearen nazioarteko hedatzaile nagusia, iraganean eta gaur egunera arte” dela adierazi zuen. Urkizak 2025eko Manuel Lekuona Saridunaren “konbikzio sendoak” eta “kulturaren diplomaziaren” aldeko apustua nabarmendu zituen. Haren lanak diasporaren balioa ulertzen lagundu du, euskal identitatea osatzen duen elementu gisa, mundu osoko Euskal Etxeetan azaltzen dena; “etxetik urrun” egon arren, “gertuko etxeak” diren espazioetan, alegia. Gainera, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak gogorarazi zuen Totoricagüena irakaslearen ikerketek “ethos euskaldun” baten existentzia erakusten dutela, munduan zehar sakabanatutako euskaldunak definitzen dituzten ezaugarri komun batzuk badaudela, baina “harrera-kultura bakoitzean modu desberdinean agertzen diren konstanteak” direla.
2025eko Manuel Lekuona Saria egiaztatzen duen Remigio Mendibururen eskultura jaso ondoren, Gloria Totoricagüenak “Euskal Herritik barruko zein kanpoko nire proiektuetan urte hauetan guztietan lagundu duten pertsona guztiekin” partekatu nahi izan zuen aitortza. 19 urte besterik ez zituela Boiseko Euskal Etxeko presidenteorde izan zen garaia gogoratuz, ordutik euskal demokraziako lehen Eusko Jaurlaritzarekin izan zuen harremana ekarri zuen gogora; harreman horrek urteetan jarraipena izan zuen hainbat lehendakarirekin eta euskal unibertsitate sistemako errektore eta errektoreordeekin ere. Bereziki aipatu zuen Iñaki Goirizelaia —ekitaldiko aurkezle lanetan aritu zena—, harekin batera EHUn munduko diaspora eta euskal identitateari buruzko lehen ikastaroak martxan jarri baitzituen.
“Kanpoan bizi garenon identitatea oso trinkoa eta konplexua da”, adierazi zuen, eta maiz egiten dioten galdera errepikatu zuen ondoren: “Zu, nongoa zara?”. Horri erantzuten dioenez, “euskal mundukoak gara, hainbat dimentsio dituen espazio eta ‘nazioarteko uhin’ horretakoak”.
“Erakundeetan eragin dezakegula eta eragin behar dugula” sinetsita, euskal komunitateak eta euskal herriaren lagunak hainbat proiekturen inguruan mobilizatzera animatu zuen: Bizkaiko Forua UNESCOren Gizateriaren Ondare izendatzeko sustapena haren 500. urteurrenean, “beren komunitateetan eta sare globaletan lider euskaldun etikoak prestatuko dituzten pentsamendu plataforma erakargarriak” sortzea, edo Picassoren “Gernika” Euskadira ekartzea. Horretarako guztirako, beharrezkoa dela azpimarratu zuen euskal ekintza kolektibo globalaren potentziala baliatzea, “Euskadi Globala”.
Ekitaldia Imanol Pradales lehendakariaren hitzartzearekin amaitu zen: “gure diasporak erakutsi du aparteko gaitasuna duela askotariko errealitateetara egokitzeko, komunitatea eraikitzeko eta bere identitate kolektiboa bizirik mantentzeko hainbat lekutan. Gure historiaren une erabakigarrietan maila berean egon zen, gerra eta diktadura garaian gure herriak eutsi eta nazioarte mailan ahots propioa mantendu zezan lagunduz”. Halaber, lotura ekonomikoak, zientifikoak, prestakuntzakoak eta kulturalak ehuntzeko giltzarria izan dela azpimarratu zuen, “oparoaldietan gure garapena eta oparotasuna ahalbidetu baitute. Testuinguru horretan, Gloriaren lanak diasporaren kontzeptua zabaltzen eta berritzen laguntzen du, esparru eta belaunaldi berrietara proiektatuz”.
Amaiera musikala Gure Arbola Zaharra abesbatzak egin zuen, José María Iparragirreren Gernikako Arbola kantuarekin.


