Eusko Ikaskuntzak bere jarduera-eremuko zortzi unibertsitaterekin lankidetzan bultzatutako Ikerketa Sustatzeko eta Laguntzeko II. Programan hautatutako proiektuek aitortza publikoa jaso dute.
Ikerketa Sustatzeko eta Laguntzeko Programa Eusko Ikaskuntzak sustatutako eta bere jarduera-eremuko zortzi unibertsitaterekin (EHU, MU, Deustu, UNED, UPPA, UPNA eta UNAV, aurten Université Bordeaux-Montaigne) lankidetzan antolatutako ekimena da. Helburua etorkizuneko ikerketa-gaiak bultzatzea, bai eta batez ere, masterreko ikasleek, doktoregaiek eta graduko 4. eta gradu bikoitzeko 5. mailetako ikasleek abian dituzten azterketa-, prospektiba- eta ikerketa-lanak babestea izanik.
Bigarren edizioan askotariko lanak jaso ziren baina hiru izan ziren babesa jaso dutenak. Azken horien aurkezpena otsailaren 26an izan zen Donostiako egoitzan eta bertan, Eusko Ikaskuntzako Lehendakari Ana Urkizak, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta programaren koordinatzaile Cesar Gallastegui Aranzabalek eta hiru irabazleetako bik hartu zuten hitza. Josune Azurmendik eta Jare Rodriguezek beren ikerketen helburuak, metodologia eta aurreikusitako emaitzak azalduko zituzten, baita beren proposamenak bultzatzen dituzten arrazoiak ere. Azkenik, diplomak jaso zituzten.
JOSUNE AZURMENDI TELLERIAk Lehen Hezkuntzako Gradua du eta Euskal Kulturaren Dinamizazioko Masterra egiten ari da Mondragon Unibertsitatean. Bere proiektua, “Aisia euskaldun, hezitzaile eta inklusiboa definitzeko prozesua”, herri hezitzaileak sendotzeko Oinherri Elkarteak egiten duen lanaren barruan kokatzen da. “Aisialdi inklusiboa” kontzeptua lantzen du berariaz. Ebazpenean, Ikerketarako Sustapen eta Laguntza II. Programako epaimahaiak proiektuaren emaitza praktikoak nabarmendu zituen, besteak beste, eta emaitza horiek hainbat udalerritan aplikatu ahal izango dira.
IDOIA ERASO GUISASOLA, kazetaria, Euskal Ikasketetan lizentziatua (Paueko eta Aturri aldeko Herrialdeetako Unibertsitatea). Bere proiektua, “Baionako Biltzarraren parte-hartzea eta eragina euskararen batasun-prozesuan, eta herri mugimenduaren garrantzia euskararen estandarizazioan” , Bordeaux-Montaigne Unibertsitateko Euskal Ikasketen Ikerketa Masterrean kokatzen da. Bertan, 1964ko abuztuaren 29 eta 30ean Baionan egindako Kongresuaren inguruko informazioa aztertu eta interpretatzen du. Euskararen bateratze prozesuan eta garaiko gizartearen eta herri mugimenduen ezagutzarako garrantzitsua izan arren, nahikoa aztertu ez den gertakaria.
JARE RODRIGUEZ ZABALAk Humanitate Digitalen Gradua du Mondragon Unibertsitatean, eta bertan Euskal Kulturaren Dinamizazioko Masterra egiten ari da gaur egun. “Mitoaroaren inguruko diskurtso mediatizatuen eraikuntza eta hauen analisia” proiektuaren bidez, diskurtso mediatikoek euskal kulturaren dinamizazio-estrategien diseinuan duten eragina eta oihartzuna ikertzen ari da, bai herri-eremuan, bai erakunde-politiketan. Aztergai gisa, musika elektronikoaren, euskararen eta euskal mitoen inguruan egituratutako Zetak taldearen Mitoaroa ikuskizunen harrera du ardatz.

