Berri korporatiboak

2007/10/25

Imanol Olaizola

Gure agurrik beroena etorri zareten guztioi.

Eusko Ikaskuntzaren oroimenean oihartzun historikoa gordetzen duen Foru Jauregian bildu gara. Hemen eratu zen 1918ko azaroaren 22an, eta bertan onartu zuen Gipuzkoako Batzak 1976ko martxoaren 29an erakundea indarberritzea, 40 urtez isilarazia izan ondoren. Gaurkoan bezala orduan ere adeitasunez hartu gintuen, eta ahaide dituen gainontzeko hiru Diputazioetan antzeko akordioak adostu ostean, etxe honetan bildu zen honako Elkarte zientifiko honen indarberritzeari ekin zion behin behineko Batzordea. Gerra-aurreko bi helburu nagusiak lortu ondoren, Unibertsitate publikoa eta Autonomia Estatutua, batzuek bukatutzat jo zuten bere egitekoa.

Hala ere, Batzordeak bereari eutsi zion, eta 1991ra arte iraun zuen lehen etapan, Jose Migel Barandiaran lehendakari zuela, Eusko Ikaskuntzak egiturak berritu zituen eta bere tokia hartu zuen Euskal Herriko zientziaren eta kulturaren testuinguruan.

Bigarren etapan, Gregorio Monreal eta Juan Jose Goiriena lehendakaritzan zituela, erakundeak bide berriak jorratu zituen. Atal zientifikoak sendotu, fundazioak sortu eta programa-ikurrak garatzeaz gain, Eusko Ikaskuntza garai berrietara eta gizarte-aldaketetara egokitzen saiatu zen, eta ildo horretan beste erakunde batzuekiko harremanak sustatu eta zeharkako hitzarmenak sinatu zituen. 80. urteurrena une aproposa izan zen bere egitura funtzionala burutu duten bi aholku-organoak eratzeko.

1996an Gizarte Bikaintasunaren Kontseilua eratu zen, eta hiru urte beranduago JAKIUNDE (Eusko Ikaskuntzako Zientzia, Arte eta Letren Akademia). Lehenak gizarte zibilarekiko transmisio-lokarria izan nahi du, eta bigarrenak, berriz, ezagutzaren maila gorenean informazioa bermatuko duen goi mailako organo kolegiatua.

EUSKO IKASKUNTZAk eta EUSKALTZAINDIAk sorburu bera dute: 1918ko irailean Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzen Kongresua. Erakunde bakoitzak bere helburuak izanik, 1919ko irailaren 21ean eratu zen Euskaltzaindia, "alde zientifikoan Eusko Ikaskuntzaren organismo autonomo" gisa. Bakoitzak bere jarduera-eremuak zehaztu zituen eta elkarlanerako prest azaldu ziren euskal kulturari buruzko ikerkuntzan eta sustapenean.

Javier Retegik, Eusko Ikaskuntzaren lehendakaritza onartu zuenean, Jose Luis de la Cuesta lagun zuela bi aholku-organoen funtzionamendua bultzatzeko lan konplexu eta mardulari ekin zion. Hamarkada bat behar izan du lan horrek burutzeko, bereziki JAKIUNDEri zegokionak; harremanak, kontsultak, proposamenak eta emendakinak, Araudia idatzi eta onartzeko beharrezkoa den adostasun-maila lortzeko. Araudiak honako helburu hauek jasotzen ditu: "Zientzia, Arte eta Letren garapena xede duten Eusko Ikaskuntzaren jarduera zientifikoak eta artistikoak sustatzea" / "komunitate zientifiko eta artistikoaren eta orokorrean gizartearen erronka berri eta handien gainean gogoeta egiteko foro izatea...", eta bere betebeharren artean daude : "ikerketa-lan, txosten eta diktamen garrantzitsu eta esanguratsuak ikertzea eta lantzea. Kultur proiektuetan laguntzea eta komunitate zientifikoaren barruan eta estatuko zein nazioarteko foro akademikoetan izaten diren eztabaidetan parte hartzea".

Bukatzeko, JAKIUNDEko kide guztioi zorionak opa dizkizuet eta gure erakunde berriari bete ditzala berarengan jarri ditugun itxaropen guztiak. Eskerri asko.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp