Batzar Nagusiak Lehendakariaren eta Kontseilu Errektoreko bost ordezkarien hautagaitzak berretsi eta Estatutuetako erreforma onartu zuen.
Duela lau urte Lehendakari aukeratutako Iñaki Dorronsoro berriro hautagai aurkeztu zen Eusko Ikaskuntzaren urteroko Batzar Nagusian, pasa den larunbatean, ekainaren 18an. Era berean, Kontseilu Errektorerako bost lurraldeetako ordezkariak ere bozkatu ziren. Hauek aurkeztu ziren: Iñaki Beristain (Araba), Rosa Miren Pagola (Bizkaia), José Mari Arrazola (Gipuzkoa), Jean-Michel Larrasquet (Ipar Euskal Herria) eta Asier Barandiaran (Nafarroa).
Asanblean 2015 urteko jardueren errepasoa egin zen eta aurreko urteko kontuak zehaztu ziren. Aurrez paperean banatutako urteko memoria zein balantze ekonomikoa onartu ziren.
Iñaki Dorronsoro Lehendakariak azken urtearen errepasoa egin eta 2016-2020 urteetako jarduera programa zehaztu zuen. Zazpi puntutan laburtu zuen:
- Ekimen nagusiak gauzatu “Ekinez” (Nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea, Euskal identidadeak eta kultura XXI. mendean: egungo egoera eta ondorioak, E³ (Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak), Euskal Herriko lurralde(ar)en liburu zuria eta Garapen sozio-ekonomikoa: Euskal gizarte eta enpresa ereduak), baita ere Auñamendi Eusko Entziklopedia eta Asmoz Fundazioaren etorkizuna argitu.
- Euskal Herriko eta nazioarteko zientzia eta kultur lankidetza sareak indartzea.
- Ezagutza partekatuz zabalkundea sendotzea: udalak, Urteko Galdera, Solasaldiak, “Ekinez”en inguruko jarduerak, argitalpen propioak sustatzea eta beste aldizkari eta argitalpenetan parte hartzea, Sarearen bidez prozesuak eta ikerketa eta gogoeten emaitzak zabaltzea…
- Bazkide oinarria sendotu eta laguntzaile kopurua zabaltzea: kolaboratzaile biltegia sortzea, Eusko Ikaskuntzako kideen lan “boluntarioa” egituratzea eta bazkide berriak lortzea, hauen asebetetzeari begiratzea, Asmoz ta Jakitez boletina berritzea…
- Antolaketa eta pertsonen garapena: Ikerlarien kontratazioa, lanaren kalitatea bermatzea, kudeaketaren berri ematea, prozesuak eta lanpostuak definitzea, lan taldeen garapenerako egitasmoa diseinatu, egoitza zentrala bideratu, fondo dokumental eta bibliografikoak…
- Euskarri ekonomikoa sendotzea 2020 urterako bi milioi euroko aurrekontua lortuz, proiektu bidezko sarrerak nagusi (%45) diren profil ekonomiko berria, ekarpen orokor (%30) eta bestelakoen gainetik.
- Eusko Ikaskuntzaren komunikazio kokapena sendotzea: web orri berria diseinatzea, marka korporatibo berria eta irudiaren berrantolaketa dispertsioa saihesteko, komunikazio politika baten diseinua, XVIII. Kongresua…
- Ideietatik ekintzara: abian diren proiektuen garapena.
- Zabalkunde interaktiboa.
- Pertsonen gaitzea eta garapena.
- Erakunde arteko Jarraipen Komisioa ezartzeko lan egitea.
- Unibertsitateekiko posizionamendu eredu eta harreman.
- Bestelakoak
