Isildutako istorioentzako espazio libre baten sorrera

Berri korporatiboak

2025/01/17

Isildutako istorioentzako espazio libre baten sorrera

Asmoz Fundazioa eta Recreakult kultura eta arte arloko zentsurari eta autozentsurari buruzko testigantzak biltzen ari dira.

Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak eta Recreakultek, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubidetako dirulaguntzari esker, herritarrak, eta bereziki komunitate kultural eta artistikoa, adierazpen askatasunari buruz hausnartzera gonbidatzen ditu. Ekimen honen bitartez, oinarrizko eskubide hori ulertu eta defendatu nahi da, eta, horretarako, zentsurak eta autozentsurak, artean eta kulturan eragiten dituzten arazoei heldu nahi zaie, ikerketaren bidez, hezkuntza-sentsibilizazioaren bidez, eta elkarrizketarako eta hausnarketarako guneak sortuz.

Gaur egungoa baino zentsura handiagoko garaiak izan direla ulertzen badugu ere, sare sozialen goraldia ematen ari den testuinguru honetan, uste dugu litekeena dela sormen-prozesuetan autozentsura kasu gehiago egotea.


Zentsurarik gabeko esperientziei ahotsa emateko espazio bat eraikiz

Egitasmo honen bitartez beren proiektuetan zentsura- edo autozentsura-egoerei aurre egin dieten artisten esperientzia pertsonalak hurbiletik ezagutu nahi dira. Artearen eta kulturaren esparruan adierazpen-askatasunaren ulermena eta defentsa sustatuz.

Helburua, hausnarketarako gune bat sortzea da, non askatasun artistikoa eta kulturala mehatxatuak izan diren egoerei ahotsa emango zaien. Horretarako, artearekin edo kulturarekin lotura duten hainbat profiletako testigantzak bildu nahi ditugu, beren proiektuetan nolabaiteko zentsura edo autozentsura jasan dutela sentitzen dutenak (testigantza horiek anonimoak izan daitezke). Ondoren, hausnarketarako gune gisa eratuko den webgune bat sortuko da. Bertan, jasotako testigantzak eta arte- eta sormen-askatasuna zentsuratu edo autozentsuratu diren kasu ezagunak islatuko dira. Azkenik, proiektuari amaiera emateko, ekitaldi bat egingo da parte-hartzaileen artean gogoeta eragiteko eta elkarrizketa sortzeko.


Zure esperientzia ezagutu nahi dugu

Artearen edo kulturaren munduarekin harremana baduzu edo izan baduzu, eta parte-hartu nahi baduzu, edo ekimen honi buruzko informazio gehiago jaso nahi baduzu, Asmoz Fundazioarekin harremanetan jartzera gonbidatzen zaitugu, asmoz@asmoz.org helbidera idatziz edo kontaktatu hurrengo telefono zenbakiarekin: 943 21 23 69. Zure testigantzarekin, eskubide kulturalen eta sormen askatasunaren inguruko elkarrizketa aberasten lagunduko duzu.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp