59. zenbaki honetan itsasoa ardatz nagusia den arren, ekarpen libreak eta hildako bi etnografo handiren In Memoriamak ere jasotzen dira.
Pio Perez Aldasororen zuzendaritzapean kaleratu da 59. zenbakia eta itsasoari begira ipini da aldizkari historikoa. Testuinguruan kokatzen du Perezek hautu hau: "Lurralde txiki eta mugatuan kokatuta ere, euskaldunek itsaso zabala aukeratu zuten beren lurralde ekonomiko, kultural eta sinbolikotzat. Beraz, itsasoaren presentzia gure historian ez da zirkunstantzia geografiko bat bakarrik; hautapen kultural eta bizimoduaren ardatz nagusia izan da mendeetan zehar”.
Gaur egun, ordea, harreman historiko hori eraldaketa sakon baten aurrean aurkitzen dela zalantzarik ez: "Arrantza industrializatua, kuota-sistemak, itsas baliabideen agortze-arriskua, klimaren aldaketak itsasoetan duen eragina... faktore hauek guztiek galdera berriak azalarazten dituzte: XXI. mendean, nola mantendu euskaldunen eta itsasoaren arteko lotura historiko hori? Zein da egungo gizartean itsas kulturak bete behar duen eginkizun soziala? Eta, etorkizuneko gizarteari begira, nola bermatu itsas jardueren iraunkortasuna eta itsas komunitateen biziraupena? Jakingura sakon bat adierazten duten galdera hauen inguruan egituratu nahi izan dugu eskuetan duzuen Eusko Folklore Urtekariaren 59. ale honen edukia. Bertan jasotzen diren artikuluen bitartez, erantzun desberdinak eta ikuspegi askotarikotik planteatutakoak eskaintzen direlakoan gaude".
Horrez gainera, bestelako ekarpen libreak ere jasotzen dira 59 zenbaki honetan: Barandiaran bera gai dutenak, eliz errituak zein 2025ean hil ziren Teresa del Valle eta Fermin Leizaola antropologo eta etnografoari eskainitakoak. Guztiak sarean ipini ditu irakurgai, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak.
