Urriaren 15ean egin zuen Jose Miguel de Barandiaran Fundazioko Patronatuak 2015eko bigarren bilera. Ataunen elkartu zen, hain zuzen, Barandiaran beraren etxean, Sara Etxean.

Erakunde patronatuko kideen ordezkapen zabala izan zuen bilerak. Gai ugari landu zituzten: 2015eko jardueren berri eman zen; 2016ko behin-behineko aurrekontua onartu zuten; gai administratiboak landu ziren... Hitzorduan hainbat izendapenen berri eman zen. Esaterako, 2015eko hauteskundeen ondorioz, Patronatua osatzen duten 10 kideetatik 5 berritu dira, eta euren izendapena onartu zuten baita ere: Ana Herrera (Nafarroako Kultura Kontseilaria), Igone Martinez de Luna (Arabako Kulturako Foru Diputatua); Lorea Bilbao (Bizkaiko Kulturako Foru Diputatua), María José Telleria (Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria), Asier Rodriguez (Ataungo alkatea). Bestetik, Patronatuko idazkariaren kargu uztea eta berriaren izendapena ere eman zen urriaren 15ean; hori horrela, aurrerantzean Arantza Cuestak ordezkatuko du Susana Irigaray egiteko horretan. Azkenik, 1921. urtean Jose Migel Barandiaranek berak sortu zuen Eusko Folklorearen Urtekaria (EFU) ere izan zuten gai-zerrendan patronatuko kideek. Hala, argitalpenaren etorkizunaren inguruan jardun zuten, eta Abel Ariznabarreta izendatu zuen Patronatuak EFUaren zuzendari berri. Sara Etxeraino gerturatu zen Ariznabarreta, argitalpen aitzindariari eman nahiko liokeen noranzkoaren berri emateko.
